Itxi

Abenduaren 12tik aurrera

Abian da EiTBk Nafarroan duen hedapen sarearen digitalizazioa

Iruñerriko bi hedapen zentroen digitalizazioa izango da lehen pausoa. Horrek, Nafarroako biztanleriaren ia % 50i eragingo dio.

EiTBren Bilboko egoitza

Abenduaren 12tik aurrera, Euskal Telebistak abian jarriko du Nafarroan duen sare analogikoraren digitalizazioa. ETBren sarea digitalizatu eta emisioak erregularizatzeko eskaera egin zitzaion EiTB Taldeari. Horren inguruko mozioa Nafarroako Parlamentu aurkeztu eta onartu da. Orain emango den lehen pausoa Iruñerrian dauden bi hedapen zentroak digitalizatzea izan da: Erreniega eta Ezkabako zentroak, hain zuzen ere.

Prozesu honi esker, ETB1 eta ETB2 emisio analogikoan ikusten dituzten  bertako ikus-entzuleek, aurrerantzean, LTD bidez ETBko lau kanalak ikusi ahal izango dituzte –ETB1, ETB2, ETB3 eta ETBK Sat–, baita EiTB taldeko irrati guztiak entzun ere, hots, Radio Euskadi, Euskadi Irratia, Gaztea, EiTB Musika eta Radio Vitoria. Lehen fase hau, Nafarroako Foru Erkidegoko %50ean garatuko dute.

Datozen asteotan ETB1en seinale analogikoa ere mantenduko da, baina, bihartik aurrera telebistak bersintonizatu beharko dituzte nahitaez Iruñerriko biztanleek. Etxe gehienetan dagoeneko LTD bidezko telebista kanalak ikusi ditzakte, beraz, bersintonizazioa arazorik gabe egin ahal izango dute. Bestelako kasuetan,aldiz, antenistarekin laguntza beharko dute.

Digitalizazioaren lehen faseak Iruñerriko eskualdeari eragingo dio. Hau da, Nafarroako Erkidegoko biztanleen ia % 50i.

Jarraian, Erreniegako eta Ezkabako hedapen zentroek barne hartzen dituzten herriak zerrendatzen dira. Horrez gain, LTD bidez EiTBko telebisten eta irratien seinaleak hartzeko informazioa ere gaineratzen da.

Seinalea jasoko duten herriak:

Ezkabako hedapen zentroa: Iruñea, Barañain, Zizur Nagusia, Berriozar, Burlata, Mutiloabeiti, Beriain, Atarrabia, Orkoien, Mutiloagoiti, Sarriguren, Uharte, Zizur Txikia, Noain, Arre, Ororbia, Olaz Txipia, Aratzuri Asterain

Erreniegako hedapen zentroa: Iruñea, Burlata, Antsoain, Atarrabia, Tafalla, Uharte, Erriberri, Noain, Gorraitz, Gares, Artika, Obanos, Miranda Arga, Mendigorria, Berbintzana, Cintruénigo, Milagro , Pitillas, Berriobeiti, Barasoian, Añorbe, Abartzuza, Garinoian, Berriogoiti, Faltzes, Ezkirotz, Olaz Txipia, Altzuza, Aitzoain, Badoztain, Puiu.

Kanalak jasotzeko:

LTD multiplexa 27V (Erreniega) eta 41V (Ezkaba) kateetan.

- ETB1 analogikoa 25V katean (Erreniega).

- ETB1 analogikoa 43V katean (Ezkaba).

Halaber, EiTBk unean unean jakinaraziko ditu Nafarroako Foru Erkidegoaren sare analogikoaren digitalizazioan emango diren urratsak. Horrez gain, erabiltzaileek euren zalantzak argitu ahalko dituzte EiTBko Bezeroaren Arreta Zerbitzuaren bidez.

EiTBko Bezeroaren Arreta Zerbitzua:

info@eitb.com eta eitb@eitb.com

94 656 3122

Albisteak (4)

Informazio gehiago (1)