Itxi

EDP

Enplegu-deialdi publikoa onartu dute Eusko Irratian

EiTB

EiTBko Administrazio Kontseiluak, bi hereneko gehiengoz, enplegu-deialdi publikoa onartu du Eusko Irratia EArentzat.

Your browser doesn’t support HTML5 video

EiTB komunikazio taldearen Administrazio Kontseiluak, astearte honetako bileran, bi hereneko gehiengo kualifikatuaz onartu du Eusko Irratia EArentzako enplegu-deialdi publikoa.

EAJ/PNVko  sei kontseilariek, EH-Bilduren lau kontseilariek, eta Eusko Ikaskuntzaren, Euskaltzaindiaren, eta sindikatuen ordezkariek eta Maite Iturbe zuzendari nagusiak aldeko botoa eman dute, 14 guztira.  PSE-EEko hiru kontseilariak eta Euskadiko Kontsumitzaileen Batasuneko ordezkaria abstenitu egin dira eta  PPko bi ordezkariek bakarrik eman dute Zuzendaritzak egindako proposamenaren kontrako botoa.

Administrazio Kontseiluak gaur onartu duen 49 plazako enplegu-deialdiaren helburua da irrati publiko jasangarri bat lortzeko nahikoa lanpostu eta lanpostu egokiak izatea. Langile talde hori zehazteko zuzendaritza nagusiak elkarrizketa bultzatu du zuzendaritza taldearekin, gizarte ordezkariekin bai eta Euskal Administrazioarekin ere. Era berean, Euskal Irrati telebistaren Plan Estrategikoan onetsi ziren helburu nagusiak garatzeko balio du.

BEHIN BETIKO ERREGULARIZAZIOA

Halaber, enplegu-deialdiaren bidez,  Eusko Irratia S.A. barruan, kontratu 'mugagabe ez finkoa' dutenen taldeak betetako lanpostuak arautuko dira behin betiko, lanpostu horiek enplegu publikoaren oinarri diren  berdintasun, meritu, gaitasun eta publizitate printzipioak bermatu gabe bete baitziren.

Langile mugagabe ez-finkoaren figura Auzitegi Gorenak sortutako jurisprudentziako figura bat da. Administrazio publikoan langile batek izaera mugagabea duenean gertatzen den egoerari erantzuteko sortu zen, hain zuzen ere. Lan-zuzenbidearen arau orokorrarekin bat dator, baina lan publikoa lortzeko beharrezkoa den aukeraketa prozesua albo batean uzten du. EiTBren kasuan, 79 langilek dute izaera hori, eta behin-betiko edo bitarteko kontratua dute. Lan Ikuskaritzak eta Gizarte Segurantzak eskatuta, eta lan irregulartasunaren ondoren epai sendo baten emaitzaren ondoren iritsi dira egoera horretara, baina lan publikoren ardatz diren printzipioak bermatu gabe.

43 ERREDAKTORE-ESATARI

Administrazio Kontseiluko 19 kideetatik 14k gaur onartu duten deialdi publikoak Eusko Irratia EAren une honetako eta etorkizuneko beharrak asetzeko ezinbestekotzat edo estrukturaltzat jotzen diren 49 plaza betetzea ahalbideratuko du. Beren-beregi sortutako plazak dira, eta behin betirako.

Deialdi honetara, nahi duten langile mugagabe ez-finkoak aurkez daitezke, gainerako hautagaien baldintza beretan, baina meritu gisa komunikabideetan esperientzia egiaztatua izatea hartuko zaie kontuan. Deialdiko 49 plazetatik  43 erredaktore-esatarientzat dira, 5 soinu-teknikarientzat, eta plaza bat mantentze-lanetarako teknika sailerako.

Deialdi publikoa osatzen duten 49 plaza horiek azterketa zehatz eta zorrotz baten emaitza dira. Antolakuntza eta alderdi ekonomikoa hartu dituzte kontutan. Antolakuntzaren esparruan, programetako eta albistegietako taldeen berrantolakuntza eta eratu beharreko lan-sinergiak  hartu dituzte aintzakotzat, irratietan eta gainerako hedabideetan lan bikoitza egin ez dezaten. Horrez gainera, programazioa ere berrantolatu nahi da, batez ere gauekoa. Zuzendaritzaren esanetan, EiTB euskal gizarteak eskatzen diona betetzeko prest egongo da. Alegia, prest egongo da komunikazio sektoreak dituen erronkei aurre egiteko, irrati telebista multimedia, aurreratu eta elebiduna ardatz izanik.

Enplegu-deialdi publikoan euskaraz eta gaztelaniaz zehaztu diren hizkuntza eskakizunak irrati-esatariaren, soinu-teknikariaren eta mantentze-teknikariaren lanean euskaraz eta gaztelaniaz aritzeko moduko mailei dagozkie. Hizkuntza-eskakizunak ziurtatzea malgua izango da, bai forman, bai denboran. Hautagai guztiek hiru aukera izango dituzte (2014an, 2015ean eta 2016an) maila egiaztatzeko.

ARRAZOI EKONOMIKOAK

Deialdi hau egiteko arrazoi ekonomikoa dela eta, esan beharra dago Eusko Irratia EA / Radio Vitoria EAren plantilla erreala sozietate publiko horien aurrekontuetan baimendutakoa baino handiagoa dela, langile mugagabe ez-finkoen multzoagatik.  EiTBren asmoa da lehendik datorren egoera hau erregularizatzea, eta berriro lortzea 2010ean eta 2011n Lan Ikuskaritzak langile autonomoen laboralizazioa agindu aurretik zeukan aurrekontu-oreka.

Administrazio Kontseiluaren erabakiak aurretik EiTB taldearen zuzendaritzak  euskal irratiaren eta, oro har, EiTB talde osoaren jasangarritasuna ziurtatzeko neurrietan sakondu du.

PROTESTA EGOITZAREN AURREAN

Bien bitartean, EiTBko egoitzaren aurrean 30 bat langileek elkarretaratzea egin dute enplegu-deialdi publikoaren baldintzen aurka protesta egiteko.

Elkarretaratzea enpresa-batzordeak deitu du, baina LAB sindikatuko ordezkariek ez dute parte hartu. LABek, ELAk eta independenteek ordezkaritza dute batzordean.

Albisteak (1)

Bideoak (1)