EiTB
EiTBko Administrazio Kontseiluak joko eta apustuen publizitatea debekatzea onartu du
EiTB
Halaber, ontzat eman dute maiatzaren 26ko udal, foru eta Europako hauteskundeen jarraipena egiteko zuzendaritzak aurkeztutako plana.
EiTBko Administrazio Kontseiluak ontzat eman du astearteko (apirilak 30) bileran zuzendaritzak zenbait joko-jardun sustatzea helburu duten publizitate-emisioen arauak aldatzeko aurkeztu duen proposamena.
"EiTBren aburuz, 2012ko uztailaren 17ko Administrazio Kontseiluak araututakoa egokitzea beharrezkoa da. Helburua, jokoak eta apustuek sor ditzaketen adikzio arazo larrietatik pertsona ahulenak babestea da", azaldu du Maite Iturbe zuzendari nagusiak batzarrean.
"Hartara, eta salbuespen jakin batzuekin, jokoarekin zerikusia duten publizitate eta promozio-jardunak eta emisioak debekatu nahi ditugu", erantsi du. Aurrerantzean, EiTBk ez du onartuko bere hedabideetan (irratian, telebistan eta Interneten) jokoarekin erlazionatutako inolako publizitate edo promozio ekintzarik, ezta marka edo ekitaldien publizitate korporatiboa ere, baldin eta hura gauzatzen duten enpresen jarduera nagusia jokoa baldin bada.
Haatik, debeku horretatik salbuetsita honako bi kasu hauek geldituko dira: bateko, Estatuko Administrazioaren eta Organzación de Ciegos Españoles (ONCE) erakundearen eskumenekoak diren loteria eta apustuak eta, besteko, publizitate estatiko eta promozio guztiak, baldin eta eskubideak eskuratzeko zein hedatze seinalea ekoizteko ezinbestekoak badira. Halaber, ETBk emititutako euskal pilota partidetan jasotako publizitate estatikoaren kasuan, EiTBk entitate eskudunekin negoziatu beharko du, jokoarekin zerikusia duen publizitate estatikoa murriztu edo ezabatzeko helburuarekin.
Arautzearen aldaketa abian dago. Edonola ere, aldaketa indarrean sartu baino lehen formalizatutako eta oraindik indarrean dirauten komertzializazio akordioak ez kaltetzeko, akordio horiei eutsi egingo zaie, gehienez ere 2019ko abenduaren 31ra arte.
Ontzat eman dute hauteskunde kanpainaren jarraipen plana
EiTBko Administrazio Kontseiluak, halaber, maiatzaren 26ko udal, foru eta Europako hauteskundeei begira EiTBko zuzendaritzak aurkeztu duen jarraipen asmoa onartu du.
Hortaz, ETB1 eta ETB2 eta Euskadi Irratia, Radio Euskadi eta Radio Vitoria buru-belarri ariko dira kanpaina osoan, eta baita hauteskunde egunean bertan ere. Eguneroko informazioa albistegietako tarte berezietan sartuko da, baina horrez gainera, elkarrizketak eta hainbat eztabaida ere izango da (horietako batzuk deskonexioan), eta doako iragarkiak. Hauteskunde gauean, berriz, saio bereziak, inkestak, botoen kalkuluak eta behin betiko emaitzak.