Izendapen berriak
Mikel Agirre izango da eitb.com-eko zuzendaria
Erredakzioa
Azken bi hilabeteetan hartutako erabakiei esker, % 30 murriztuko da aurreko organigramako zuzendari eta zuzendariordeen kopurua.
Mikel Agirre. EiTB.
EiTBko Zuzendaritza Nagusiak izendapen berriak igorri dizkio gaur Administrazio Kontseiluari.
Honenbestez, Mikel Agirre izango da EITBNETeko zuzendaria, eta, bien bitartean, Esplotazio eta Ingeniaritza zuzendaria izaten jarraituko du. Edurne Ormazabal, orain arte eitb.com-eko zuzendaria izandako, EiTB Taldeko zuzendaritza komertzialaz arduratuko da, Alex Aranzabalen ordez.
Azken bi hilabeteetan hartutako erabakiei esker, % 30 murriztuko da aurreko organigramako zuzendari eta zuzendariordeen kopurua.
Bestalde, gaurko Administrazio Bileran, EiTBren eta bere sozietateen 2012ko auditoriak aurkeztu dituzte (Deloitte). Auditoria horien arabera, EiTBk gastuen eta diru-sarreren arteko orekari eustea lortu du. Egoera hau ez da Estatuko gainerako irrati-telebistetan ematen, eta EiTBko zuzendaritzak azpimarratu du funtsezkoa dela zuhur eta erantzukizunez jokatzen jarraitzea, Euskal Irrati Telebistaren jasangarritasunari eusteko.
Ekainaren 17an, Eusko Legebiltzarrean agerraldia egingo du Zuzendaritza NAgusiak, Radio Vitoriaren inguruan azalpenak emateko. Zuzendaritza Nagusiak egungo irrati-ereduaren aldeko konpromisoa adierazi dio Administrazio KOntseiluari, eta konpromiso hori EiTBren 2013-2025 Plan Estrategikoan jasota egongo dela azpimarratu du.
Halaber, EiTBk bere bost irrati-markei eutsiko diela nabarmendu du (Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria, Gaztea eta EiTB Musika). Horrez gain, irratigintzan lidergoa mantendu nahi duela eta dituen baliabideak optimizatzearen alde egingo duela esan du zuzendaritzak.