Itxi

Hitzarmena

EiTB, Korrikaren bidelagun

Leer en Castellano

EiTBk eta AEK-k apirilaren 4tik 14ra ospatuko den euskararen aldeko lasterketaren inguruko lankidetza-hitzarmena izenpetu dute.

Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusia eta Asier Amondo Korrikaren arduraduna

Euskal Irrati Telebistak eta Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinakundeak, AEK-k, lankidetza-hitzarmena sinatu dute Korrikaren inguruan, ostiral honetan, Bilbon. Maite Iturbe EiTBren zuzendari nagusiak eta Asier Amondo Korrikaren arduradunak izenpetu dute akordioa.

Itunaren ildoari jarraituta, Klika lelopean 21 edizio (39 urte) betetzen dituen euskararen aldeko lasterketaren promozioa egingo du EiTBk hedabide guztietan eta, horrez gainera, EiTBren logotipoa Korrikaren euskarrietan agertuko da babesle gisa.

Hasteko, datorren igandean, otsailaren 10ean, Kote Camachok zuzendutako Txillardegiren klika dokumentala izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en 21:30ean. Edizio honetan, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-k euskarari egindako ekarpena nabarmendu nahi izan du Korrikak, hain zuzen ere.

Txillardegiren klika osatzeko, 14. Korrikak Txillardegiri grabatutako elkarrizketan oinarritu da Kote Camacho. Dokumental berri horren ardatza elkarrizketa hartako irudi gordinek osatuko dute, nagusiki: han jorraturiko gaiek dokumental honetan jaso nahi direnekin bat egiten dutelako; Txillardegi, bere horretan, gustura eta natural ageri delako, kamerarik ez balego bezala; "Korrikak Korrikarako egina izateak magia-ukitua ematen diolako", diote arduradunek.

14. Korrika hark, Ni ere bai leloa zabaldu zuenak, euskara ikasteko urratsa egindako jendea omendu nahi izan zuen. Oraingoan, Korrika urrunago doa, Klika leloaz eskatu nahi baitu euskara erabiltzeko, euskaraz ahalduntzeko, euskararekin inplikatzeko, eta, noski, ez dakienak euskara ikasteko. Horregatik guztiagatik omenduko du Txillardegi: euskaldun berri zahar hura -berak zioen bezala- erabakigarria izan da euskararen historiako azkeneko mende erdian.

Elkarrizketa hura oinarri, bestelako artxibo ugari eta protagonista zenbait tarteko, (Bernardo Atxaga, Harkaitz Cano, Joxe Azurmendi, Miren Azkarate, Ibon Sarasola eta Laura Mintegi, esaterako), baina Txillardegi beraren ahotsa ardatz, hara hor Txillardegiren klika dokumentalaren osagarriak.

Korrikaren hasiera eta amaiera zuzenean, euskal hedabideekin elkarlanean

Berebat, orain bi urte bezala, Korrikaren hasiera eta amaiera zuzenean emango dute EiTBko hedabideek (telebistak, irratiak eta internetek) gainontzeko euskal hedabideekin lankidetzan. Horrez gain, Garestik Gasteiza egingo duen bidearen berri zehatza emango dute EiTBko hedabideek egunez egun (ETBk, Euskadi Irratiak, Radio Euskadik, Radio Vitoriak eta Gazteak) programa zein albistegietan.

Bestalde, eitb.eus-ek atari berezia dauka Korrikaren jarraipena egiteko eta Korrikaren inguruko bideo, zuzeneko eta berri guztiak bilduko dituzte orrialde horretan. Orobat, streamingez emango da Korrikaren ibilbidea.

Albisteak (1)

Informazio gehiago (1)