Izendapenak
Transformazioa eta zeharkakotasuna, EITBko Zuzendaritzako izendapenen bereizgarri
EITB Media
EITBLab sortu da, formatu berrietarako ideia eta eduki laborategia Komunikazio talde guztiari zuzendua. Miramongo Produkzio faktoriaren parte izango da.
Transformazioa, zeharkakotasuna, nazioartekotzea eta Komunikazio Taldearen kohesioa izango dira EITB Mediaren zuzendaritzaren ikur, etxeko profesionalen aldeko apustuarekin batera. Horrela adierazi du Andoni Aldekoa EITBren zuzendari nagusiak astearte honetan, otsailaren 23an, EITBko Administrazio Kontseiluan, organigramako izendapenen berri ematean.
EITB Mediaren epe motzeko helburu nagusiak bi dira: gestio postu nagusietan zeharkako zuzendaritzak jartzea, kanal diferenteen edukiak partekatu ahal izateko, eta ikus-entzunezko produktuen transformazioan aurrera egitea.
Testuinguru honetan, Unai Iparragirre Torres (Arrasate, 1973) ETBko zuzendaria izango da. Iparragirre ETBra itzuliko da Discovery Communications kanaleko Europa, Ekialde Ertaina eta Afrikarako Eduki Estrategiako presidenteorde kargua utzita. Zuzendari berriak ETBn eman zituen lehen lan urratsak erredaktore, gidoilari eta programa zuzendari gisa. Egun, esperientzia handia du kanalen kudeaketan, eduki digital zein linealen estrategian eta produktuen garapenean. Unai Iparragirrek telebistari nazioarteko ikuspegi eta neurria eman nahi dio, formatu eta eduki berrien egokitzapenean lan egiteaz gainera.
Iparragirreren izendapenarekin batera, eta hedabide guztiei taldeko eta nazioarteko ikuspegia eta zeharkakotasun hori txertatu nahian, zeharkako beste zuzendaritza batzuk nabarmendu behar dira EITB Median. Hartara, Arantza Ruiz Miguelez (Gueñes, 1976) irratiko, telebistako eta eitb.eus-eko Albistegien zuzendaria izango da eta Joseba Urkiola Irulegi (Leitza, 1986) hedabide guztietako Kirol zuzendaria.
Arantza Ruiz Radio Euskadiko albistegi nagusien editore izan da eta ETBn albistegi eta aktualitate saioak zuzendu eta aurkeztu ditu. Azken aldian, ETB2ko "Qué Me Estás Contado" saioaren aurkezlea izan da. Joseba Urkiola, bestalde, gidoilaria, dokumental zuzendaria eta kirol erredaktore izan zen ETBko Kirol zuzendari izan aurretik. Izendapen horietaz gainera, honako hauek azpimarratu daitezke: Maite Amundarain ETBko Albistegien zuzendaria izango da; Dani Alvarez Radio Euskadiko Albistegi burua eta Ander Arzak Euskadi Irratiko Albistegi burua.
Kargu eta izendapen berriok Taldearen kudeaketa gaitasuna indartzera datoz, oso helburu garbiekin: ikus-entzunezkoen eta komunikazioaren alorreko erronka berriei aurrea hartzea, eta horretarako EITB Media barruan beharko diren aldaketak bultzatu eta gauzatzea. Hori guztia, euskararen eta euskal kulturaren sustapen eta hedapena kontuan izanda.
Izendapenekin jarraiturik, EITB Mediako zuzendaritza taldearen aldaketek Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria eta Gaztea hartzen dituzte. Aurrerantzean, Gorka Etxebeste Euskadi Irratiko, EITB Musikako eta Euskal Kantak-eko zuzendaria izango da; Jon Osa, Radio Euskadiko zuzendaria, eta Xabier Doncel Gazteako zuzendaria. Bestalde, Xabier Garcia Ramsdenek Radio Euskadiko "Boulevard" albistegia zuzenduko du.
Martxoan eta apirilean zehar hasiko dira lanean zuzendaritza talderako izendatutako guztiak.
EITBLab eratu da
Izendapenen jakitun ipintzeaz gainera, EITBko Administrazio Kontseiluari EITBLab formatu berrietarako eduki eta ideia laborategiaren berri eman zaio. Laborategia Miramongo produkzio faktorian egongo da, Donostian. EITBLaben zeregina EITB Mediako saio arrakastatsuak zabaltzeko kontakizun transmedia garatzea eta eduki proiektu berriak ekoiztea izango da, EITB esparru digitalak hartu beharreko bidean buru izan dadin. Jon Lamarca Iturbe (Donostia, 1963) izango da EITBLaben burua. Lamarca Gazteako koordinatzailea izan da azken 13 urteetan eta, besteak beste, albistegi, gidoilari eta entretenimenduzko saioen zuzendaria ere izan da telebistan.