FORTAren 30. urteurrena
FORTAk 30 urte bete ditu herritarren zerbitzura
EITB
Chillida Lekun ospatu du Irrati eta Telebista Autonomikoen Organismoen Federazioak bere 30. urteurrena.
Ostegun honetan, ekainaren 13an, Irrati eta Telebista Autonomikoen Organismoen Federazioak (FORTA) Chillida Lekun ospatu du bere 30. urteurrena. Halaber, elkartearen kide diren erakundeen ordezkariek Batzar Nagusia egin dute eta oniritzia eman diote FORTA Irratigintzako Europako Batasuneko (UER) eskubide osoko kidea izateko proposamenari.
FORTAren ibilbidea eta lorpenak
FORTAn bildutako ikus-entzunezko zerbitzu publiko autonomikoetako zuzendari nagusiak bat etorri dira Federazioak 30 urte hauetan bete duen eginkizun garrantzitsua nabarmentzerakoan; izan ere, organismo egituratzaile horri esker helburu erkideak lortu dituzte, eta gizartean betetzen duten zerbitzu publikoaren eredua defendatu ere egin dute.
Ens Public de Radiotelevisió de les Illes Balears (EPRTVIB) erakundeko zuzendari nagusia eta FORTAko egungo presidentea Andreu Manresa-ren hitzetan, "FORTA arrakasta kolektibo baten historia da; berdinen federazio bat da, aniztasun eta antzekotasun handiak dituen herrialde honen azala konfiguratzen duena (ikus-entzunezkoa, soziala, kiroletakoa, kulturala eta ekonomikoa)". Bere esanetan, "kulturgintzaren eta informazioaren industriek, ikus-entzunezko sistema publikoek, bizirik iraungo dute, beharrezkoak baitira sistema demokratikoaren ardatz bezala. Eskaria hor dago, herritar guzti-guztiek eskatzen baitute norbaitek konta diezaiela zer gertatzen edo asmatzen ari den. Inork ez du hartuko giza begiradaren lekua, gizakiaren begiaren eta ahotsaren lekua, zuzeneko kontakizunaren lekua. Hori da gure rola, belaunaldi guztien aurrean".
José Pablo López Telemadrideko zuzendari nagusiaren iritziz, "Federazioa sormeneko funts erkide handi bat da, telebista egiteko modu eta formatu batzuk hedatu dituena". Gainera, "FORTAk lehiatzeko aukera eman digu, baina, horrez gain, gertuko telebista eta irratiaren profila zehazten ere lagundu digu, eta horixe da, hain zuzen, gure ezaugarri nagusia".
Canal SUR Radio y Televisión organismoko zuzendari nagusi Joaquín Durán-en hitzetan, "30 urteotan, Espainiako enpresen eta lurraldeen kohesiorako elementu izan da Federazioa, eta esan dezakegu irrati-telebista autonomikoak ez liratekeela inola ere gaur dauzkagunak izango, FORTA existitu izan ez balitz".
Bestalde, Corporació Catalana de Mitjans Audiovisuals (CCMA) erakundeko presidenteorde eta jarduneko presidente Núria Llorach-en arabera, "FORTAren kide sortzaile garen aldetik, guztiz sinetsita gaude duela 30 urte elkarrarazi gintuzten balioek bere horretan dirautela. Arduraz kudeatzeko, ezinbestekoa da lankidetzan aritzea, baliabide publikoen aldetik ahalik eta efizientzia handiena lortzeko".
Castilla-La Mancha Media (CMM) organismoko zuzendari nagusi Carmen Amores-en aburuz, "ikus-entzunezko autonomikoak, oro har, gauza izan dira baliabide publiko hau kudeatuz pluraltasunean, gertutasunean, efizientzian eta gardentasunean oinarritutako eredu bat eraikitzeko, eta ezinbesteko bihurtu dira». Gaineratu duenez, «ikus-entzunezko sektorearen funtsezko azeleragailua dira".
Radiotelevisión de la Región de Murcia (RTRM) erakundeko zuzendari nagusi Juan Miguel Aguado-ren esanetan, "Espainiako ikus-entzunezko kultura eta industria autonomikoaren katalizatzaile izugarria izan da FORTA. Gertutasuneko zerbitzu publikoa egituratzeko elementu gisa duen rola garrantzi handiko ekarpena izan da demokraziarentzat eta herritarren garapenarentzat. Orain, erronka teknologikoan bete-betean sartuta gaudenean, sinergiak eratzeko duen gaitasunari esker, ezinbesteko eragilea da ikus-entzunezko zerbitzu publiko digitalaren etorkizunerako".
