Itxi

Jaialdia Bartzelonan

EITB Serielizados telesailen jaialdian izango da aurten ere, Estatuko nazioarteko lehiaketarik ospetsuenean

EITB

EITBren partaidetza duten "Estu" eta "Aloka(h)iru" euskarazko fikzioak telesailen jaialdiaren 13. edizioan izango dira, eta EITBk presentzia nabarmena izango du bertan. 'Formatu txikiak, talentu berriak' deialdiaren emaitza dira.

"Estu" fikzio berriaren irudia.

Bartzelonako Serielizados telesailen jaialdiaren 13. edizioak tarte bat eskainiko die EITBren partaidetza duten bi euskal ekoizpeni eta, hala, EITBren bi apustu berriren aurkezpena egingo da bertan: "Estu" eta "Aloka(h)iru". Lan berri hauen lehen bi atalen aurrerapen bat ikusi ahal izango da jaialdian, jatorrizko bertsioan (euskaraz), gaztelaniazko azpitituluekin. Urriaren 24an izango da, 18:30ean, Centre de Cultura Contemporània de Barcelona zentroaren auditoriumean.

"Estu" sei kapituluko ekoizpena da, Arriguri kolektibo artistikoak sortutakoa. Ander Mateosek eta Xabier Ojinagak zuzenduta eta Ane Aldayak ekoiztuta, Aia Kruse eta Jon Ander Urresti ditugu bertan protagonista. Kontrol digitalak eta distantzia sozialak markatutako konfinamendu berri bat irudikatzen du eta, egoera horren aurreran, Amaia protagonistaren erabakia. Online lan egiten duen psikologoa da bera eta desobeditzea erabakiko du: araua distantzia bada, bere erantzuna kontaktoa izango da. Topaketa klandestinoen bidez, desira ikerketa-metodo bihurtuko du Amaiak, gero eta urrunago eramanaz: plazera, arriskua eta kontrola nahasten hasiko dira. Gorputzak teoria eusteari uzten dionean, benetako borroka ez da sistemaren aurka, baizik eta norberaren kontra. 2027an estreinatuko da EITBren PRIMERAN plataforman.

"Estu"

"Talentu berria ustez bai, baina oso gazteak ere ez garenez eta urte asko daramagunez euskal ikus-entzunezkoen formatu txikietan oso modu prekarioan lan egiten, deialdi hau erantzukizun handiz hartu genuen, beharra sentitzen genuelako erakusteko (batez ere geure buruari) gai ginela zeozer txukuna egiteko. Bidelagun on askorekin topatu gara, eta esango genuke etxera bizirik eta eskutan gauza polit batekin itzuli garela", egin dute hausnarketa "Estu" fikzioaren lantaldeko kideek.

Alba Lozanok eta Nitya Lópezek zuzendu dute "Aloka(h)iru" lau ataleko telesaila, eta Bilboko Alde Zaharrean pisu-kide diren hiru lagun ditu ardatz. Unibertsitatea amaitzeko lau hilabete falta direla, ezusteko albistea jasoko dute: etxearen jabea hil egin da eta haren semeak hilabete eman die alde egiteko. Epe laburrean alokairu-aukerarik gabe, egoerari etekina ateratzea erabakiko dute, eta hiru negozio klandestino muntatuko dituzte etxebizitzan. Lorea Intxausti, Izaro Nieto eta Nerea Sanz dira protagonistak eta azaroan estreinatuko da PRIMERANen.

"Aloka(h)iru"

"Aloka(h)iru komediak zuzenean hitz egiten digu, egunero bizi dugun errealitate baten parte delako. Etxebizitza-krisiaz umoretik hitz egiteko beharretik sortu da, hori baita egoeraren absurdua jasateko modu bakarra. Lehen trantsizio etapa zena – ikasle gisa pisua partekatzea –egoera iraunkor bihurtu da pertsona askorentzat, eta testuinguru horretan jaio da gure istorioa. Adiskidetasuna apartekoa da partekatutako etxebizitzetan:  horma horien barruan bakarrik dagoen harreman mota bat; eta bizikidetza apurtzean, eraldatu egiten da. Istorio hau kontatu nahi genuen gertutik jotzen gaituelako, pisu horiek bizi izan ditugulako, ziurgabetasun gau horiek… Dena hondatzen den arren, zure lagunak zurekin dituzun bitartean, oraindik gehiago eutsi diezaiokezula sentitzen duzun une horiek", azaldu dute sortzaileek.

"Aloka(h)iru"

Euskal ordezkaritza zabala jaialdian

Telesail bakoitzeko lehen bi kapituluen proiekzioa larunbatean izango da, Kataluniako hiriburuan, Bartzelonan bizi den Eñaut Zuazo gidoilariak aurkeztutako saio batean. Hitzorduan bi taldeetako ordezkariak izango dira. "Aloka(h)iru" filmaren kasuan, Nitya López zuzendarietako bat, Lorea Intxausti, Izaro Nieto eta Nerea Sanz aktoreekin eta Igor García eta Iñigo Portillo ekoizleekin batera. Arriguri kolektibo artistikoari dagokionez, Xabi Ojinaga eta Ander Mateos zuzendariak, Ane Aldaya ekoizlea eta Aia Kruse aktorea izango ditugu aurkezpenean.

Horiekin guztiekin batera, Vanesa Fernández EITBko Kultura eta Euskara zuzendaria, Gorka García ETBko Arte eta Entretenimendu zuzendaria eta Joselu Blanco ETBko programazio zuzendaria izango dira.

EITBren apustu irmoa euskarazko fikzio seriatuaren alde

Gorka Garciak berak aurkeztuko du jaialdi entzutetsuan EITBk euskarazko fikzio seriatuaren alde egindako apustua, 2025ean Formatu txikiak, talentu berriak deialdiarekin hasitako bidea, iraupen laburreko euskarazko fikziozko serieen ekoizpena bultzatzeko, euskarri eta plataforma digitaletan kontsumitzeko, hurbileko eduki berriak sortzeko eta euskal talentu eta sormen berria sustatzeko helburuarekin.

Vanesa Fernández ere izango da Serielizadosen, eta gogotsu agertu da: "EITB berriro ere presente dago jaialdi garrantzitsu honetan, eta ohore handia da euskarak munduan zehar bidaiatzea, horrelako nazioarteko lehiaketetan parte hartuta". EITBk euskarazko fikzio seriatu independentearen alde apustu irmoa duela azpimarratu du Kultura eta Euskara zuzendariak. "Euskarazko fikzio seriatuaren arrakastak agerian uzten du proposamen horien kalitatea eta, batez ere, gure sortzaile, ekoizle eta talde tekniko eta artistikoen maila altua. Ildo horretan jarraituko dugu lanean, gure ekoizpenak nazioartekora zabaltzen laguntzen eta gure lurraldean sortzen ari den talentuaren alde egiten".