Itxi

Abadia Saria

"Go!azen" telesailak jasoko du aurten Gipuzkoako Foru Aldundiaren Abadia Saria

EITB

Leer en Castellano

Gazteen artean euskararen erabilera modu erakargarri, natural eta iraunkorrean sustatzeagatik nabarmendu dute.

"Go!azen"

Pausokak EITBrako ekoitzitako "Go!azen" telesail musikalak jasoko du aurten Gipuzkoa Foru Aldundiak ematen duen Abadia Saria, gazteen artean euskararen erabilera sustatzeagatik ikus-entzunezkoen bitartez, "modu erakargarri, natural eta iraunkorrean". Donostiako Zinemaldian telesailak 13. denboraldia aurkeztu duen egun berean eman du jakitera albistea, ohar baten bidez, Aldundiak.

Urte hauetan guztietan, haur, gazte eta, oro har, familia asko eta askorentzat erreferentziazko programa bilakatu dela eta belaunaldi ezberdinak elkartzeko gaitasuna erakutsi duela azpimarratu dute. Gainera, euskal hizkuntzarekiko eta kulturarekiko, nahiz balio hezitzaileekiko atxikimenduan eta transmisioan egindako ekarpen nabarmena goraipatu dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren oharrak dio, halaber, gazteen errealitatera egokituz, "Go!azen"ek asmatu duela euskal kulturaren sustapenean eta balio hezitzaileen bultzadan eragiten. Aurreiritzien aurkako mezua, adiskidetasuna, errespetua, berdintasuna, inklusioa eta elkarlana bezalako balioak sustatzen ditu, gizarte ikuspegitik berebiziko garrantzia duten gaiak adin tarte horretara hurbilduz. Gainera, euskal kulturaren presentzia indartu du, dantzaren eta kantuaren bitartez, modu kreatiboan euskal musikaren abesti zaharrak eta berriak publiko gaztearengana hurbilduz.