Irailak 23
"Odol Ilargia" telesailaren aurrestreinaldia, Donostia Zinemaldiko EITB Galan
EITB
Fantasia kutsua duen thriller hau hilaren 25ean iritsiko da EITBren PRIMERAN plataformara. Hainbat gertaeraren ondorioz, bi lagunen arteko harremana eten eta bizitzen norabidea aldatu egin da, krimen lazgarri eta suizidio saiakera bat ere tarteko.
'Odol Ilargia' fikzio berriaren aurkezpena, Donostian
"Odol Ilargia" telesaila, Baleukok ekoitzia EITBren partaidetzarekin, gaur estreinatuko da Donostian, Zinemaldiaren 74. edizioa honetako EITB Galan. Principe zinema aretoan da hitzorduan, 17:00etan.
Bost ataleko telesailak thrillerra eta fantasia uztartzen ditu eta Belen Martinez idazlearen Cuando reescribamos la historia eleberrian oinarritu da. David R. Losadak zuzendu du, eta antzezle zerrendan aurpegi berriak eta jadanik aski ezagunak uztartu dituzte. Hala, protagonista nagusiak Jon Muñoz eta Aritz Kortabarria dira, Julenen eta Ibairen paperak antzezten; eta gainerako aktoreak Sambou Diaby, Nekane Otxoa, Itziar de Castro, Mikele Arizkorreta, Asier Valdestilla, Lier Alava, Aitor Borobia, Nerea Sanz, Iraia Elias, Iñigo Aranburu, Miriam Cabeza, Mikel Tello, Bárbara Rivas eta Miriam del Prado, besteak beste.
Hamar urtez bi protagonistek duten harremana kontatzen du lanak, eta nola iraganeko zenbait gertaerak haien adiskidetasuna hondatu eta bizitzak krimen lazgarri eta suizidio batera zuzenduko dituzten. Odol ilargia beti presente egongo da, eta hura izango da fantasia kutsua emango diona.
Zinemaldiko estreinaldiaren ondoren, PRIMERAN plataforman egongo da ikusgai, hilaren 25etik aurrera. Egun horretan estreinatuko dira lehen bi atalak; urriaren 1ean hirugarrena eta laugarrena, eta urriaren 8an, berriz, azkena.
Zuzentzeaz gain, David R. Losadak bost atalak idatzi ditu Mikel Alvarez Sarriegirekin batera. Bigarren aldia izango da Losadak lan bat estreinatzen duena Zinemaldian, 2018an Lady off filmarekin Zinemira sailean lehiatu baitzen. "'Odol Ilargia' gidoitik pantailara eramatea oso prozesu polita eta ezohikoa izan da. Lehenengo egunetik guztiok berdin ikusi ditugu proiektua bera eta Julen eta Ibairen istorioa, eta esango nuke hori emaitzan nabari daitekeela", esan du zuzendariak.
Bere aldetik, Mikel Alvarez Sarriegi horrela mintzo da telesailaren sormen prozesuaz: "Ikus-entzunezko mundu indibidualista honetan ez da ohikoa norberaren izenak betetzen duen lekuaz harago, benetako talde-lanean proiektu bat aurrera ateratzea. Norberak duen hoberena emanez, ondokoarekin eskuzabal jokatuz".
Idurre Cajaraville ekoizle eragilearen hitzetan, "Belen Martinez idazlearen 'Cuando reescribamos la historia' liburuarekin hasi zen guztia. Liburua gure eskuetara heldu zen eta, Baleukon irakurri genuenean, argi ikusi genuen serie bat egiteko oinarri ezin hobea hortxe geneukala. David R. Losada zuzendaria zen, argi eta garbi, erronka honi aurre egiteko zuzendari aproposena".
Jon Muñoz aktore gaztearen arabera, "nerabe nintzenean ikustea gustatuko zitzaidakeen telesail bat da, horrelako erreferente bat edukitzea, ezen oso gai gordinak modu sentikorrean lantzen ditu. Adibidez, sexu eszenak oso modu benetakoan kontatu dira, baita baldarkeria puntu batekin ere, ez dira idealizatu, gaztetan ikusi nahi izango nukeen zerbait da".
Aritz Kortabarriarentzat "filmaketa sekulakoa izan zen, baina baita erronka handia ere". "Jendeari asko gustatuko zaio. Gazteen arteko liskarrak filtrorik gabe eta zintzoki erakusten ditu, ispilu bat da, ikusleak identifikatuta, ulertuak eta lagunduak sentituko dira", gaineratu du.
"Odol Ilargia", mugarri berria euskal fikzio seriatu independentearen aldeko apustuan
"Odol Ilargia"ren estreinaldia beste mugarri bat da EITBk euskal fikzio seriatu independentearen alde egin duen apustuan. EITBk bultzatutako deialditik sortutako hirugarren ekoizpena da, aurretik estreinatutako "Desagertuta" eta "Zeru Ahoak" oihartzun handiko lanen ostean. Hain zuzen, azken hori izan da Zinemaldiko Sail Ofizialerako hautatutako euskarazko lehen telesaila, joan den urteko edizioan.
Vanesa Fernández Guerra EITBko Kultura eta Euskara zuzendariaren hitzetan, "fikzio seriatu independentearen eta euskarazkoaren aldeko apustua estrategikoa da EITBrentzat. Zinemaldia, gainera, ahots sortzaile berriak ezagutarazteko eta ikusarazteko erakusleihorik onena da, hala nola David R. Losadarena, baita telesailean parte hartzen duen taldearen zati handi baten talentua ere. EITBren Gala aukera paregabea da gure ekoizpenak, hizkuntza eta kultura Zinemaldian biltzen diren sektoreko profesionalen aurrean zabaltzeko".