Akordioa
Donostia Zinemaldiak jarraipen informatibo handia izango du EiTBn
EITB
Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak eta Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiak lankidetzarako hitzarmena izenpetu dute.
EiTBk eta Donostia Zinemaldiak lankidetzarako hitzarmena berritu dute ostiral honetan, irailak 14, Donostiako Tabakaleran. Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak eta Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiak sinatu dute ituna. Horren ildotik, aurten ere EiTBk Zinemaldiaren berri eman eta jarraipen handia egingo dio Taldearen hedabide guztietan.
Irailaren 21etik 29ra bitartean izango den Donostia Zinemaldiaren inguruan xehetasunez informatzeko ahalegin berezia egingo dute ETBn, Euskadi Irratian, Radio Euskadin, Gaztean eta eitb.eus-en. Halaber, ETB1en, zuzenean eskainiko dira irekiera eta itxiera galak, eta ETB4n, Euskal Zinemaren Gala eta hiru Donostia Sariak (Hirokazu Kore-Eda, Danny Devito eta Judi Dench) emateko ekitaldia. Emanaldi guztiak streaming bidez jarraitu ahal izango dira eitb.eus-en.
ETBko albistegietan tartea izango du egunero Zinemaldiak: zuzenekoak, erreportajeak, elkarrizketak eta aurkeztuko diren filmen kronikak eskainiko dituzte. Kazetari eta teknikari lantalde zabalak informatuko du bederatzi egunetan. '¡Que Me Estás Contando!', 'Está Pasando' eta 'Ahoz Ahoz' saioek ere erreparatuko diote Zinemaldiari, eta 'EiTB Kulturak' aurtengo edizioan aurkeztuko diren zenbait euskal filmi buruzko erreportajeak eskainiko ditu datozen asteetan.
eitb.eus-ek gune berezia eskainiko dio, eta streaming bidez emango ditu ekitaldi berezienak. Berebat, Euskadi Irratiak, Radio Euskadik eta Gazteak ardatz nagusi izango dute Zinemaldia euren programazioan. Elkarrizketak, erreportajeak, filmen analisiak, eta ekitaldi eta jai guztien kronikak bilduko dituzte eguneroko albistegi eta saioetan.
Vitoria, 3 de marzo filmaren estreinaldia, EiTB Galan
Zinemaldiaren 66. edizioko EiTB Gala irailaren 26an izango da, Victoria Eugenia antzokian, 21:30ean. Bertan, Víctor Cabacoren (Santander, 1967) Vitoria, 3 de marzo lana proiektatuko da. Zuzendari horren lehen film luzean, 1976an poliziaren tiroek bost langile hil zituztenean euskal hiriburua astindu zuten gertakariak islatu ditu.
Amaia Aberasturi aktorea du protagonista nagusi: Begoña erdi-mailako klaseko familia batean bizi den 18 urteko emakumea da. Bertatik bertara biziko ditu "sekula ezer gertatzen ez den hiri bat" astindu zuten gertaera horiek. Geroz eta gehiago gogortuz doan gatazka baten erdian, bai bera, bai horren familia, zeinen alde jarri aukeratu beharrean aurkituko dira. Azkenean, sarraskiaren ondoren, Begoña, hiria eta herrialde osoa ez dira gehiago berberak izango.
Drama historiko honetako aktore zerrenda nagusia Mikel Iglesiasek, Ruth Diazek, Alberto Berzalek, Jose Manuel Sedak eta Oti Manzanok osatzen dute.
ETBk babestutako hamabi ekoizpen Zinemaldian
Urtero bezala, Donostia Zinemaldian ikusgai izango diren hainbat ekoizpenek ETBren parte hartzea izan dute.
Dantza, Telmo Esnalen azken lana, dugu horietako bat. Sail Ofizialeko emanaldi berezien atalean aurkeztuko dute. Zinemaldiaren historian sail honetan parte hartuko duen euskarazko zazpigarren ekoizpena izango da, Amalur (1978), Ke arteko egunak (1989), Bertsolari (2011), Loreak (2014), Amama (2015) eta Handia (2017) filmen ostean.
Horietan ez ezik, hauetan ere hartu du parte ETBk: New Directors sailean lehiatuko den Oreina, Koldo Almandozen bigarren film luzea; Perlak atalean Donostia Hiria saria lortzeko lehiatuko den Raul de la Fuenteren eta Damian Nenowren Un día más con vida / Another day of life, eta Culinary Zineman aurkeztuko den Bihar dok 13, Ander Iriartek eta Aitor Bereziartuak zuzendutako lana.
Vitoria, 3 de marzo filmaz gain, Zinemira sailean aurkeztuko diren beste zazpi lanek izan dute ETBren parte hartzea: Mudar la piel (Ana Schultz eta Cristobal Fernández), Black is beltza (Fermin Muguruza), Jainkoak ez dit barkatzen (Josu Martinez), Gallo (Antonio Diaz Huerta), Gure oroitzapenak (film laburrez osatutako lan kolektiboa), Margolaria (Oier Aranzabal) eta Errementari (Paul Urkijo).