ONCE Euskadi Sariak
ETBko albistegiek ONCE Euskadiren saria jaso dute
Erredakzioa
Gizarte bateratzaile baten alde egitea eta erakunde zein gizabanakoentzat eredugarri izatea bultzatzen dute sariek.
Your browser doesn’t support HTML5 video
ETBko albistegiek ONCE Euskadi saria jaso dute, Komunikazio lanaren kategorian. Zehazki, "gai sozialen alorrean eragina izan duten gertakizunen berri, modu esanguratsuan emategatik" eman diete saria. "Beti ere ONCEren eta ONCE Fundazioaren oinarrizko balioei, Ekonomia Sozialaren filosofiari eta Hirugarren Sektorearen helburuei jaramon eginez".
ONCE Euskadiren X. Sari Solidarioak ostegun honetan banatu dituzte, Gasteizko Ibaiondo Hiri Zentroan egindako ekitaldian. Han bildu ziren, besteak beste, Ángel Sánchez, ONCEko zuzendari nagusia; Bakartxo Tejería, Eusko Legebiltzarreko lehendakaria; Carlos Urquijo, Espainiako Gobernuaren Euskadirako ordezkaria; Iñigo Lamarca, Arartekoa; Javier Maroto, Gasteizeko alkatea; eta Marta Alaña, Arabako Gizarte Ekintza sailburua.
Urtero ematen diren ONCE sari hauen bitartez, enpresa, erakunde zein pertsonen jarduerak eredugarri izateko kontzientzia soziala sustatu nahi dute. Bide horretan, ONCEren eta ONCE Fundazioaren Kultura Instituzionalarekin eta Hirugarren Sektorearen helburuei zein Ekonomia Sozialaren filosofiari jaramon eginez, herritar guztien irisgarritasunaren alde, norbanakoaren autonomiaren alde eta gizarte bateratzaile baten alde lan egin duten enpresa, erakunde, pertsona eta komunikabideak saritzen dituzte.
Gainerako saridunak honako hauek izan dira:
- GKE, enpresa edo hirugarren sektorearen kategoriako sariduna: Berakah programa
- Pertsona fisikoen kategoriako sariduna: Saturnino García
- Ekonomia Sozialeko Enpresaren kategoriako sariduna: Virtualware
Administrazio Publikoaren kategoriako sariduna: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza