DOMEINU ALDAKETA
eitb.eus izateko prozesua abiatu du eitb.com-ek
ERREDAKZIOA
EITB
Interneten aurrerantzean euskararen eta euskal kulturaren komunitatea identifikatuko duen domeinuaren talde aitzindarian sartu da EiTB.
Euskal Irrati Telebistaren informazio eta entretenimendu atariak eitb.eus izena hartuko du aurki, 15 urte baino gehiagoz erabili duen domeinua (.com) atzean utzita.
Prozesua asteburu honetan abiatu dute ofizialki, PuntuEus Fundazioak Interneten euskaraz eta/edo euskal kulturari buruz dauden ekimen aitzindari guztiak batera aurkeztuta. Ehun bat erakunde, hedabide, kirol talde, alderdi politiko, kultur elkarte, sindikatu eta gizarte talde bildu dira horren inguruan.
Horrela, .eus domeinua erosi ostean, aurrerantzean nabigatzailearen barran eitb.eus idatzita jaso ahalko dira Euskal Komunikazio Talde Publikoaren edukiak. Oraingoz, helbide horretatik eitb.com atarira bideratuko du erabiltzailea, aldaketa gauzatu arte bertan egongo baitira eduki guztiak.
Abian den prozesua urte hau bukatu aurretik amaitzea aurreikusi dute, domeinu osoa migratu eta atariko orri guztietatik eitb.eus domeinura sarbide zuzena emanez.
Elkarlana eta beste esperientzia batzuk
Migrazioa berme guztiekin egiteko, diziplina anitzeko lantalde bat koordinatzen hasi zen orain aste batzuk. Alor asko izan beharko ditu kontuan, web bilatzaileetarako optimizatzea, ETBko dekoratu eta copyright ikurretan erakustea, paperetan islatzea, multimedia edukia kudeatzeko sistema egokitzea, sare sozialetan erabiltzea, egitura analitikoa moldatzea eta helbide elektroniko korporatiboak aldatzea, besteak beste.
Horretarako, EiTBren eta bere kolaboratzaileen analisia egiteaz gainera, antzeko esperientziak ere hartu dira kontuan, tartean, Kataluniako irrati telebistarena (.com izatetik .cat izatera igaro zen) eta Mundo Deportivo egunkariarena (.es izatetik .com izatera igaro zen).
Taldearen barne analisia eta beste batzuen esperientziak aztertu eta gero, lanerako egutegi bat zehaztu da. Lana urte bukaerarako amaitzea espero da, eta halako proiektu teknologiko handiak bete-betean martxan jartzen direnean ohikoak izan ohi diren azken ukituak 2015eko lehen asteetan egitea.
EiTBren atariak ehunka kategoria eta multimedia eduki mota desberdin ditu, eta, azken audientzia datuen arabera, 100.000 lagunek baino gehiagok erabiltzen dute egunero.