Telebista
Aedemo TV, telebistari buruzko topaketarik handiena, hasi da Bilbon
EiTB
Hasteko, 'Neotelebista, eduki biltegia ala...?' mahai-ingurua izan da, Edu Barinaga ETBko zuzendariak gidatuta.
AedemoTV jardunaldiak
AEDEMO TV 2019 telebista topaketa handia hasi da Bilbon. ETBren babesa duen jardunaldi honek Euskalduna Jauregia du egoitza nagusi, eta Espainiako Merkatu, Marketin eta Iritzi Ikerketa Elkarteak (Aedemo) antolatzen du, esparru horretan diharduten profesionalak biltzen dituen eta egun 800 bat kide dituen elkarteak.
Europa mailako telebistaren topaketa fororik garrantzitsuena bilakatuko da AEDEMO egun hauetan. Sektorean diharduten 400 lagunetik gora bilduko dira bertan, eta programa bete-betea jorratuko dute: multipantaila, telebista digitala, audientzia neurketa inguru gero eta korapilatsuago batean, eta kontsumitzaile berria eta horrek telebistarekin duen harremana.
Otsailaren 13an, Edu Barinaga ETBren zuzendariak gidatu duen mahai-inguru honekin hasi dira jardunaldiak: 'Neotelebista, eduki biltegia ala...?'. Bertan, ikus-entzunezko enpresetako ordezkariek hartu dute parte, eta egun dauden telebista kontsumo moten inguruan aritu dira.
Ostegunean, otsailaren 14an, hainbat ponentzia aurkeztuko dira, eta hiru zatitan banatuko da jardunaldia. Lehenengo zatian, telebistaren aro honetako audientzia neurketak izango dituzte hizpide; bigarren zatian, publizitate euskarriaren ikuspegitik arituko dira, eta publizitate berriak etorkizunean harrapatu beharko dituen ikus-entzuleei buruz jardungo dira hirugarrenean. Esparru horretan erreferente diren enpresetako ordezkariak izango dira, hala nola, Kantar Media, Kantar Millward Brown, Brown, Mindshare, Publiespaña, GFK eta Walt Disney.
Ostiralean, hilaren 15ean, hainbat aurkezpen izango da ikus-entzunezko kontsumoa hizpide, eta, amaitzeko, mahai-ingurua 'Telebista, beti telebista' izenburupean. Jota Abril aurkezle eta Telebistaren Akademiako zuzendaritzako kideak gidatuko duen mahai-inguruak zortzi partaide izango ditu, ikus-entzunezko esparrukoak, baita iragarki eta medio agentzietakoak ere: Fran Llorente, RTVEko Proiektu eta Estrategia zuzendaria; Jose Antonio Anton, Atresmedia TVko Programazio, Eduki eta Digitaleko zuzendaria; Javier Coromina, Adam Foods/Idilia Foods-en Komunikazio eta Medio zuzendaria; Francesc Escribano, Minoria Absolutako zuzendaria; Salvador Figueros, Publiespañako Marketin zuzendaria; Maite Iturbe, EiTBren zuzendari nagusia; Margarita Ollero, Arena Media Madrideko zuzendari nagusia, eta Jose Manuel Ubeda-Portugues, Movistar+ enpresako Audimetria eta Ikerketa arduraduna.