FesTVal 2019
Ramon Agirrek EiTB Saria jaso du aurtengo FesTValen
EITB.EUS
Aktore ibilbidean Euskal Telebistarekin izan duen harremana eta egindako ekarpena goraipatu nahi ditu EiTB Sariak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Ramon Agirre (Donostia, 1954) aktoreak jaso du aurten EiTB Saria, Gasteizen ospatu den FesTVal jaialdiaren amaierako galan. Ramon Agirrek bere aktore ibilbidean Euskal Telebistarekin izan duen harremana eta egindako ekarpena goraipatu nahi ditu EiTB Sariak. Halaber, Ander Gonzalezek eta Gabriela Uriartek aurkezten duten ETB2ko 'A Bocados' saioak FesTVal sari berezia jaso du.
Gasteizko FesTVal jaialdia irailaren 2tik 8ra ospatuko da, eta Euskal Telebistak telebista saio eta protagonisten topagunea den leiho honetan aurkeztu zuen udazkeneko programazio berria, irailaren 6an, Europa Jauregian.
Bestalde, irailaren 2an, '3 Ene Kantak' ETB3ko saio berriaren estreinaldiaren harira, Ene Kantak taldeak etxeko txikienei zuzendutako ikuskizun berezia eskaini zuen Gasteizko Plaza Berrian, 18:00etan.
Ostiralean, irailaren 6an, 'Restaurante Sin Barreras' saio berriaren aurrestreinaldia eskaini zuen ETBk Principal Antzokian.
Ramon Agirre eta 'A Bocados' sarituak, FesTValeko itxiera galan
Larunbatean, irailaren 7an, ospatu den itxiera galan, FesTVal jaialdiak urteko telebista ekoizpen eta protagonista nabarmenenak saritzen ditu, eta aurten Euskal Telebistak presentzia berezia izan du.
Ion Aramendi ETBko aurkezleak gidatu du sari-banaketa, eta galaren gidoilari lanetan Humberto Gutierrez umoregile eta 'QMEC' kolaboratzailea aritu da. ETBko aurkezle eta aurpegi ezagunenak FesTValeko alfonbra laranja egin dute Principal Antzokian ospatu den ekitaldiaren aurretik.
Sarituen artean, Ramon Aguirre aktoreak EiTB Saria jaso du. Aktore jarduera oparo eta aberatsa du Ramon Agirrek antzerkian, zinean eta telebistan. ETBren saio eta batez ere telesail entzutetsuenetan hartu du parte. 'Bai Horixe!' saioan euskara ikasten lagundu zigun ETBren hastapenetan, eta ordutik aurrera fikziozko sail arrakastatsuenetan parte hartu du: 'Bi eta Bat', 'Bertan, Zoro', 'Flamingo Berria', 'Benta Berri', 'Duplex', 'Balbemendi', 'Goenkale' eta hurbilagoak ditugun 'DBH', 'Eskamak Kentzen' eta 'Go!azen'.
Zinean, izen handiko film askotan parte hartu izan du, baina, batez ere euskal zinemagintzako titulurik garrantzitsuetan ikusi dugu: Igelak, Errementari, Aupa Etxebeste! eta Handia, gutxi batzuk aipatze arren.
EiTB Saria jaso duten profesionalen artean Anne Igartiburu, Pello Sarasola, Karra Elejalde, Karlos Arguiñano, Maribi Bilbao eta Mikel Ayestaran daude.
Halaber, Ander Gonzalezek eta Gabriela Uriartek aurkezten duten 'A Bocados' saioak FesTVal sarietako bat jaso du. Dygital ekoiztetxeak eta Euskal Telebistak ekoiztutako saioaren asmoa jaki osasuntsu eta goxoak prestatzea da eta, irailean ekingo dio hirugarren denboraldiari. 'A Bocados' astelehenetik ostiralera dago ikusgai ETB2n, 20:15ean.
Bestalde, '3 Ene Kantak' saioa aurkezteko ikuskizuna eskaini zuten Ene Kantak taldeko kideek irailaren 2an,Gasteizko Plaza Berrian.
'3 Ene Kantak’ saioa haurrei zuzendutako ETB3 telebista kanalean dago ikusgai, egunero, irailaren 2tik aurrera. Abestiak, dantzak, esketxak, astero Euskal Herria osoko eskoletan grabatutako bideoklipak eta sorpresa ugari ekarriko ditu Ene Kantak taldeak ETB3ra ikasturte honetan.