Memoria Integratua EGE/IEFE
EITBren gizarte, ingurumen eta ekonomia jarduera, 2019ko Memoria Integratuan
EiTB
AENORek egiaztatutako txostenak, EITBn zerbitzu publikoa zertan den azaltzen du,jasangarritasunaren ikuspegitik.
EiTBren Bilboko egoitzako aurrealdea. Argazkia: EiTB
EITBk bere gizarte, ingurumen eta ekonomia jardueraren berri eman du 2019ko Memoria Integratuan. Txostenaren helburua interes taldeei jasangarritasuna eta gizartearen konfiantza hobetzeko egiten den kudeaketa eta ekimenak azaltzea da. Memoria Integratuak jasangarritasunari buruzko informazioa biltzen du, eta baita informazio ez finantzarioaren egoera ere, eta, ondorioz, informazio oparoagoa eskaintzen da.
AENORek, sistemak ziurtatzeko erakunde liderrak, egiaztatu du Memoria Integratua. Txostenak, EITBk zerbitzu publikoa nola garatu duen azaltzen du, Taldearen jasangarritasuna osatzen duten ardatz eta arlo ezberdinen ikusmiratik: enpresa, pertsonak, gobernu korporatiboa, herritarrak, euskara, Euskadi Munduan eta ingurumena.
Aipatutako ardatz horietan, EITBren kudeaketari buruzko hainbat alderdi eta emaitza nabarmen aurki daitezke.
Informazioan eta aktualitatean lider
Enpresaren alorrean, ikuspegi eta misioaren arloan, helburu nagusietako bat da informazioan eta aktualitatean lider izatea. Talde autonomikoen artean, EiTB bigarrena da Kataluniaren ondoren, % 11,4ko telebista audientzia zatiarekin. Albistegien irismena, halaber, handia da: ikus-entzuleen % 47ak egiten du bat eguneko uneren batean "Gaur Egun" eta "Teleberri"rekin. EiTBko irratiek, bestalde, euskal entzuleen % 37,20 hartzen dute. Interneten, berriz, eitb.eus-ek albiste eta entretenimendu webgune indartsua du. 2019an, hilero, lau milioitik gora erabiltzaile bakar izan dituzte.
Enpresari eskainitako ardatzean nabarmendu beharreko beste datu bat da tokiko kontratazioak duen garrantzia iraunkortasun-politiken funtsezko alderdi gisa. Aberastasuna sortzeko motor gisa, 2019an, EITB Taldeak 68 milioi euro baino gehiago transferitu zizkien euskal enpresei.
EITB, ikus-entzunezko euskarazko eskaintza nagusia
EiTB dugu euskarazko ikus-entzunezko eskaintza nagusia. ETB1ek, ETB3 haur programazioko kanalak, Hiru3 komunitate multimediak, Gaztea eta Euskadi Irratia irratiek, eta eitb.eus eta EiTB Nahieran atariek euskarazko eskaintza oparoa dute. Gazteen aisialdiko jardunetan, orobat, EiTBk leku garrantzitsua du Gaztea irratiaren bidez, ikusi eta bizi ere egin behar den irratiaren bidez. Horrez gain, "Go!azen" pantaila gainditu duen fenomeno transbertsalak oihartzun handia du gaztetxoenen artean.
Komunikazio Taldea, halaber, profesional eskola ere bada. Datozen belaunaldietarako kazetariak prestatuko dituen eskola, alegia.
Bestalde, aipatzekoa da Euskadi Irratian, ETBn eta eitb.eus-en eskaintzen den publizitatean azken urteotan egindako inbertsio handia, publizitatea euskarara bikoiztuz iragarleentzat inolako kosturik gabe. Nabarmentzekoa da, halaber, EITBk beste komunikabide batzuekin elkarlanean garatu duela euskarazko publizitate programatikoaren lehen plataforma.
Ez da ahaztu behar gidoiak aztertzearen eta hautatzearen garrantzia EITBk euskal zinemari ematen dion laguntzan. EITBk 5.739.004 euroko inbertsioa egin du 12 film luze, 19 film labur eta bederatzi dokumental eta telesail ekoizteko. Zinema-produkzioa oso nabarmena izan da 2019an.
Esate baterako, Donostia Zinemaldiaren 67. edizioan parte hartu zuten 12 filmek EiTBren partaidetza izan zuten. Aipatzekoa da, besteak beste, La trinchera infinita filma, bi sari jaso baitzituen: zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra eta gidoirik onenaren Epaimahaiaren saria.
