Itxi

ZINEMA EUSKARAZ

Euskarazko filmez gozatzeko aukera, Zinegabonak ekimenari esker

Zinegabonak egitasmoa abenduaren 22tik urtarrilaren 4ra bitartean egingo da, eta guztira 14 film ezberdin izango dira ikusgai. Hitzordua, Multibox aretoan eta Euskal Herriko lau zinema-aretotan.

Zinegabonak ekimena iaz aurkeztu zen, Gabonetan familiartean gozatzeko euskarazko film sorta eskaintzeko asmoarekin. Lortutako arrakastaren ostean, aurtengoan ere zikloa antolatzea erabaki dute. Abenduaren 22tik urtarrilaren 4ra arte egingo da, eta orotara 14 film proiektatuko dira, 24 saiotan. Aurten, gainera, Zinegabonak zikloak Iparraldera ere egingo du salto, Urruñako Itsas Mendi zinema-aretoaren partaidetzarekin. Bilboko EiTBren egoitzako Multibox aretoak eta Golem Alondegia (Bilbo), Printzipe (Donostia), Florida (Gasteiz) eta Golem Baiona (Iruñea) zinema-aretoek ere hartuko dute parte.

Batetik, hilaren 22tik 26ra bitartean, EiTBk Bilboko egoitzan duen Multibox aretoan lau film eskainiko dira (doan), eta bestetik, abenduaren 27an eta 28an eta urtarrilaren 3an eta 4an emanaldiak aurretiaz aipatutako zinema-aretoetan izango dira (euro baten truke). Multibox aretoko proiekzioetarako gonbidapenak Hiru3ko Komunitateko kideen artean zozkatuko dira.

Gabonak direla aprobetxatuta, familiartean pelikula hauek euskaraz ikusteko aukera izango da: Aita Zombia naiz, Blackie & kanuto, Bram Barrabas, Dinosauroen artean, Dragon Ball Z: Battle of gods, Ernest & Celestine, Freddy Igeldegi, Gazte Harrigarria T.S. Spivet, Jelly T tarzan eskasa, Maya Erlea pelikula, Olentzero eta jauntxoen iratxoa, Tarzan, Zigortzaileak eta Zipi & Zape eta kanikaren kluba.

Euskarazko filmak ezagutarazteko asmoz Zineuskadi Elkarteak, Euskadiko Filmategiak eta EiTBk elkarlanean antolatutako ekimena da Zinegabonak. Eusko Jaurlaritzak kudeatzen duen Zineuskadi Elkarteak, bere aldetik, 28.000 euro bideratu ditu zikloa garatzen laguntzeko.

Albisteak (1)

Informazio gehiago (1)