Corporación Radio e Televisión de Galicia (CRTVG) organismoko zuzendari nagusi Alfonso Sánchez Izquierdo-ren esanetan, "FORTA gauza izan da bilakaera bat izateko eta Espainia osatzen duten erkidegoetako sentsibilitate guztiak bateratzeko, beren hizkuntza, kultura eta tradizioekin, eta guztiak estalpe berean biltzeko. Hori bera da Loveo ekintzaren komunikazio-ildoan islatutako espiritua, lelo hau erabili baitu: Desberdintasunak partekatzen ditugu. Lelo aproposagorik ez dago, urte hauetan guztietan irauteko eta elkarlanerako izan dugun espiritua deskribatzeko".
Radio Televisión Canaria (RTVC) erakundeko administratzaile bakar José Carlos Naranjo-ren iritzian, "FORTA familiak erakutsi du gutxirekin asko egiteko gauza dela. Txikion indarrak batuta, produktu handiak egiten ari gara, kalitatezkoak, oso baliabide gutxirekin. Izan ere, kate autonomikoek gastatzen dute gutxien, Europako batezbestekoarekin alderatuta. Arrakasta horretaz harro egon behar dugu guztiok".
Bestalde, Maite Iturbe Euskal Irrati Telebistako (EiTB) zuzendari nagusiak nabarmendu duenez, "FORTAk lan handia egin du urte hauetan guztietan, baliabideak partekatuz: kirol-emankizunen produkzioan elkarlanean arituz edo albistegietarako seinaleak eta bideoak trukatuz; programak eta zinema erosiz eta ekoitziz; formatuak trukatzeko foroak aktibatuz edo gure produktuak elkarrekin merkaturatuz". Gainera, honako hau adierazi du: "Ikus-entzunezkoen munduan etengabe bizi ditugu aldaketak eta edukiak kontsumitzeko modu berriak agertzen ari dira; esfortzuak bateratzea ezinbestekoa da, beraz".
Kontsumo mota berriak eta etorkizunerako erronkak
Corporación Aragonesa de Radio y Televisión (CARTV) erakundeko zuzendari nagusi Teresa Azcona-ren iritzian, "gaur egun telebistako eta irratiko edukiak kontsumitzeko dugun moduak ez du zerikusi handirik duela bost urtekoarekin, eta eraldaketa hori gero eta azkarrago ari da gertatzen". "Aurrean ditugun erronkak oso konplexuak dira eta aukeraz beteta daude, eta bidaia hori egiteko aliatu onenak FORTAn bildutako ikus-entzunezko zerbitzu publiko autonomikoak ditugu, nire iritzian", gaineratu du.
Radiotelevisión del Principado de Asturias (RTPA) organismoko zuzendari nagusi Francisco González Orejas-en hitzetan, "FORTAk, sortu zenetik, masa kritikoa lortzeko aukera eman die irrati-telebista publiko autonomikoei. Horrela, beren irismena dela eta beren kabuz gauzatu ezin izango zituzketen ekimenei heldu ahal izan diete. Etorkizunean, irrati eta telebista publikoen funtsezko egitekoa defendatzen jarraitu beharko dugu, baina dagoeneko aurrean dauzkagun erronketara egokituta, ingurune digitalak ekarri dizkigunetara, alegia".
Corporació Valenciana de Mitjans de Comunicació (CVMC) erakundeko presidente Enrique Soriano-ren iritzian, "Valentziako komunikabide publikoak jaio diren espazio publikoa eta duela urte batzuetakoa oso ezberdinak dira –FORTAn sartu den azkena da CVMC– eta sektore publikoak bat eginda erantzun behar die etorkizuneko erronkei. Lorpenik handiena izango da irratian, telebistan eta Interneten herritarrentzako komunikazio-espazio publiko esanguratsu bat mantentzea".
Azken finean, honako hauek dira etorkizuneko erronka nagusiak: garai berrietara eta digitalizaziora gehiago egokitzea –emanaldi interaktiboen eta transmedien aldeko apustua eginez–, herritar gazteenen eskariei erantzutea, aniztasunean sinergiak eratzea, beste operatzaile batzuekin lehian aritzea eta lankidetza-eredu batean batuta jarraitzea, eta aukerak baliatzea presentzia izateko eta lankidetza Europako telebisten artera zabaltzeko. "Batasunari esker, irrati eta telebista publikoen aldeko diskurtso komun bat daukagu", ondorioztatu dute FORTAn bilduta dauden organismoen zuzendari nagusiek.