Gertutasuna, elkartasuna eta hiritarren parte hartzea
Herritarrei eskainitako atalean, Komunikazio Taldeak komunitatearekin duen harremana,alegia, EITB Maratoiaren garrantziari jarri behar zaio azpimarra. Iaz, haur minbiziaren ikerketa helburu hartuta, 1.285.657 euro bildu zituen "Lau teilatu"ren ekimen birala medio. Herritarrei eskainitako ardatzean, halaber, bada beste datu esanguratsu bat: 32.000 lagun hartu zituen iaz EiTBk Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Egunero 160 lagun etorri ziren EiTBko egoitzetara, programako gonbidatu eta bisita profesionalak alde batera utzita
Berdintasun eta lan ongizate ekimenak
Pertsonei eskainitako ardatzean, besteak beste, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako III. Plana aipatu behar da. Erakundeak esparru horretan jarduteko lau urterako dituen lehentasunak biltzen dira bertan. Deigarria, berebat, soldata arrakala datua EiTBn: % 3,24koa izan da, 2018an baino 2,96 puntu gutxiago. Oso kopuru txikia EAEko 2018ko batez bestekoarekin alderatuta: % 24. Bestalde, eta pertsonen atalean jarraituz, Izan Ongi ekimena aipatu behar da. EITBn ongizatea eta lan-bizitzaren kalitatea sustatzea helburu duen jarduketa-proposamena da. 2019an, EITBn lan egiten duten pertsonen ongizate fisikoa eta emozionala sustatzeko hainbat tailer eta jarduera egin dira Bilboko egoitzan, Lan Ongizatea lantzeko gune berri batean.
Nazioarteko proiekzioa: Euskadi Munduan
Gaur egun, eitb.eus webgunean zuzenean ikusi daitezke ETB1, ETB2 eta ETBSat telebista kanalak, eta Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria, Gaztea, EITB Musika eta EITB Euskal Kantak irratiak entzun ere bai. Horiekin bat egiten dute Euskadi Irratia+, Radio Euskadi+ y Radio Vitoria+ noizbehinkako emisioek, eta Naukas edo Passion For Knowledge bezalako zientzia-dibulgazioko hitzaldiek. Beraz, EITBko kanalak Internet bidez zuzenean ikus eta entzun daitezke mundu osoan.
Era berean, mundu osoan, telebista konektatuen bidez eskuragarri daude EITBren nahieran zerbitzuko eduki guztiak, baita ETB1, ETB2 eta irrati guztien streamingak ere. HbbTVren eta telebista-fabrikatzaileen enpresa nagusietan instalatutako EITBren aplikazioen kasuan, EITBk hobetu egin du erabiltzailearen esperientzia, eta erraztu egin du edukietara sartzea. Kable-operadoreek eskaintzen duten gisara sartzea ahalbidetu du, adibidez, azken zazpi egunetako edukiak eskueran jarriz, edo botoi horiarekin programaren emisioa berrabiaraziz.
EiTB Taldeak 465.000 harpidedun baino gehiago ditu Youtuben. Bere programa nagusien bideoak argitaratzen ditu bertan, eta bideo horiek 10 milioi bistaratze baino gehiago izan dituzte. Sare sozialei dagokienez, 2019an, komunitate nagusietan bi milioi bisita baino gehiago izan dituzte.
Ingurumenarekin konpromisoa eta erantzukizuna
Ingurumena funtsezko alderdia da EITBren kudeaketan eta estrategian. 2019-2021 Ingurumena Hobetzeko Planari esker, kudeaketa-sistema integratu bat garatu du, kudeaketa eta kontsumo arduratsurako ekintzak zehaztuta dituena, eta energia-efizientziaren hobekuntzan eta karbono-isurien murrizketan inbertitu du. Komunikazio-talde gisa, EITBk konpromiso editoriala hartu du larrialdi klimatikoa agenda informatiboan jartzeko, eta ingurumenari buruzko sentsibilizazio-kanpainak egin ditu gizartea kontzientziatzeko
Erakundeak lortu dituen emaitzen artean, esate baterako, iturri berriztagarrietatik elektrizitatea % 100ean eskuratzearen ondorioz, 2. irismenari (elektrizitate-kontsumoari) dagozkion C02 emisioak zerora murrizten dira, eta EITBk Eusko Jaurlaritzarekin partekatzen duen energia erosteko politikaren ondorio da.
Gobernu korporatiboa, kontrola eta etika
Gobernu korporatiboari dagokionez EITBko Estilo liburua baliabide baliotsua da. Estilo Liburuak, izan ere, informazioaren tratamendua antolatzeko eta ikuspegi multimedia aplikatzeko gidalerroak eskaintzen ditu. Gizarte eta teknologia mailako aldaketek lan bizi eta dinamikoa izatera behartzen dute. Edukia berrikusi da 2019an zehar, 2020an edizio berria argitaratzeko.
Atal honetan bertan, delituak prebenitzeko Etika eta Jokabide Kodea aipatu behar da. Kode honek Taldearen Delituak Prebenitzeko Planaren eraginkortasun osoa bermatzen du, eta erakundearen izen onaren balioa indartzen du. Helburu nagusietako bat da EITB Taldearen etikan, balioetan eta jarduketa-printzipioetan oinarritutako betetze-kultura irakasten eta horri eusten lortzea.
EiTB eta CROWE artean landutako memoria eskuragai dago www.eitb.eus-en, gardentasun atarian.