Urriak 11
12 orduko musika festa egingo du Gazteak Tabakalerarekin elkarlanean, Musikaren Egunaren bigarren edizioan
EITB
Musika ospatu eta gure artistei babesa eta ikusgarritasuna ematea izango da helburua, Euskal Herriko eszenaren aniztasunari erreparatuta. Sarrera doakoa izango da, baina aldez aurretik gonbidapenak eskuratu beharko dira.
Musikaren Egunaren aurkezpena
Bigarren urtez jarraian, Musikaren Eguna ospatuko du Gazteak, Tabakalerarekin elkarlanean eta euskal musikariekin batera. Urriaren 11n izango da, 11:30etik aurrera, eta 20 euskal talde eta bakarlaritik gora entzun eta ikusteko aukera izango da egunean zehar Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan, 12 orduko musika festa erraldoian.
Iazko edizioaren arrakastaren ostean, aurten ere Gazteak Euskal Herriko musika eszenako artistak babestu eta azken urtean sortu dutena erakusteko aukera emango die Tabakalerarekin elkarlanean. Kartel eklektikoa osatuta, popa, erritmo urbanoak, elektronika, rocka eta proposamen alternatiboez gozatzeko aukera izango da. Egunerokoan entzuten diren musikariez gain, euskal panorama osatzen duten proposamen anitzez baliatu da Gaztea aurtengo musikarien zerrenda osatzeko, Euskal Herriko musikarekiko eta artistekiko duen konpromisoari eutsita. Hala, ibilbide luzeko artistek lehen urratsak ematen ari diren horiekin partekatuko dute oholtza.
Besteak beste, Zeatikez, Belako, Tatta, Lukiek, Ane Lukin, Esanezin, Aimarz, XSakara, Kattalin eta Nenufarrak, BARRRK, Garazi Esnaola eta Herenegun ikusteko aukera izango da; eta, horiez gain, Niña Coyote eta Chico Tornado, Libe Kortazar & Jon Basaguren, Apotheke 90, GAR, Mugan, Burutik, Silitia, Nhil, Mr.luken, RTZ eta Indigo taldeen zuzenekoak ere izango dira.
Musikaren Eguna 2026
Kontzertuak Tabakalerako aretoetan banatuko dira, eta guztiek ordu erdiko iraupena izango dute. Emanaldiak doakoak izango diren arren, nahitaezkoa izango da aurrez gonbidapenak eskuratzea. Ohi bezala, zuzenekoak blokeka antolatuko dira, baita sarrerak ere. Hau da, ekitaldira etorri nahi dutenek gustuko blokeetarako tiketak erreserbatu beharko dituzte. Laster emango da jakitera blokeen eta gonbidapenen inguruko informazioa.
Zuzeneko jarraipena Gaztean
Tabakalerako ateak ireki bezain laster, Gazteako lantaldea bertan izango da, egunean zehar gertatzen den guztiaren jarraipen berezia egiteko. Ainhoa Vitoria eta Liher Larrañagak "Bitan" saio berezia egingo dute bertatik. Gazteako esatariek Musikaren Egunean zehar ikusiko duguna errepasatu eta ekitaldiko artistak elkarrizketatuko dituzte.
Gainera, kontzertuetara gerturatzerik ez dutenek zuzeneko guztiak streaming bidez jarraitzeko aukera izango dute, Gaztearen webgunean eta YouTubeko kanalean. Bestalde, Gaztearen eta Tabakaleraren sare sozialetan Musikaren Eguneko eduki esklusiboa izango da ikusgai.
Gazteak Tabakalerarekin elkarlanean antolatu du Musikaren Eguna 2026, 'Donostiarra 2040. Topera', Kutxabank, Ihobe eta Gazteaukera erakundeen babesarekin eta Kutxa Fundazioaren laguntzarekin.
Musikaren Eguna