Itxi

Fikzioa

"Desagertuta" telesailak bigarren denboraldiaren filmaketa abiatu du

EITB

Leer en Castellano

Sei ataleko fikzioa Gipuzkoako hainbat tokitan grabatuko da. Itziar Manerok eta Iker Rocak parte hartuko dute denboraldi berri honetan, Ane Gabarain eta José Ramón Soroiz Goya saridunekin batera.

Grabazioaren irudia. Argazkia: Unai Mateo

Pausoka Entertainment ("Go!azen", "Irabazi Arte") eta Zebra Poducciones ("Memento Mori", "El Cid") ekoiztetxeak "Desagertuta" telesailaren bigarren denboraldia filmatzen hasi dira. Telesailaren lehen denboraldiaren arrakastaren emaitza da bigarren hau. Izan ere, EITBren PRIMERAN plataforman eduki ikusiena izan zen atalak estreinatu ziren bederatzi asteetan; eta Netflix-Espainian, berriz, top 10ean kokatzea lortu zuen bederatzi astez jarraian.

Bigarren denboraldi hau Jon (Jon Lukas) desagertu eta hiru urtera hasiko da, hiru gakorekin: garai bateko koadrila berriz elkartuko da, tentsioz betetako egoeran; Iñakik benetan zer gertatu zen jakiteko presioa egingo du; eta Niko izango dugu tartean, Amaiaren inguruan dabilen gazte arraro xamarra.

Bigarren denboraldi honetan ikusiko ditugu Itziar Manero (Irati) eta Iker Roca (Niko) aktore gazteak. Gainera, Ane Gabarain (Leire) eta Jose Ramon Soroiz (Antxon) Goya Sariaren irabazleek ere parte hartuko dute telesailean.

Argazkia: Unai Mateo

Gorka Otxoa Iñakiren paperean arituko da berriro; eta, harekin batera, Itziar Atienza (Maite), Jon Olivares (Otxoa), Ainhoa Azpitarte (Amaia), Ane Rot (Ane), Ainhoa Larrañaga (María), Asier Rikarte (Iker), Unai Arana (Mikel) eta Julen Taboada (Javi) antzezleak.

Argazkia: Unai Mateo

Bigarren denboraldi hau, lehenengoa bezala, PRIMERANen eta Netflixen estreinatuko da. Sei atal izango ditu eta gaztelaniaz eta euskaraz aldi berean filmatzeko formula aitzindariari eutsiko dio, bi hizkuntzetan benetako esperientzia eskaintzeko eta euskal ikus-entzunezkoen hizkuntza eta kultura aniztasunarekiko konpromisoa bultzatzeko.

Xabi Zabaleta telesailaren sortzailearen hitzetan "lehen denboraldian bi hizkuntzatan filmatzea erronka zaila izan zen, baina ikusleek bi bertsioekin gozatzen zutela ikustea benetan polita izan da talde osoarentzat". "Asko gustatzen zaigu, beti bezala, EITBrekin lankidetzan jarraitzea; eta Netflix-ekin harreman berri horri eustea, lehen egunetik etxean bezala sentiarazi baikaituzte", adierazi du.

"Bigarren denboraldia beti da albiste ona, gure lanak publikoarekin konektatzea lortu duelako eta EITBk eta Netflixek espero zuten inpaktua eragin duelako. Zebra Producciones-en pozik gaude "Desagertuta" fikzioaren kuadrillarekin berriz hemen egotearekin, ustekabeko birekin, pertsonaia berriekin eta konpontzeko are zailagoa den misterioz betetako istorio berri batekin", adierazi du Juliana Barrera produktore exekutiboak.

Xabi Zabaletak eta Marta Grau Rafelek sortu dute telesaila, baita gidoia garatu ere. Jabi Elortegi ("Go!azen", "Ihesaldia") eta Liliana Bocanegra ("La Reina del Flow", "La Moderna") dira zuzendariak, eta ekoizpen exekutiboa Xabi Zabaleta, Juliana Barrera, Itziar Zeberio eta Sara Fernández-Velascoren esku dago.

Ekoizpenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza eta Elkargiren finantzazioa du.