Saria
V. Manu Leguineche Katedra saria jaso du Mikel Ayestaranek
A.E. | EiTB
Ayestaranek esan du ez dela sari bat gehiago, "hau guztia erantzukizun handia da", azpimarratu du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Mikel Ayestaran EiTBko korrespontsalak V. Manu Leguineche Katedra Kazetaritzako Nazioarteko Saria jaso du gaur.
"Bere ibilbide profesionalean erakutsitako independentzia, zorroztasuna, egiaren aurrean agertutako errespetua eta adierazpen askatasunaren defentsa" nabarmendu dituzte. Hamar urtez gerra-korrespontsal bezala aritzeaz gainera, bere erreportajeen literatur izaera berezia eta bere istorioen protagonistek bizi dituzten baldintza gogorren berri emateko duen sentsibilitate aparta ere goraipatu dituzte.
Ayestaranek 8.000 euroko saria eskuratu du, Alcalako unibertsitateko ohorezko irakasle izendatu dute eta eskultura bat jaso du, oroigarri gisa.
Jose Manuel Latre Gudalajarako Lurralde Diputazioko presidentearen eskutik hartu du golardoa, Guadalajaran, Brihuega herriko San Miguel elizan, egindako ekitaldi batean. Agintariak, kazetariak eta Ayestarenen senideak eta lagunak izan dira bertan.
Ayestaranek errekonozimendua eskertu du eta azpimarratu du ez dela sari bat gehiago, "hau guztia erantzukizun handia da, tribu hau osatzen dugun guztion saria da".
"Manu Leguinecheren izena aipatzearekin soilik ilea laztu egiten zait", erantsi du.
Ekitaldia baino lehen, Ayestaranek solasaldi batean parte hartu du, Ignacio Cardero El Confidencial egunkariko zuzendariarekin eta Sergio Martin 'Los Desayunos de TVE' saioaren zuzendariarekin batera.
Saria
Manu Leguineche Katedra Guadalajarako Diputazioak, Espainiako Kazetarien Elkarteen Federazioak (FAPE), Alcalako Unibertsitateak, Unibertsitateko Fundazio Nagusiak eta Brihuegako Udalak ematen duten nazioarteko saria da.
Epaimahaiak Jose Manuel Latre Guadalajarako Diputazioko presidentea izan du buru, eta Maria Teresa del Val Alcalako Unibertsitateko Fundazio Nagusiaren zuzendari nagusia izan da presidenteordea.
Bokalak, berriz, hauek izan dira: Jesus Picatoste, FAPEko idazkari nagusia; Jose Oneto, kazetaria; Marisa Ciriza, kazetaria; Jesus Coteron, kazetari, Euskal Herriko Kazetarien Elkarteko presidente eta Euskal Kazetarien Elkargoko dekanoa; eta Mar Corral, kazetari eta Guadalajarako Prentsa Elkartearen presidentea. Carlos Sanz FAPEko kazetari eta idazkariorde nagusia izan da idazkaria.