IOS eta ANDROID
Aplikazioak indartu ditu EITBk: bat, albisteetarako; beste bat, nahieran edukietarako
Orain arte, EITBk aplikazio bakarrean zituen albisteak zein irrati eta telebista saioak. Orain, azken orduko albisteak eta jakinarazpenak eskaintzen dituzten bi aplikazio berri ditu.
Euskal Irrati Telebistak bi aplikazio mugikor berri ditu albisteak eta edukiak nahieran eskuratzeko, orain arteko aplikazioa (EITB) ordezkatuz. Horrela, EITB Mediak iOS eta Android gailuetan bere edukiak berritu eta indartu ditu, smartphoneetarako zein tabletetarako.
Albisteen aplikazio berria Play Store (EITB Albisteak) eta Apple Store (EITB Albisteak) plataformetan daude eskuragarri. Orain arteko aplikazioa (EITB) deskargatuta duten erabiltzaileen kasuan, horiek eguneratu, eta albisteen aplikazio berria instalatuko zaie. Nahierako edukien aplikazioa izateko, berriz, EITB Nahieran aplikazio berria deskargatu behar da kasu guztietan, iOS (EITB Nahieran) eta Android (EITB Nahieran) sistemetarako.
Bi aplikazioetako bat aukeratzeko edo biak instalatzea errazteko, batetik bestea deskargatzeko aukera ematen dute biek.
Azken albisteak eta saioetako jakinarazpenak
EITBren bi aplikazio berriek euskaraz eta gaztelaniaz eskaintzen dituzte edukiak, eta erabiltzaileen esperientzia lehenetsi dute. Horrela, nabigazio erraza eta azkarra eskaintzen dute, eta diseinu oso atsegina dute. Gainera, EITB Albisteak aplikazioan, azken ordukoak jasotzeko aukera dago, eta EITB Nahieran aplikazioan, irrati zein telebista saioetako edukiei buruzko jakinarazpenak izateko harpidetza egiteko modua.
Aplikazio batean zein bestean, munduko edozein tokitatik entzun daitezke taldeko 6 irratiak zuzenean: Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria, Gaztea, EITB Musika eta EITB Euskal Kantak. Halaber, ETB1, ETB2 eta EITB Basque nazioarteko katea daude ikusgai.
EITB Albisteak aplikazioak berri nagusiak eskaintzen ditu atarian, atalka, eta edukien artean, kirol esparrukoak, eguraldikoak eta informazio korporatiboa topa daitezke, formatu askotan: testuak, audioak, bideoak eta argazkiak. Era berean, telebistan emandako azken albistegia ikus daiteke ("Gaur Egun" zein "Teleberri") eta gaurkotasuneko ekitaldien zuzeneko bereziak.
EITB Nahieran aplikazioan, euskal komunikazio taldeko irrati eta telebista saio guztiak ikus eta entzun daitezke. "Nire zerrenda" ere egin daiteke, erabiltzaile bakoitzaren irrati eta telebista programa gogokoenen hautaketa pertsonalizatua, hain zuzen.
Telebistako edukiek bilatzaile bat dute, eta hizkuntzaren eta generoaren arabera daude sailkatuta: filmak, telesailak, albistegiak, kirolak, kultura, musika, umorea, dibulgazioa, dokumentalak… Irratiko edukiak, aldiz, irratiaren eta programaren arabera daude antolatuta.
Bi aplikazio berriez gain, EITBk iOS eta Android gailu mugikorretarako beste hiru aplikazio ditu: Gaztea (Play Store eta Apple Store), gazteentzat; 3kluba (HIRU3) (Play Store eta Apple Store), haurrentzat; eta Go!azen EITB (Play Store eta Apple Store), ETBko telesaila jarraitzen duten haur eta gazteentzat.