Martxoak 8
Emakumearen Nazioarteko Egunari jarraipen berezia, EiTBn
EiTB
Telebista, irrati eta eitb.eus-en berdintasunaren aldeko borrokari buruzko eduki bereziak landuko dituzte martxoak 8an eta aurreko egunetan.
EiTBk arreta berezia eskainiko dio martxoaren 8ko Emakumearen Nazioarteko Egunari, baina aurreko egunetan ere euskal komunikazio taldeko hedabideek berdintasunaren aldeko borrokari buruzko eduki bereziak landuko dituzte.
Albistegiak
ETB1eko eta ETB2ko "Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegiek arreta berezia eskainiko diete martxoaren 8ko deialdiei eta aldarrikapenei, eta emakumeek gaur egun bizi duten errealitatearen hainbat alderdi aztertuko dituzten bideoak eskainiko dituzte, martxoaren 8an bertan zein aurreko egunetan.
Ostiralean, martxoak 6ean, 150 langiletik gora dituzten enpresa guztiek berdintasun plana izan eta erregistratzera behartzen duen iazko dekretua aztertuko dute ETBko albistegietan. Dekretuaren arabera, martxoaren 7tik aurrera hasi beharko dira euskal enpresak aipatutako planarekin, 2021an 100 langiletik gorakoek, eta 2022an 50 langiletik gorakoek. Euskal enpresak ba ote daude neurri horiek ezartzeko prestatzen? Zer jaso behar du dekretuak eskatzen duen berdintasun planak?
Larunbatean, martxoaren 7an, kalera irtengo dira. Azken bi urtetan feminismoak hartu duen indarraren harira, herritarrei aldaketarik nabarmendu duten galdetuko die.
Aktualitatezko gainerako saioek, "Egun On Euskadi", "Ahoz Aho", "En Jake" eta "Qué Me Estás Contando"k, halaber, M8arekin zerikusia duten hainbat alderdi nabarmenduko dituzte ikuspegi sozial eta politikotik, ostiral honetan eta baita datorren astelehenean ere.
"Hitzetik Hortzera" eta "Arte[faktua]'
Bertsolaritzari buruzko "Hitzetik Hortzera" saioa (igandero, ETB1en eta eitb.eus-en) historian zehar bertsolaritzan nabarmendu diren emakumeei buruzko atal sorta eskaintzen ari da.
Zehazki, igande honetan, martxoaren 8an, Ane Labakarekin eta Miren Artetxerekin elkartu da Eider Perez, Bertsolaritza feminismotik birpentsatzen argitalpena hizpide hartuta. Halaber, Asteasuko Mikaela eta Joxepa Inaxi Elizegi eta Zizurkilgo Plazida Otaño bertsolariak ezagutuko dituzte, eta Andoainen, Arrasaten, Lasarte-Orian eta Iruñean izandako saioetako bertsoaldiak eskainiko dituzte.
"Arte[faktua]" literatura saioa ere feminismoari begira jarriko da martxoan, eta gaiarekin lotutako idazleak nahiz liburuak jarriko ditu lehen lerroan. Irene Arrarats Berria-ren estilo liburuaren zuzendari, euskara zuzentzaile, itzultzaile eta euskaltzain urgazlea izango da martxoaren 7ko gonbidatu nagusia, hark itzuli baitu Simone de Beauvoirrek idatzitako Bigarren sexua liburu gogoangarria.
Hurrengo asteetara begira, Lucia Baskaran idazle zarauztarra elkarrizketatuko dute martxoaren 14an, Gorputz madarikatuak liburuaren karietara; Elena Olave poeta durangarra izango da protagonista martxoaren 21eko saioan, Zeldak–gorputz honetatik izeneko lehen poema liburua mintzagai haratuta; eta amaitzeko, martxoaren 28an, Karmele Jaio idazle gasteiztarrarekin izango da Yolanda Mendiola Aitaren etxea liburuaz hitz egiteko.
