EiTB Taldea
EiTBk sozietate-integrazioko prozesua hasiko du
ERREDAKZIOA
EiTBren Zuzendaritza Nagusiak sozietate-integrazioko prozesuaren hasieraren berri eman dio Administrazio Kontseiluari
EiTBren Bilboko egoitza. Argazkia: EiTB
EiTBren Zuzendaritza Nagusia Administrazio Kontseiluarekin bildu da gaur, irailak 24, asteartea, eta jakinarazi dio hasiera eman diola sozietate-integrazioko prozesuari, telebistako sozietate publikoa (Euskal Telebista SAU), irratikoak (Eusko Irratia SAU eta Radio Vitoria SAU) eta Internetekoa (Eitbnet SAU) bakarrera ekartzeko.
Telebistako sozietateak beste guztiak xurgatuz gauzatuko da integrazioa, berori baita enpresotan handiena. Enpresa-izen berria izango du bat-egitetik sortzen den enpresak, eta bere egingo ditu xurgatutako sozietateen enpresa-xedeak.
Gaur Administrazio Kontseiluari azaldutako sozietate-integrazio prozesua, aurretik, Legebiltzarrean dauden alderdien ordezkariei eta EiTBko erreformaren Ponentziari aurkeztu dio EiTBren Zuzendaritzak.
EiTBren 2017-2020 aldiko Plan Estrategikoaren barnean jasota dago sozietate-integrazioaren proiektua, EAEko irrati-telebista publikoak komunikazio-eredu multimediara egokitzeko. Gaur egun aurre egin beharreko erronka handiak zein diren ikusita, integrazioari esker, ondarearen egoera indartu egin daiteke, errazago koordina daiteke edukien fabrikazioa, eta handiagoak izan daitezke prozesuen sinergiak eta transformazio digitalerako aukerak.
Integrazio-prozesuak ez dio eragingo Zuzendaritza Nagusiari, ezta erakunde publikoaren kudeaketa korporatiboari ere, EiTB sortzeko 5/1982 Legearekin bat. Sozietate berriak telebista-kanaletarako, irrati-kanaletarako eta ingurune digitalerako edukiak fabrikatzeko eginkizuna hartuko du bere gain; hots, ikus-entzunezko edukietan espezializatutako merkataritza-zuzenbideko sozietate bat izango da.
Integrazio-prozesua 2020ko udaberrian amaituko da, prozedura tasatua baitu: lehenik, sozietate guztien urteko kontuak formulatu eta auditatu egin beharko dira (2019ko abenduaren 31n itxi eta gero); bigarrenik, bat-egitearen proiektu komuna osatu eta, azkenik, dagozkion jakinarazpenak, dekretuak eta egintza juridikoak aurrera eraman. Integrazioa burututa, 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondoreak.
Sozietate-integrazioari esker, etorkizunean errazago bideratu ahal izango da antolamenduak eta prozesuak bateratzea Hori dena beste fase batean egingo da, teknikoki aipagai dugun proiektuaren helmenetik kanpo dagoelako, proiektu hau alderi sozietario eta juridikoei bakarri baitagokie.
Zigor-arloko compliancea onartzea
Halaber, gaurko bileran, EiTBren Zuzendaritza Nagusiak administrazio-kontseiluari jakinarazi dio EiTB Taldearen zigor-arloko compliancea onartu duela. Delituak prebenitzeko sistema hori EiTBko langile guztiek izan beharreko jokabide etikoan datza.
EAEko irrati-telebista publikoak sortutako kudeaketa-sistema bat da, kode etikoa ezagutu eta betetzen dela bermatzeko, eta, ahal dela, enpresa-jardueraren esparruan jokabide okerrei bide ematea edo halakorik gertatzea prebenitzeko, xede horretarako diseinatutako prebentzio-sistemarekin. Onartu den ereduaren irismenaren barnean dago EiTB erakunde publikoa; bere borondatez egiten du bere, horretarako legezko betekizunik izan gabe, jardunbide egokiak bermatzeko eta kudeaketa aurreratuko ereduari eusteko.
Kode etikoa eta delituak prebenitzeko sistema (dagoeneko, bi-bietara atxiki da EiTBren Administrazio Kontseilua) nahitaez betetzekoak dira langileentzat, eta zuzendariek idatziz adierazi behar dute atxikimendua. Enpresa hornitzaileei, bezeroei eta hirugarrenei ere eragiten diete EiTBrekin dituzten harremanetan.
Sistema ezarrita, EiTBk jardunbide okerren salaketak kudeatzeko sistema bat izango du, salaketok ikertu eta, hala dagokienean, hartu beharreko neurriak hartzeko. Plana berrikusteko eta eguneratzeko konpromisoa ere hartu du, betiere EiTB Taldearen egoerara egokituta egon dadin eta eraginkorra izan dadin.
EiTBren Kode Etikoak portaera-irizpideak zehazten ditu, besteak beste, arlo hauetan: zuzentasun finantzarioa, langileekiko harremanak, interes-gatazkak, isilpeko informazioa, opariak eta bestelako mesedeak.