Itxi

Gaztearen 30. urtemuga

Maketa Lehiaketaren finala, Victoria Eugenia antzokian, ostegun honetan

EiTB

Leer en Castellano

Finala zuzenean izango da ikusgai EiTBren webgunean eta lehenengo aldiz YouTuben. Halaber, 250 lagunek Victoria Eugenia antzokian ikusi ahal izango dute emanaldia, Gaztearen gonbidapenen bidez.

Maketa Lehiaketaren finalaren aurkezpen ekitaldia. Irudia: EiTB.

Donostiako Victoria Eugenia antzokiak hartuko du aurten Maketa Lehiaketaren final handia ekainaren 25ean. Antzokian bertatik bertara ez ezik, finala zuzenean jarraitu ahal izango da Gazteako webgunean, bai eta YouTuben ere, lehenengo aldiz.

Aurtengo finalaren atariko gisa, iazko Maketa Lehiaketa irabazi zuen Sua taldeak zuzeneko emanaldi bat eskaini du astearte honetan Victoria Eugenia antzokiaren alboan dagoen Okendo plazan. Aurtengo udan gure herriak musikaz girotzen arituko den Gaztea Errepidean izeneko kamioitik "Cliff" eta "Hormak apurtzea" abestiak eskaini ditu Suak. Okendo plazako ekitaldian egon dira, halaber, finaleko bi epaimahaikide, Izaro eta Xabi Bandini; aurkezleak, Ainhoa Vitoria eta Julen Idigoras, eta Jon Lamarka Gazteako burua.

Gazteak 30 urte betetzen dituen 2020. urte honetan, ehun taldek baino gehiagok hartu dute parte Euskal Herriko musikari edo bakarlari onena aukeratzeko martxan jarritako Maketa Lehiaketan. Hasiera batean, finala apirilaren 3an egitekoa zen, baina koronabirusaren krisiak atzeratu egin du amaierako ekitaldi hau.  

YouTube

Aurten, lehen aldiz, YouTuben eskainiko da Gaztea Maketa Lehiaketako finala. Koronabirusaren garaian zuzeneko streaming-ek izan duten hazkundeari erreparatuz, eitb.eus-en ez ezik, EiTBk YouTube plataforman duen kanalean ere jarraitu ahal izango da finala, bai zuzenean, bai ondoren. Antzokira gerturatuko ez diren entzule, jarraitzaile, senide eta nahi duen orori gonbidapena egin die Gazteak osteguneko pintxo-pote plana YouTubeko zuzenekoarekin osatzeko.

Finalistak, ekitaldi seguruan

Alde bat, bikote bat eta bi bakarlari igoko dira Victoria Eugeniako oholtzara ekainaren 25eko gauean. Batetik, Kilimak talde gipuzkoarra, Entzulearen GazteBizHitza sariaren irabazlea, Gaztearen webgunean egindako bozketan boto gehien lortu zituen proposamena izan baitzen. Bestetik, Xabi Bandinik, Xabi Doncelek eta Izaro Andresek osatutako epaimahaiak beste hiru izen hautatu zituen finalerako: Deñe eta Raitx bakarlariak eta Klermoon bikotea. 5000 euro izango dituzte jokoan finalistek.

Segurtasuna eta garbitasuna zaintzeko, ohikoa baino jende gutxiago sartu ahalko da Victoria Eugenia antzokian. Gazteak 150 gonbidapen esklusibo zozkatu ditu irratian, webgunean eta sareetan. Eta, gainera, taldeetako jarraitzaileak eta musika zigiluetako langileak gonbidatu ditu 2020ko ospakizun berezi honetara. Guztira, 250 eserleku egongo dira beteta. Publikoan daudenek segurtasun-tartea mantendu beharko dute euren artean eta musukoa jantzita izan beharko dute.

Ainhoa Vitoria eta Julen Idigoras esatariek aurkeztuko dute 20:00etan hasiko den ekitaldia. Epaimahaikideen eta ikusleen aurrean zuzenean jotzeko aukera izango dute lau finalistek. 

Gaztearen 30. urtemuga

Gaztea 30. urtemuga ospatzen ari da aurten. Maketa Lehiaketa bereziaz gainera, Gaztea Errepidean kamioia, hainbat kontzertu eta beste zenbait sorpresa iragarri ditu EiTBko irratiak aurtengorako Gure kontu lelopean. Gaztearen asmoa da urtean zehar antolatuko dituen ekitaldietara Gaztea zaleak gonbidatzea.

Albisteak (1)

Informazio gehiago (1)