Itxi

Izendapena

Edu Barinaga izango da ETBko zuzendari berria

EiTB

Maite Iturberen proposamena uztailaren 22an jakinaraziko zaio EiTBko Administrazio Kontseiluari. Barinagak bide luzea du ikus-entzunezkoen alorrean, animazio, zine eta telebista saioen ekoizpenean.

Edu Barinaga ETBko zuzendari berria. Argazkia: EiTB

EiTBko zuzendari nagusiak Edu Barinaga izendatuko du ETBko zuzendari berri, Pello Sarasolaren hutsunea betez. Zine, telebista eta animazio munduan ibilbide luzea du Barinagak. Egun, Baleuko ekoiztetxeko arduradun eta bazkide sortzaile zen Barinaga.

Bilbotarra jaiotzez, onarpen eta ospe handiko profesionala da ikus-entzunezkoen arloan. Urteen joan-etorrian egindako lanek oihartzun zabala izan dute bai euskal esparruan baita estatuan zein nazioartean ere.

Ezkonduta dago eta bi seme-alaba ditu. Magisteritzan diplomatua eta Informazio Zientzietan lizentziatua da. Eusko Jaurlaritzako Ikus-entzunezko Medioen arduran hasi zuen bere lana. Ondoren, haurrei zuzenduriko eta ETBn ikusi ahal izan ziren 'Ikus-ikasi' eta 'Bilin-Bolonka' saioetan lan egin zuen. Megavideo produkzio-etxearen kudeatzaile izan zen eta Baleuko ekoiztetxea sortu zuen.

Ume eta gazteei begira hainbat eduki sortu ditu. ETBren istorian ikur izan diren hainbat saio bultzatu eta zuzendu ditu ('Superbat', 'Euskaraokea' eta 'Betizu'), baita Olentzero seriearen luzemetraiak ere.

Dokumentalen bidea ere jorratu du: La Transición en EuskadiLa Guerra Civil en Euskadi; Zabalaga, el jardín del genio; Oteiza, 1908-2008… y sigo; La Historia del Ciclismo Vasco; De Gernika a Mathausen...

Zinemaren arloan ere, besteak beste, Izarren argia, Amaren eskuak eta Gernika bajo las bombas TV movie-a ekoitzi ditu Barinagak.

Telebista-saioei dagokienez, 'Jaiak', 'Políticamente incorrecto', 'Egin kantu', 'Ordu txikitan', 'Debatea' eta 'Txikon Xtreme' ekoizpenak ageri dira ETBko zuzendari berri izango denaren ibilbidean.

Animazioaren arloan aritu izan da batez ere Edu Barinaga. Egin dituen azken lanen artean ondorengoak daude: Italia eta Frantziarekin elkarlanean egindako Blackie & Kanuto, Indiarekin batera egin duen The Wish Fish eta DRAFTOON argentinarrarekin batera egindako Blackie & Company. Azken hori TVErako egin du eta 26 kapitulo ditu. Nazioarteko ekoiztetxeekin elkarlanean egindako lanen zerrenda, ordea, zabalagoa da. Olentzero lanaz gain, Unibertsolariak, Betizu eta Megasonikoak aurki daitezke zerrenda horretan.

Edu Barinagak egin dituen azken lanak Goazen gudari danok dokumentala eta A escondidas film luzea dira. Datorren udazkenean estreinatuko dira biak.