Itxi

EiTBko albistegiak

EiTBko albistegiak Londrestik egingo dira 'brexit'aren berri emateko

EiTB

Leer en Castellano

Xabier Usabiagak "Gaur Egun" eta Juan Carlos Etxeberriak "Teleberri" Londrestik aurkeztuko dute ostiral eta larunbatean. "Boulevard"ek eta "Faktoria"k bertatik emango dute berri ostiralean.

Brexitaren inguruan Londrestik emango du berri EiTBk. Argazkia: EFE

EiTBko albistegiek bertatik bertara emango dute brexitaren berri. Ostiralean eta larunbatean (urtarrilak 31 eta otsailak 1) "Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegiak Londrestik egingo dituzte. Juan Carlos Etxeberria eta Xabier Usabiaga aurkezleak bertan izango dira, Parlamentuaren ondotik berri ematen eta albistegia aurkezten.

Arreta berezia jarriko diote telebistan brexitaren hitzordu erabakigarriari korrespontsal eta bidali bereziekin: Londrestik Ane Roteta, Bruselatik Olatz Arrieta, Belfastetik Ane Irazabal eta Calaistik Nerea Reparaz arituko dira berri ematen. Halaber, brexitak Euskal Herriko beste leku batzuetan ere izango du eragina, Bilboko portuan edota Loiuko aireportuan, besteak beste, eta horren berri ere emango dute. Erreportaje bereziak, elkarrizketak eta zuzeneko konexioak izango dira hainbat lekutatik.

Erresuma Batua Europar Batasunetik ateratzeko prozesuari buruzko informazioa zuzenean emateko, ostiralean, Radio Euskadin Dani Alvarezek gidatzen duen "Boulevard" albistegia eta Euskadi Irratian Maite Artolak gidatzen duen "Faktoria" Londresen izango dira. Kazetari, aditu, protagonista eta gaiaren inguruan zeresana duten ahotsak bilduko dituzte EiTBko irratietan. Maria Suarez eta Iñigo Alustiza ere, Londrestik arituko dira, eta Nerea Sarriegi lankidea Eskozian izango da, bertan zein ondorio izango dituen azaltzeko, eta Mikel Rotaetxek Bruselatik emango du azken ordukoaren berri.

Bestalde, eitb.eus-ek jarraipen zabala egingo dio brexitari. Irrati eta telebistako eduki eta emanaldi guztiak eskaintzeaz gainera, adituen iritziak bilduko ditu eta Felipe Etxebarria kazetariak analisia egingo du.