Kargatzen...
Itxi

Elkarlana

Huntza sinfonikoa, Euskadiko Orkestrarekin eta Fernando Velazquezekin, EiTBn ikusgai

EiTB

Leer en Castellano

"Lasai lasai", "Olatu bat" eta "Aldapan gora" bideoklipak estreinatu dira EiTBn. Euskadiko Orkestraren eta EiTBren lankidetzaren arteko emaitza da hau.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Apirilean Izarorekin hiru bideoklip arrakastatsu aurkeztu ostean, Euskadiko Orkestrak Huntzarekin grabatutako beste hiru bideo aurkezten ditu orain, Fernando Velazquezen zuzendaritzapean. 2019ko azaroan grabatu zituzten euskal rock taldearen kanta ezagunenetako hiru, baina orain argitaratuko dira EiTBko hedabide eta Euskadiko Orkestraren sare sozialetan, herriko festarik gabeko eta agertoki huts ugariko ezohiko uda honen hasiera animatzeko. Euskadiko Orkestraren eta EiTBren lankidetzaren arteko emaitza da asmo hau.  

"Lasai lasai", "Olatu bat" eta "Aldapan gora" bideoklipak ostegunean (uztailak 2), ostiralean (uztailak 3) eta larunbatean (uztailak 4) estreinatu dira, hurrenez hurren.

2019ko azaroan ateak itxita grabatu ziren bideo hauek Miramongo egoitzan, Fernando Velazquezen agindupean. Getxoko musikagile, zuzendari eta musikaria arduratu zen Huntzaren "Lasai lasai", "Olatu bat" eta "Aldapan gora" kanten moldaketa sinfonikoak egiteaz, baita proiektu berri honen zuzendaritza artistiko osoaz ere. Ikus-entzunezko zuzendaritza Pausoka Entertainmenteko Jabi Elortegiren esku geratu zen honakoan ere. Orduan egin zen grabazioa eta orain inoiz baino zentzu gehiago hartzen du eremu digitalean argitara emateak, uda hasiera honetan ez baitugu izango Huntzaren kontzertuez gozatzeko aukera.

Beste publiko batzuetara iristeko Euskadiko Orkestraren proiektu digital estrategikoa

Euskadiko Orkestrak erreferentziazko euskal artistak eremu sinfonikora eramateko ekimen digital hau duela bi urte jarri zuen abian, Zea Maysen hiru bideoklip eta Doctor Deseoren beste hainbeste grabatu eta zabaldu zituenean. Ekimena fenomeno biral bilakatu zen, eta, oraindik orain, bideo hauek milaka bistaratze biltzen jarraitzen dute sareetan. Formatu horren estreinaldia arrakasta handikoa izan zen orkestrarentzat, eta orain dela gutxi eskaera gehien jasotzen ari diren euskal artistetako batekin errepikatu du; Izarorekin, alegia (milioi erdi bat bistaratzetik gora izan dituzte harekin grabatutako bideoek). Oraingoan, Huntza euskal talde ezagunarekin egin du lankidetza.

Ekimen honekin, orkestrak beste publiko batzuentzako eskaintza musikala zabaldu du, arlo sinfonikoan ezohikoagoak diren errepertorioetan murgiltzearen bidez. Norabide honetan, arrakasta handiko beste esperientzia batzuk ere baditu orkestrak bere ibilbidean; Ken Zazpi, Michel Camilo, Kepa Junkera eta Benito Lertxundi artistekin garatutako proiektuak, esaterako. Horiek guztiak kontzertu formatuan eman ziren, baina duela pare bat urte orkestrak harago joatea erabaki, eta bideoklip formatura egin zuen jauzi.

Josune Arakistain (Huntza): "Sorkuntza-prozesua oso polita izan da"

Huntza taldeak, Bilboko unibertsitate- eta gazte-girotik sortutakoak, bere agerpen guztiak arrakasta eta jai-giro bihurtzen ditu. Gaur egungo talde euskaldun arrakastatsuenetako bat da, instrumentu tradizionalak (trikitixa, panderoa...) eta pop-rock musika uztartzen dituena. Josune Arakistainek eta Uxue Amonarrizek jartzen dizkiote ahotsa eta trikitixa beren kanta ezagunenetako hiruri: "Lasai lasai", "Olatu bat" eta "Aldapan gora".

Josune Arakistain, Huntza taldeko trikitilari eta abeslaria: "Euskadiko Orkestrarekin gure hiru abesti grabatzeko proposamena iritsi zitzaigunetik abestiak osatu arteko prozesua oso-oso polita izan da. Alde batetik, Fernando Velazquezen moldaketak zoragarriak dira, eta, beste alde batetik, hainbeste pertsonako orkestra bat atzean edukitzeak abestiei beste forma bat eman die. Besterik gabe, eskerrak eman nahi dizkiet bai Fernandori bai orkestrako guztiei, eta ea gustatzen zaizkizuen".

Fernando Velazquez: "Huntzaren kanta ezagunen bertsio berezi eta dibertigarriak dira"

Fernando Velazquez proiektuaren zuzendariaren hitzetan: "Oso pozik nago orkestrarekin eta Huntzarekin egin dugun proiektu honekin, beren kanta ezagunenetako batzuekin. Bertsio berezi samar bat da, originala bezain dibertigarria, orkestrak duen izaera, tinbre eta gaitasun horrekin. Asko gozatuko duzuela espero dut, eta, topikoa dirudien arren, guk grabatzean bezain ondo pasatuko duzuela espero dut".

Proiektu hau da Fernando Velazquezek eta Euskadiko Orkestrak partekatu duten azken proiektua da, baina askoz gehiago egin dituzte elkarrekin. Errepertorio berriak jorratzeko eta publiko berrietara iristeko ariketa horretan, tandem bikaina osatu dute Velazquezek eta Euskadiko Orkestrak duela hainbat urtetatik, eta aliantza honek emaitza oparoak ematen jarraitzen du. Ken Zazpirekin egindako kontzertu-ziklo ezagun haietatik hasi eta getxotarraren agindupean egindako zinema-munduko kolaborazio sorta zabalera arte. Azkenaldian egindako proiektuen artean nabarmentzekoak dira pantailara eraman diren eleberrien soinu-banda originalak, Fernando Arambururen Patria —laster estreinatuko dena— eta Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea kasu. Aipagarria da duela gutxi berreskuratutako Truffauten The bride wore black filmaren musikaren grabazioa ere. Atzerago jotzen badugu, beste soinu-banda ugari aurki ditzakegu: Juan Antonio Bayonak zuzendutako A monster calls filmarena (horri esker, Velazquezek musika original onenaren Goya saria eskuratu zuen), Wim Wendersen Submergence filmarena, Bayonaren The impossible filmaren soinu-bandaren zuzeneko erabateko estreinaldia Donostia Zinemaldian, Ocho apellidos vascos-ena, Contratiempo-rena...

Bideoklipen aurkezpena

Uztailaren 2an, 3an eta 4an aurkeztuko dira hiru bideoklip berri hauek, lehendabizi ETBn eta ondoren EiTBko webgune eta EiTBko eta Euskadiko Orkestraren sare sozialetan (YouTube, Instagram, Facebook eta Twitter).

Uztailak 2: "Lasai lasai" (dagoeneko ikusgai)

Uztailak 3: "Olatu bat" (dagoeneko ikusgai)


Uztailak 4: "Aldapan gora" (dagoeneko ikusgai)

Bideoak (3)