ETB-REN ESKUTIK
'Vasconiako historia bat: euskalduntze berantiarra', Zinemaldian
ERREDAKZIOA
Josu Venerok eta Alberto Santanak elkarrekin egindako film dokumentalaren estreinaurrekoa egingo da gaur, 20:30ean, Donostiako Victoria Eugenia antzokian.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gaur gauean, Donostiako Zinemaldian, Vasconiako historia bat: euskalduntze berantiarra film dokumentala aurkeztuko du ETBk. Dokumentala Victoria Eugenia antzokian izango da ikusgai, 20:30ean, euskaraz. Josu Venerok eta Alberto Santanak zuzendu duten lan honek euskara egungo Euskal Herrian nola zabaldu zen azaltzeko teoria bat aurkezten du, ingurune akademikotik kanpo ez oso ezaguna dena.
Santana historialariak berak gidatutako dokumental honetan aurkikuntza historikoak, arkeologikoak, genetikoak eta linguistikoak erabiltzen dituzte publikoarentzat nahiko ezezaguna den teoriari, Europako hizkuntzarik zaharrenaren hedapenaren gaineko teoriari, eusteko.
VI. mendearen aurretik Vasconiako mendebaldea euskalduna ez zelako hipotesia agertzen du dokumentalak. VI. mendean, Iruñerriaren inguruan euskara indartu eta, ondoren, Vasconia guztian barrena zabaldu zela dioen teoria aurkeztea da dokumentalaren funtsa. "Ez da behin betiko hipotesia", adierazi du Santanak, baina, bere aburuz, gure iraganaren aro ilun hori ondoen azaltzen duen teoria da. Bertan ematen diren datuez eta erakusten diren aztarnez gainera, honako aditu hauen hitzak bildu dituzte: Joseba Abaitua, Deustuko Unibertsitateko hizkuntzalaria; Joaquin Gorrotxategi, EHUko Hizkuntzalaritza Indoeuroparreko katedraduna; Juan Jose Larrea, EHUko Erdi Aroaren Historiako irakaslea; Concepcion de la Rua, EHUko Antropologia Biologikoko katedraduna, eta Agustin Azkarate, EHUko Arkeologia katedraduna.
Dokumentalaren aurkezpenean, gaur goizean, Donostian, Josu Venerorekin eta Alberto Santanarekin batera, Maite Iturbe EiTBren zuzendari nagusiak parte hartu du. SignoDigital ekoiztetxeak egindako dibulgazio lan garrantzitsu hau Zinemaldian emateko aukeratu izana azpimarratu du Iturbek: "Zazpi estreinaldi aurkeztu ditu EiTBk aurten Zinemaldian. Horietatik bi Sail Ofizialean, bost Zinemiran, bat Belodromoan eta gaur aurkezten dugun hau ETB Galan".
Vasconiako historia bat: euskalduntze berantiarra dibulgazio-lan inportantea dela, eta euskal gizartean oraindik oso gutxi zabalduta dagoen teoria zientifiko baten berri ematen duela azpimarratu du EiTBren zuzendari nagusiak. "Kontakizuna prestigio handiko dokumentalen mailan dago, zientzialariek esku artean darabiltzaten datuak oso modu ulergarrian aurkeztuz".
"Dokumental honek euskararen jatorriaz aurkezten digun teoria ez dago oso zabaldua, baina hainbat arlotako ikerlariek aurkikuntza eta gogoeta garrantzitsuak jarri dituzte mahai gainean. EiTBren dibulgazio-lan hau zientzialarien debatea aberasten duen ekarpen bat da", azaldu du Maite Iturbek.
ETBk denboraldi honetan emango du dokumentala, bai euskaraz eta baita gaztelaniaz ere. "Ziur gaude edukiak euskararen jatorriaren eta irautearen inguruan ikusmina eragingo duela", gaineratu du. "Euskararen benetako misterioaren gakoa, jatorria baino gehiago, bere iraupenean dago, Koldo Mitxelenaren hitzetan eta dokumentalean bertan gogoratzen dutenez. Halaber, EiTBren sorrerako helburua euskararen iraupenaren alde lan egitea da, hizkuntza berrituz, denetariko erabilerei eta erregistroei atea zabalduz, eta erabilpen eta prestigioa sustatuz".