EiTB Taldea
Irratiaren Mundu Eguna ospatzen ari dira EiTBko irratiak
EiTB
Radio Euskadik Bilboko Gran Viatik egingo du bere programazioa egun osoan zehar, Euskadi Irratiak jolas bat proposatuko die entzuleei eta Radio Vitoriak estudioko ateak zabalduko dizkie herritarrei
Your browser doesn’t support HTML5 video
Unescoren deialdiarekin bat eginez, EiTB Taldeko irratiek Irratiaren Mundu Eguna ospatuko dute asteazken honetan, otsailaren 13an. Entzuleengana gerturatzeko asmoz, Radio Euskadiko irratsaio nagusiak kaletik egingo dira, Radio Vitoriak estudioak ezagutzera gonbidatuko ditu herritarrak eta Euskadi Irratiak jolas bat proposatuko die entzuleei.
Entzuleekin batera ospatuko du Euskadi Irratiak Irratiaren Mundu Eguna. Horretarako, jolas moduan, irratiarekin lotutako bizipen eta bitxikeriak kontatzeko eskatuko diete. Horixe bera egingo dute Radio Euskadik eta Radio Vitoriak ere.
Radio Euskadi
Radio Euskadik Bilboko Gran Viatik egingo du programazioa egun osoan zehar, 08:00etan 'Boulevard' saioarekin hasi eta 20:40an 'Ganbara'ko albistegiarekin bukatu arte. Irratia zuzenean nola egiten den ikusteko ez ezik, hainbat pertsona ezagunekin egoteko aukera ere izango dute entzuleek.
'Boulevard' albistegian, esaterako, Aitor Elizegi Athleticeko lehendakaria izango dute. Solasaldian, berriz, Iñaki Anasagasti, Bea Plaza eta Braulio Gomez. Bestalde, 11:00etan abiatuko den magazinean, Nadal sariaren aurtengo irabazlea elkarrizketatuko dute, Guillermo Martinez. Zuzeneko musika ere izango dute.
'Iflandia'n Jacobo Bergaretxe idazlea eta Loli Astoreka antzezlea izango dituzte gonbidatu, eta 'Graffiti'n sekulako festa osatuko dute. Kero izeneko grafitigileak saioarentzako propio asmatutako grafitia margotuko du zuzenean. Saioko kolaboratzailea den Imanol Ituiño magoak ikuskizun bat egingo du kalean bertan. Aurori Badiola eta Ibon Belandia kolaboratzaileak ere bertan izango dira saioari gatza eta piperra jartzen. Bestalde, 'La Mecánica del Caracol' saioan hainbat zientzia esperimentu egingo dituzte inprobisatutako estudioan.
Radio Vitoria
Arabako gure irrati kateak ateak zabalduko dizkie entzuleei 09:00etatik 15:00etara, irratsaio bat nola egiten den ikusi eta irratiko esatariekin batera kafetxo bat hartzeko.
Irratiaren Mundu Eguna ospatzeko, ezberdinen arteko elkarbizitza sustatu du aurten Unescok. Horren harira, Mugarik Gabe, Mugarik Gabeko Etorkinak eta Manuel Iradier Elkarte Afrikanista gobernuz kanpoko erakundeetako ordezkariak elkarrizketatuko dituzte. Beren lana ezagutzera emateaz gain, garapen bidean dauden herrialdeek irratiarekin duten harremanaz mintzatuko dira.
Aste berezia izaten ari da honako hau EiTB Taldeko irratientzat. Madrilen hasi den 'Proces' auziaren epaiketari adi-adi begiratzeaz gain, saskibaloiko Errege Kopako finala izango dute arreta-gune, batez ere Radio Vitoriak.