Ohar editoriala
EiTBk 'Larrialdi klimatikoa' erabiliko du bere ildo editorialean
EiTB
EiTBk "larrialdi klimatikoa" normaltasunez erabiltzea erabaki du, herritarrak arazo global horretaz kontzientziatzen laguntzeko konpromisoa berretsiz.
EiTBk 'larrialdi klimatikoa' erabiliko du hemendik aurrera bere ildo editorialean, herritarrak arazo global horretaz kontzientziatzen laguntzeko konpromisoa berretsiz. Izan ere, kontzeptu honek herritarrak esnatzeko balio dezakeela uste du EiTBk.
Aurtengo martxoan, EiTBk Klima Aldaketaren inguruko Adierazpena sinatu zuen beste hainbat komunikabiderekin batera, kazetaritza-jarduna hobetzeko eta komunikabideek fenomeno horren aurrean duten funtzio soziala betetzen laguntzeko.
Konpromiso hori garatzeko, EiTBk 'larrialdi klimatikoa' kontzeptuaren erabilera normalizatua txertatzea erabaki du bere ildo editorialean, jasangarritasun eta garapen estrategia berrien inplementazioa bultzatzeaz gain, jendartea esnatzeko ere balio duen kontzeptua delako.
'Larrialdi klimatikoa' globala da, baina tokian tokiko inpaktu eta ondorio desberdinak ditu. Gizateriaren historian aurrekaririk gabeko mehatxua da; eta beraz, XXI. mendeko gizarte, ekonomia eta ingurumen erronkarik handiena dela esan daiteke. NBEk, EBk eta komunitate zientifikoak deitutako alertek — Europak munduko isurketen %9ren ardura du— indarra izan behar dute edozein herrialde edo lurraldetako jarduera bidegabeen aurrean. Ikuspegi ekonomikotik eta ikerkuntzaren aldetik, aukera gisa ere ikusi behar da.
Baliagarriak izaten jarraitzen dute "krisi klimatikoa" eta "aldaketa klimatikoa" adierek. Azken honek prozesu bati egiten dio erreferentzia, adibidez, baina ez du adierazten "larrialdi klimatikoa" kontzeptuak nabarmentzen duen larritasuna eta urgentzia.