Itxi

2018-2019

Euskaltzaindiaren mendeurreneko ekitaldiak eta saio bereziak eskainiko ditu EiTBk

EiTB

Erredakzioa

Leer en Castellano

Lankidetza hitzarmena sinatu dute EiTBk eta Euskaltzaindiak akademiaren mendeurreneko ekitaldiekin lotuta.

Maite Iturbe eta Andres Urrutia. Argazkia: EiTB.

Euskaltzaindiak 2018an eta 2019an ospatuko duen mendeurreneko ekitaldiekin lotuta, lankidetza hitzarmena sinatu dute ostiral honetan, Bilbon, Maite Iturbe EiTBren zuzendari nagusiak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak. Bi aldeak pozik agertu dira Euskaltzaindiaren lan handia gizarteratzeko eta ibilbidea balioesteko balio duen itun honekin.

Mendeurrenaren karietara, Euskaltzaindiak egitarau zabala osatu du, eta ekitaldi instituzionalak, nazioarteko jardunaldi akademikoak, ekintza artistiko-kulturalak eta bestelako ekintza batzuk aurreikusi ditu. 2018ko irailean hasi eta 2019ko urria bitartean izango dira egitasmo guzti hauek.

Gaur sinatutako hitzarmenaren arabera, Euskaltzaindiaren mendeurreneko ekintzen sustapena eta publizitatea egingo du EiTBk. Halaber, Euskaltzaindiak egingo dituen ekitaldi eta jardueren berri emango du telebista, irrati eta Interneten. Horrez gainera, Euskaltzaindiaren mendeurrenari buruzko dokumental luze bat eta hainbat ataletako programa landuko dira. "Zuen laguntza, irizpide, eta orientazioarekin, programa eta dokumental txukuna egiteko konpromisoa hartzen du ETBk", azaldu du Maite Iturbek.

Zuzendari nagusiak azaldu du EiTBk gertu-gertutik jarraituko dituela Euskaltzaindiaren mendeurreneko ekitaldiak: "Euskaltzaindiaren urte hauetako lana behar beharrezkoa izan da euskararen normalizazioan eta, oro har, euskal gizartearen eraikuntzan. EiTBk, berebat, bide lagun du Euskaltzaindia bere eguneroko jardunean,gure hedabideetan kalitatezko euskara estandarra erabili eta bultzatzen laguntzen digulako". EiTBren zuzendari nagusiak ohore handiz eutsi dio Euskaltzaindiak mendeurrenean egindako deiari: "Bat egin nahi dugu Euskaltzaindiarekin une garrantzitsu honetan, Urrutia jaunak berak duela gutxi esan bezala, euskara biziberritu nahi badugu denok –herritarrok eta erakundeok– beharrezkoak baikara".

Andres Urrutia euskaltzainburua ere pozik agertu da sinatutako akordioarekin: "Hitzarmen honek berebiziko garrantzia du. EiTB erakunde estrategikoa da euskalgintzan eta euskal gizartea hezur-mamitzeko tresna ezinbestekoa. Beste horrenbeste esan daiteke Euskaltzaindiari buruz. Honela, aspaldikoa da bi erakundeen arteko harremana eta elkarlana. Aurten, Akademiaren Mendeurrena hauspotzen lagunduko digu EiTBk, zinez eskertuko diogun ahalegina. Euskal gizartetik sortu ginen eta euskal gizarteari begira gaude, etengabe aldatuz eta gure jarduna moldatuz. Zeregin horretan bidelagun izango ditugu gure irrati eta telebista publikoak, beste behin ere".

Euskaltzaindiaren mendeurrenak, erakundea gizartera hurbildu eta bere ibilbidea nabarmentzeaz gainera, beste bi helburu nagusi ditu. Bateko, Euskaltzaindiak Iker eta Jagon Sailetan etorkizunerako dituen asmoak (hiztun eta erabiltzaileek dituzten beharrak) eta ildo estrategikoak gizarteratzea eta, besteko, ildo estrategikoen inguruabarrean, Euskaltzaindiaren aitzindaritza tarteko dela, euskara eta euskal kulturaren inguruan gizarte zibila egituratzea, eta askotariko eragile publiko eta pribatuen artean lankidetzarako oinarriak proposatzea. Helburu nagusia da gizarte zibiletik euskararen biziberritzeari bultzada berri bat ematea, datozen bi hamarkadetarako.

Informazio gehiago (2)