Itxi

Lau urteko hitzarmena

Kalitatezko euskara sustatzeko hitzarmena izenpetu dute EITBk eta Euskaltzaindiak

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Euskararen eredu estandarra zabaldu eta gizarteratzea, euskararen lantze funtzionala indartzea eta euskalkien eta hizkeren aberastasuna zaintzen laguntzea dira hitzarmenaren helburu nagusiak.

Andoni Aldekoa eta Andres Urrutia, akordioa sinatzen. Argazkia: EITB Media

Andoni Aldekoa Euskal Irrati Telebistako (EITB) zuzendari nagusiak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak 2024ko abenduaren 31 arte indarrean egongo den bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmena sinatu dute ostiral honetan, Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitza nagusian. EITBren eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetza 2003tik dator, eta ordutik kalitatezko euskara sustatu eta zabaltzearen alde egin dute bi erakundeek.     

EITBren eta Euskaltzaindiaren arteko hitzarmenean jasotzen denez, EITBko hedabideek kalitatezko euskara estandar eredugarria zabaltzen eta finkatzen lagunduko dute ondoko lau urteetan, Akademiaren arau eta irizpenak betetzeko engainamendua hartzen dutela. Aldi berean, euskalkien aberastasuna bistaratzen eta balioan jartzen ahaleginduko dira, hizkuntza erregistro egokiak erabiliz, saio bakoitzari eta komunikazio egoera bakoitzari dagokion eran.           

Hori guztia aurrera eramateko, EITBk Euskaltzaindiaren laguntza eta kolaborazioa izango du. Gainera, EITBren testu-masa erabiltzen jarraitzeko aukera emango zaio Euskaltzaindiari, UZEI, Elhuyar eta IXA taldeekin batera garatzen diharduen Lexikoaren Behatokia osatu ahal izateko.

Helburuak eta lankidetza-eremuak 

Hiru dira hitzarmenaren helburu nagusiak: euskararen eredu estandarra zabaldu eta gizarteratzea; euskararen lantze funtzionala indartzea; euskalkien eta hizkeren aberastasuna zaintzen laguntzea.        

Azaldutako xedearekin batera, lankidetza akordio berriak ondoko eremuak hartuko ditu:

-Euskaltzaindiak euskararen batasun bidean emaniko arauak, gomendioak eta irizpenak.
-Hedabideetan baliatzen diren erregistroak, eta euskararen datu-baseak.
-Euskararen erregistro berriak, berariaz hedabideetan lekua dutenak.
-Lagunarteko hizkera eta euskalkiak.
-EITBk euskararen alorrean dituen beharrak eta kontsultak.
-Profesionalen hizkuntza-maila jasotzeko prestakuntza-saioak, argitalpen partekatuak, glosarioak eta eskuliburuak.
 

Elkarlanaren fruituak

Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak aitortu du 2003. urtetik hona lankidetza-eremu zabala eratu dela Euskaltzaindiaren eta EITBren artean, eta gogoratu du EITB dela Euskaltzaindiaren arauen zabaltzaile nagusia, "bere informazio eta aktualitate saioen bitartez" hedatzen dituelako Akademiaren arau eta gomendioak. Aldekoak gaineratu du arauez gain bestelako sailak ere hartzen dituela lankidetza-eremuak, "besteak beste, toki-izenak, euskalkiak, erregistro informatiboa eta lagunarteko hizkera".

Urteetako elkarlanak emandako bestelako onurak ere aipatu ditu Andoni Aldekoak gaurko ekitaldian: "Elkarlan honek fruitu zehatz eta nabarmen asko izan ditu: esaterako, Euskaltzaindiak araututako toki-izen guztiak EITBren barruan zabaltzeko sistema antolatu da; HIKEA, euskarari buruzko aplikazioaren bidez zabaldu dira, hain zuzen ere. Horrez gainera, EITBk prestatutako hainbat glosario Euskaltzaindiak aztertu eta balioztatu ditu". "Finean -esan du-, helburu berak batzen gaitu bi erakundeok, hots, kalitatezko euskara sustatzea eta zabaltzea".

Andres Urrutia euskaltzainburua ere pozik azaldu da sinatutako akordioarekin, eta bi erakundeen arteko elkarlana "aspaldikoa eta naturala" dela esan du: "Pandemiak zabaldutako giro latz honetan, are beharrezkoagoa da gure bi erakundeen arteko elkarlana, guztion artean eduki berriak -Hizkuntza kalitatearen aldetik egokiak- sustatu ditzagun, euskararen aitzinamendua ziurtatzeko".

EITB estrategikotzat du Euskaltzaindiak, eta hori ere nabarmendu nahi izan du euskaltzainburuak agerraldian: "Duen hedadura eta hizkuntza sustatzeko ahalmena kontuan hartuz, Euskaltzaindiak estrategikotzat hartzen du EITB euskararen normalizazioan".

Batasunaz ere hitz egin du Urrutiak, "guztion artean" egiten dugula gogoratuz, baina "herritik bertatik datorkiguna" ez baztertzea eskatu du, "batez ere ahozko tradiziotik jasotakoa". Hala ere, adierazi du "ahozkotik harago" joan behar dela.

Urrutiaren hitzetan, hizkuntzaren erabilera jasoa bermatu behar da euskal hedabideetan, "eta horretarako garrantzitsuak dira, baita, onomastika eta toponimia alorrean hartzen diren erabakiak". "Toponimiaren garrantzia izugarria da euskararen herrialdeetan -esan du euskaltzainburuak-, azken batean, horrek kultura eta hizkuntza baten inguruan batzen gaituelako; eta horretan komunikabideek zeresan handia daukate, batez ere, EITBk".

Informazio gehiago (2)