Saria
EITBren "Potentzien lehia handia" dokumentalak aipamen berezia jaso du Venice TV Awards sarietan
EITB Media
Mikel Reparazen gidaritzapean ETBko albistegietako lantaldeak eginiko lana 'New coberage' kategorian nabarmendu dute.
"Potentzien lehia handia" dokumentalaren aurkezpena Sala BBK aretoan
EITBk aitortza jaso du beste behin nazioarteko telebista-programen berrikuntza eta bikaintasuna azpimarratzen duten Veneziako Telebista Sarietan. Mikel Reparaz EITBren Nazioarteko arduradunak zuzendutako Potentzien lehia handia dokumentalak jaso du aitortza, hain zuzen ere. Ikerketa lan honek munduko egoera geopolitikoa aztertzen du, Estatu Batuen eta Txinaren arteko lehia. Tokian tokiko erreportajeak, elkarrizketa esklusiboak eta azterketa sakona uztartzen ditu ekoizpenak. Gaiaren inguruko ikuspegi zabala eskaintzen dio ikusleari: hots, informazioa ez ezik, gogoetarako bidea ere bai. Egungo gizartean, besteengan eragiteko eta erabakiak hartzeko dauden dinamikak erakusten ditu.
Venice TV Awards sarietako New coberage kategoriak gaurkotasunarekin lotutako kazetaritza-lanak jartzen ditu balioan, hala nola ikerketa-erreportajeak, albiste-saioak, eztabaidak edo elkarrizketak.