Las 11 de Bilbao erreportajea, "360º" saioan
Igande honetan, hilak 8, Las 11 de Bilbao erreportajea izango da ikusgai Eider Hurtadok aurkeztutako "360º" saioan. Basauriko Kalero auzoko etxekoandre xume batzuen istorioa kontatzen da bertan, 1985eko Abortuaren Legearen onarpena bultzatu zuten emakumeen historia.
Arratsalde horretan, Petra Biondina Volpek 2017an zuzendutako El orden divino film saritua izango da ikusgai ETB2n. Filmak 1971n Suitzan emakumeen sufragioa lortzeko borroka egin zuen emakume bat du ardatz. Eta ondoren, Cathy Bates eta Jessica Tandy protagonista dituen Tomates verdes fritos filma eskainiko da.
Kirol emanaldiak
Egun horretan, eguerdian, kirol hitzordu garrantzitsua izango da ETB1en eta eitb.eus-en: Emakume Master Cup Txapelketako eskuz binakako semifinalak eskainiko dira zuzenean Beasaindik.
"Boxeo Izarrak" saioak ere pisu erdi-astuneko munduko txapelketa eskainiko du ostiralean, martxoaren 6ean, Alicia Napoleon-Espinosa eta Elin Cenderroos boxeolarien artean.
Martxoaren 8a EiTBko irratietan
Martxoaren 8an, Radio Euskadik, Euskadi Irratiak, Radio Vitoriak eta Gazteak jarraipen berezia egingo diete Emakumearen Nazioarteko Egunarekin zerikusia duten gaiei.
Radio Euskadin, "Crónica del Fin de Semana" saioan, Ander Arzak Bizkaia Zubiko zuzendari nagusiarekin eta enpresako lankide batekin arituko da solasean. Biak emakumeak dira eta bien ibilbideen arteko berdintasun eta ezberdintasunak aztertuko dituzte. Horrez gain, martxoak 8ko deialdien berri emango dute.
"Más Que Palabras" saioak, bere aldetik, lehen ordu osoa eskainiko dio Emakumearen Egunari. Elkarren artean oso ezberdinak diren pertsonekin arituko dira hizketan, horien artean, gizonak, emakumeak, trans eta 18 urte oraindik bete ez dituzten gazteak. Feminismoa ikuspegi ezberdinetatik aztertu daiteke? Ikuspegi guzti horiek Martxoaren 8an bat egiten ote dute?
Bestalde emakume aktibista nabarmenenak elkarrizketatukodituzte mugimenduaren etorkizuna, erronkak eta eragin lokala zein globala aztertzeko. Horien artean, Irantzu Varela, Lidia Falcón, Nerea Barjola, Ziortza Karranza, June Fernández , Jose A. Perez, Bego Zabala, Ane Etxegoien, Marian Parra eta Josetxu Riviere.
Radio Vitorian, hasteko, Aldabeko gizarte etxean egongo dira, bertan antolatu diren tailerrak ezagutzeko, eta Sorginen Etxera ere hurbilduko dira, bertatik aterako den giza-katearekin bat eginez. Gainera, Gasteizko kaleak hartuko dituzten ekitaldi eta manifestazioen berri emango dute.
Igandean bertan, "Alguien te está Escuchando" saioren Territorio Solidario atalean, berdintasunaren alorrean lan egiten duen pertsona edo kolektibo bat hartuko dute protagonista.
Euskadi Irratian, erredakzioko gazteei adineko emakumeak elkarrizketatzeko eskatuko diete. Batzuen eta besteen arteko aldea, larunbateko "Amarauna" saioan izango da entzungai. Igandean, martxoak 8ko deialdi eta eguneko ekitaldi eta manifestazioen berri ere emango du Euskadi Irratiak.
Eduki guztiak, eitb.eus-en
eitb.eus-en, telebistan zein irratian landutako informazioak ikusi eta entzuteko aukera izango da. Berebat, egunean zehar, berdintasunari buruzko erreportaje eta elkarrizketekin batera, M8ko ekitaldien jarraipena egingo dute.