Saria
eitb.com-eko app-a, munduko 16 onenen artean
Urrezko Sari bat eman diote EiTBk sakelako telefono eta tabletetarako prestatu duen aplikazioari Horizon Interactive Awardsetan, 25 herrialdetako 1.000 lan interaktibo baino gehiagoren artean.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gailu mugikorretarako (smarthphone-ak eta tabletak) eitb.com-en aplikazioa Horizon Interactive Awardsen 11. edizioan goi mailako sari bat lortu duen 16en artean dago. Web bidez antolatzen dute, urtero, ekitaldi hau, Indianapolisetik (AEB).
EiTBren app-ak Urrezko Sari bat jaso du hitzordu horretan. Guztira, 25 herrialdetako 1.000 lanek baino gehiagok parte hartu dute lehiaketan: webgune interaktiboak, aplikazioak, prentsa artikuluak, bideoak eta publizitate lanak.
Aurkeztutako aplikazio horietatik guztietatik, berrogeita batek jaso dute aipamenen bat, hamarri (besteak beste, eitb.com) Urrezko Saria eman diete eta sei euren kategoriako onenak izendatu dituzte.
eitb.com-en app multimedia eta eleaniztunari (gaztelania, euskara, frantsesa eta ingelesa) esker, Euskadin eta munduan zer gertatzen ari den (albisteak, kultura, kirolak...) jakin daiteke. Lavinia Interactivak garatu du aplikazioa, eta EiTB Taldeko zein M4F enpresa euskalduneko garapen eta sistema taldeak arduratu dira integratze lanaz.
Doan jaitsi ahal da sakelako telefonora edo tabletara. Zure smartphone-ak edo tabletak Android sistema eragilea badu, Google Playn aurkituko dituzu gure app-ak. Iphone bat baduzu, Apple Storen sartu, eta gure aplikazioa jaitsi. Apple Storen bertan, zure Ipaderako bereziki diseinatutako aplikazio berria ere aurkituko duzu.
Horrela, aplikazioaren bidez, ETBren zuzeneko emisioak, kirol, kultur eta giza arloetako Euskadiko ekitaldi nabarmenenak eta entretenimenduzko edukiak ikusi ahal izango dituzu, eta Radio Euskadi, Euskadi Irratia, Radio Vitoria, EiTB Irratia eta Gaztea, EiTB Taldeko irrati-kateak, zuzenean entzun ahal izango dituzu. Zuzenekoak ez ezik, EiTB Nahieran zerbitzua ere badago eskura, irrati eta telebistako saio osoak ikusi eta entzun ahal izateko.
Herbeheretako telebista publikoak baino ez du gainditu
Berari zegokion atalean, entretenimenduzko app-enetan, "Kassa Panel" Herbeheretako telebista publikoaren programarako app batek baino ez du gainditu EiTB. Kontsumoaren inguruko saio honek 23 urte daramatza emisioan, eta larunbat gauetako ikusienetako bat da. 58 urtekoa da ikusleen batez besteko adina, eta app-aren bidez publiko gazteago batengana hurbiltzeko asmoa zuten... Eta lortu egin dute. Programa hasi aurretik, ematen ari diren bitartean eta horren ostean parte hartzen du publikoak, aplikazioaren bidez, eta euren ekarpenak telebistarako eduki garrantzitsuak dira.
Sari nagusia Therpiralek jaso du. Crossmedia esperientzia bat da, bost kapituluko telesail batean oinarritua, eta intrigazko jolas multimedia bat ere badauka.
Halaber, hainbat motatako saridunak aurki daitezke web kategoriako proiektu nagusienen zerrendan: Mashable teknologia gaietan munduan lider den publikazioa, Ipar Carolinako Unibertsitatea (infografietan ospetsuena), gama altuko autoak, italiar altzarien diseinatzaileak, turismoaren promozioa Miamin, Turkiako agentzia multimedia bat…