Itxi

'XXL FESTA'

Izan EiTB Jaia, gaur, Donostian

EITB

Leer en Castellano

Hiru3 Jaia, 'Go!azen' telesailaren aurrestreinaldia eta Gaztearen kontzertuak (Iseo & Dodosound with The Mousehunters eta Esne Beltza) dira proposamen nagusiak, Belodromoan eta Atano pilotalekuan.

Gaur, urriak 6, 2018ko Izan EiTB Jaia ospatuko du EiTBk, Donostian. Hiru3 Jaia, 'Go!azen' telesailaren aurrestreinaldia eta Gaztea irratiaren kontzertuak (Iseo & Dodosound with The Mousehunters eta Esne Beltza) izango dira proposamen nagusiak. 12:00etatik 24:00etara, senide eta lagun artean gozatzeko moduko egun paregabea antolatu du EiTBk. Hala, 12 orduko jai erraldoia izango da, etxeko txikienentzako eta gazteentzako 'XXL festa'. Bi kokaleku nagusi izango ditu Izan EiTB Jaiak: Belodromoa eta Atano III.a pilotalekua. Jarduera guztiak doakoak izango dira.

Jaia ostegun honetan aurkeztu dute, Donostiako Udaletxean. Eneko Goia hiriko alkateak, Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiak eta Jon Lamarka Gaztea irratiko koordinatzaileak alboan izan dituzte jaiaren protagonistetako batzuk: Mikele Arizkorreta eta Ekain Ibarguren, '3zpa4' saiokoak, eta Miren Arrieta eta Asier Burguete, 'Go!azen'ekoak.

Izan EiTBren babesle diren hainbat erakundetako ordezkariak ere egon dira prentsaurrekoan: Miren Dobaran, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea; Miren Dorronsoro, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria; Itziar Egaña, CaixaBankeko Negozio Saileko zuzendaria Donostialdean, eta Izartza Zorrozua, Euskalteleko Harreman Instituzionaletarako eta Babesletza arduraduna.

Hiru3 Jaia

12:00etan hasita, Belodromoan egingo da Hiru3 Jaia. 0-14 urteko neska-mutilei egongo da zuzenduta, hainbat gunetan familia giroan gozatzeko programazio zabalarekin. Gainera, opariak eman eta zozketak egingo dituzte egunean zehar. Naiara Gago eta Jon Gomez izango dira Hiru3 Jaiko gidariak.

Hiru3 gunea egongo da Belodromoan, eta txikienek fanzone espazioa ere izango dute eskura, Hiru3ko pertsonaiak gertutik ezagutzeko. Jokoak eta tailerrak egongo dira egun osoan zehar, gastronomia, euskara eta ingurumena lantzeko. Halaber, EiTB Studio espazioa ere kokatuko da bertan, egun batez kamera aurrean jartzeko aukera emango duena. Egun osoan zehar ez dira ikuskizunak faltako, eta Ene Kantak, '3txulo', '3zpa4' eta 'Go!azen', besteak beste, agertoki nagusian egongo dira.

Hauek dira ordutegiak:

-12:30: Ene Kantak

-13:30: '3txulo'

-14:30: Antzerkia: Ali Baba eta 40 lapurrak (Borobil Teatroa)

-16:00: '3zpa4'

-17:00: 'Go!azen'

Horrez gain, edoskitze eta piknik gunea izango dute familiek, eta txikienentzako ludoteka.

'Go!azen' telesailaren denboraldi berriaren aurrestreinaldia

19:00etatik aurrera, Atano III.a pilotalekura egingo du salto jaiak, 'Go!azen' telesailaren denboraldi berriaren aurrestreinaldia egingo baita bertan. Pilotalekura gerturatzen direnek 'Go!azen 5.0' telesailaren lehen kapitulua inork baino lehenago ikusteko aukera izango dute, protagonistekin batera. Emanaldiaz gozatzeko, baina, gonbidapenak beharko dira. 'Go!azen' telesailaren webgunean banatu zituzten doako gonbidapenak, irailaren 20an, 12:00etan hasita, eta ordubetean agortu ziren.

Dena den, 'Go!azen' ikuskizuna zuzenean ikusteko aukera izango da. Esan bezala, Belodromoan izango da, 17:00etan, Hiru3 Jaiaren barruan. Kasu honetan, sarrera librea izango da (ez da gonbidapenik behar).

Gaztea irratiaren kontzertuak

Iluntzean, Belodromoan jarraituko du jaiak, Gaztea irratiaren kontzertuekin. 21:00etatik aurrera, musikaz, kolorez eta jai-giroaz beteko da gaua, Iseo & Dodosound with The Mousehunters eta Esne Beltza taldeen eskutik. Gauerdira arte, Oihan Vega eta Txurru disko-jartzaileen emanaldiekin egingo du festak aurrera. Julen eta Antton Telleriak egingo dituzte Gazteako kontzertuen aurkezpenak. Sarrera doakoa izango da, edukiera bete arte.

Bideoak (1)