Donostia Zinemaldia
EITBk bete-betean parte hartuko du Zinemaldian, ikus-entzunezko sektorearekiko duen konpromisoa berretsiz
EITB Media
EITBk antolatuko ditu Euskal Zinemaren Gala Handia (irailak 22) eta industriako profesionalekin topaketa (irailak 21). Horrez gain, "Odol Ilargia" fikzioa estreinatuko du EITB Galan (irailak 23) eta "Go!azen" telesailaren 13. denboraldia Belodromoan (irailak 25).
EITB Euskal Zinemarekin
EITBren eta Donostia Zinemaldiaren arteko harremana sendotuz doa urtez urte, kultur hitzordu garrantzitsu honekin eta ikus-entzunezko sektorearekin duen konpromiso irmoaren erakusle. Euskadin gertatzen eta antolatzen diren ekitaldi garrantzitsu guztien eragile eta laguntzaile izanik, Donostiako zinema jaialdiaren erakusleiho izango da EITB bere hedabide eta euskarrien bitartez.
Zinemaldiko 74. edizioak euskal ekoizpena duten 30 film hartuko ditu eta horietako 20 lanek izan dute EITBren partaidetza. Horien artean daude, besteak beste, Sail Ofizialeko Azken agurra eta Sacamantecas; Culinary Zinemako Ondarea. Euskal sukaldaritza berriak 50 urte; Zabaltegiko Hamalau gau; Zinemirako Itzalak argitzen; Klasikoak ataleko Ander eta Yul; Belodromoan proiektatuko diren Muguruza FM 40 tour eta "Go!azen 13", eta EITB Galan aurkeztuko den "Odol Ilargia" fikzioa.
Irailaren 23an Principe antzokian egingo den EITB Galan estreinatuko da, hain zuzen ere, David R. Losadak zuzendutako thrillerra. Jon Muñoz eta Aritz Kortabarria aktoreek antzezten duen bi lagunen arteko istorio lazgarria kontatzen du. Halaber, Sacamantecas (David Pérez Sañudo) filma aurkezteko RTVEk eta EITBk hilaren 21ean Victoria Eugenia antzokian emanaldia egingo dute.
Hirugarren hitzordu garrantzitsua irailaren 22ko Euskal Zinemaren Gala Handia izango da, Victoria Eugenian. Euskal zinemako eragile guztiak bilduko dituen ekitaldia Miren Gaztañagak eta Ane Gabarainek aurkeztuko dute eta zuzenean eskainiko da ETBn eta ETB ONen.
Azkenik, EITBk antolatuko du zinema industriaren ordezkariekin egingo den urteroko lan gosaria (hilak 21, Londres hotela) eta Nordic Connection izeneko topaketa (hilak 23, Kursaal), herrialde nordikoen eta Euskal Herriaren arteko zubiak eraikitzeko jarduera profesionala.
Irailaren 18tik 26ra bitartean, EITBko hedabide eta euskarri guztiek bere onena emango dute, Zinemaldiaren jarraipen informatibo osoa egiteko. Gainera, hainbat emanaldi berezi izango ditugu: Victoria Eugenia antzokiko terrazatik egingo dituzte "Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegiak irailaren 24an, eguerdian eta gauean, baita "Egun On" saioaren zati bat ere, 18an eta 22an. Halaber, ETB2k "La Noche de…Zinemaldi" bereziak eskainiko ditu, Sara Gandarak Donostiatik egingo dituen 15 minutuko kronikak.
Bestalde, Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik gune berezia izango dute Kursaalen. Bertatik egingo dituzte hilaren 18ko "Faktoria" magazina, "Kultur Leihoa" egunero, hilaren 22ko "Distrito Euskadi" eta "Kultura.eus" bi egunetan. Euskadi Irratiak kronika egingo du arratsaldero 16:00-16:30 bitartean eta Radio Euskadin Zinemaldiaren historia bilduko duen tarte laburrak eskainiko dituzte.
Euskal Zinemaren Gala ez ezik, irekiera eta itxiera galak zuzenean eskainiko dira ETB1en eta ETB ONen, eta Naomi Watts aktoreari Donostia Saria ematea ETB ONen.
EITBren eskaintza zabala osatzera dator PRIMERANek prestatutako gune berezia. Bertan topatuko ditugu Zinemaldian sarituak izan diren filmak, Zinemira sailetik pasatakoak, EITBren streaming plataformako ikusienak, zinemari buruzko dokumentalak eta zinefiloentzako ezinbestekoak diren obrak.
GUAU plataformak, bere aldetik, "Arrastoan" proiektua prestatu du, lekuak eta gertakariak audioaren bidez beste modu batera ezagutzeko proposamen berria. Irailaren 21ean estreinatuko da, Donostia Zinemaldiko leku esanguratsuenetan barrena egingo den ibilaldi kolektiboarekin.