Lankidetza hitzarmena
EiTB Ikastolen jaietan egongo da aurten ere
EiTB
Maite Iturbe EiTBren zuzendari nagusiak eta Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko presidenteak lankidetza hitzarmena izenpetu dute.
Aurten ere EiTB ikastolen jaietan egongo da eta jaien zabalkundea egingo du irrati, telebista eta internet bidez. Euskal Irrati Telebistak eta Ikastolen Elkarteak lankidetza hitzarmena berritu dute asteazken honetan, apirilaren 26an. Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiak eta Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak izenpetu dute akordioa.
EiTBk irrati eta telebistan emango ditu ikastolen jai ezberdinak iragartzeko egingo diren bideoklipak. Horrez gain, Herri Urrats, Ibilaldia, Araba Euskaraz, Kilometroak eta Nafarroa Oinezen jarritako gunetik emango dute berri EiTBko irratiek. ETBko albistegiak ere ikastolen jaietan bertan izango dira jazotzen den guztia kontatzeko. Gainera, Hiru3 klubak ere bere txokoa izango du eta ekintza bereziak antolatuko ditu gaztetxoenentzat.
Lehenengo jaia Herri Urrats izango da, maiatzaren 14an, Senpereko lakuan. Ondoren Bizkaikoa, Ibilaldia, maiatzaren 28an izango da Mungian, eta Araba Euskaraz ekainaren 18an Bastidan. Irailaren 24an, berriz, Kilometroak Oñatin eta urriaren 15ean Nafarroa Oinez Lesakan.
Bestalde, Ikastola aldizkarian EiTBk ere presentzia izango du aurrerantzean, bai paperezko eta bai euskarri digitalean ere bere edukien berri emateko.