Lankidetza
EiTB Lekeition izango da ekainaren 3an Euskal Eskola Publikoaren jaian
EiTB eta Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak lankidetza berritu dute.
Ostiral honetan, maiatzaren 18an, Ana Isabel Puente Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteko presidenteak eta Maite Iturbe EiTBren zuzendari nagusiak lankidetza hitzarmena berritu dute. Hartara, aurten ere Euskal Eskola Publikoaren jaiaren babesle izango da EiTB, eta jaia bultzatuko du iragarkien bidez eta jaiaren berri emanez.
Halaber, Hiru3 gunea ere izango da aurten Lekeition ekainaren 3an izango den Euskal Eskola Publikoaren jaian. Gorritxo pertsonaiarekin argazkiak ateratzeko eta Hiru3 klubeko kide egiteko aukera izango da. Pegatinak umeei banatuko zaizkie, eta '3txulo' saioko pertsonaien irudiekin txapa tailerra egin ahal izango dute.
Halaber, '3txulo' saioko 2ttor (Iker Galartza) izango da Hiru3 gunean bertan, 13:00-14:00 bitartean, hurbiltzen direnekin egoteko, argazkiak atera, sinatu eta postal pertsonalizatuak banatu, eta gainera, saioko kantu pare bat dantzatuko du han bertan.
Jaiaren 27. edizioa Zapran gagoz lelopean ospatuko da. Horixe da, hain zuzen ere, Xabier Amurizaren hitzekin sortutako abestiaren izenburua. Zapran gagoz Lekeitioko marinelek arrantza ona egiten dutenen erabiltzen duten esamoldea da. Antzinatik datorren esaera izan arren, gaur egun zorteko garela edo gustura gaudela esateko erabiltzen da, eta horrela hedatu da eguneroko edozein egoeratara.
Euskal Eskola Publikoa hezkuntza-sistemaren oinarrizko ardatz egituratzailea izan behar dela jai giroan aldarrikatzea da 1994tik guraso elkarteak antolatzen duen Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren helburu nagusia.