Itxi

Fikzio berria

Anjel Alkain eta Iker Galarza bueltan dira "Superra" umorezko telesailean, Aitziber Garmendiarekin batera

EITB

Leer en Castellano

PRIMERANen estreinatuko da urriaren 29an. Bezperan, halaber, aurrestreinaldi handia izango da Azpeitian, telesaila grabatu den herrian. Bertan, protagonistak, gainerako lantaldeko kideak eta gonbidatu bereziak izango dira.

"Superra" lanaren aurrestreinaldia

Anjel Alkain, Iker Galartza eta Aitziber Garmendia dira urriaren 29an EITBren PRIMERAN plataforman estreinatuko den "Superra" telesailaren hiru protagonista nagusiak, eta haiekin batera beste hainbat aurpegi ezagun ikusiko ditugu fikzio berri honetan: Sara Cozar, Iñake Irastorza, Zuhaitz Gurrutxaga, Ekain Ibarguren, Ainere Tolosa, Telmo Irureta, Ugaitz Alegria, Libe Aranburu, Erika Olaizola, Mikel Ibarguren edota Onintza Enbeita bertsolaria eta Oinatz Bengoetxea pilotari ohia. Anjel Alkainek eta Jon Garatek zuzendu dute ekoizpena.

PRIMERANen estreinatu aurretik, aurrestreinaldi handia izango da Azpeitiako Soreasu antzokian, protagonistak, gainerako lantaldea eta gonbidatu berezien aurrean. Azpeitian grabatu da, hain zuzen ere, telesaila eta herritarrek eta bertara hurbiltzen direnek primizian ikusteko aukera izango dute. Ekoizpenak zortzi atal ditu eta hiru proiektatuko dira urriaren 28ko ekitaldian. 18:45ean hasiko da alfonbra gorria eta 19:30ean emanaldia. Ekitaldira joateko gonbidapenak eskuragarri daude HEMEN.

Herri euskaldun bateko negozio familiar txiki baten istorioak ekarriko dizkigu "Superra" telesailak. Karmelo (Anjel Alkain) eta Luixito (Iker Galartza) anaiak dira Super Manterola izeneko dendaren arduradunak, Bakartxo (Aitziber Garmendia) ilobarekin batera. Karmelo eta Luixito beteranoak dira, profesionalak eta lanerako gogotsu daudenak. Baina alboan supermerkatu-kate handi bat zabaldu dute, eta horrek hainbat buruhauste eta liskar sortuko dizkie. Dena den, sinetsita daude herriko negozio txikiak hobeak direla, eta Euskal Herriko supermerkaturik onena izateko gogoz lan egiten dute bertako langileek: dream-team ederra osatzen dute. Protagonistek izango duten gehiegizko motibazioarekin eta gertatuko zaizkien egoerekin, momentu surrealistak eta komikoak biziko dituzte.

Superra

Talde-lanaren emaitza, ikus-entzuleentzat gozagarri

Alkain, Galartza eta Garmendia bat datoz grabazioaren esperientzia positiboa izan dela esatean. "Espero genuen bezalakoa izan da", dio Anjel Alkainek. "Aspalditik ezagutzen dugu elkar, badakigu nola lan egiten dugun, konplizitate handia daukagu gure artean eta denok aritu gara produktuaren onerako, indibidualismoak alde batera utzita". Elkarrekin lan egiteko zuten gogoa ere nabarmendu du: "Hortik abiatuta, osotasunean guk idatzi, guk zuzendu eta guk interpretatzea abantaila handia izan da".

Iker Galartzak esperientzia honetatik ikasitakoa nabarmendu du: "Lantaldea adin guztietakoa izan da; gazteak egon dira, ez hain gazteak eta helduagoak ere bai. Nire ustez, konbinazio perfektua izan da, eta horrek eragin du giroa ona izatea eta lan egitea atsegina izatea".

Aitziber Garmendiak, bere aldetik, izan duten giroan jarri du azpimarra: "Jolasa, dibertsioa eta, berriz ere talde sortzaile honek elkartzeko genuen ilusioa. Elkarrekin lan egitea udako oporraldi luzearen ondoren, irailean, lagunekin elkartu eta berriro jolasten hastea bezalakoa izan da; sentsazio erraza eta naturala".

"Superra" talde-lan handia eskatu duen proiektua izan da hiruren aburuz, eta exigentzia handia ere ekarri duela azpimarratu du Garmendiak. "Ez da aktore-lana bakarrik izan. Gidoilari-lana ere izan da, pertsona gutxiko ekipo batean proiektu bat sortzea, eta horrek dedikazio handia eskatu digu. Horrez gain, guztiok itsasontzi berean geundenaren sentsazioa izan dugu, denok batera arraun egitearena".

Hiruren iritziz, ikus-entzuleek seriearekin gozatuko dute, euskaraz idatzi eta pentsatutako proiektua izan baita, Alkainek azpimarratu bezala. "Nik uste dut hori gure beste produktuetan ere jendeak sumatu duela; horregatik, orain arte behintzat, gure ikusleek oso gustura ikusi dituzte gure lanak", gaineratu du Alkainek. "Nik uste dut gakoa hori dela: serieko protagonistak oso hurbileko pertsonaiak dira, eta Euskal Herrian horrelako hainbat eta hainbat aurki daitezke".

Ildo horretatik, Galartzaren ustez ikusleak gozatu egingo du, "zerbait diferentea ikusiko duelako, euskaraz. Aspaldian ez da horrelakorik egin, eta jendeak askotan esan digu halako zerbaiten zain zegoela. Gu hirurok berriro elkartu eta halako proiektu batean murgiltzea ere ez da erraza izan, baina elkartu gara eta emaitza polita lortu dugu".

 

Informazio gehiago (1)