Aurkezpena
EITBPodkast jaio da, EITBko podcast guztiak biltzen dituen ataria
EITB Media
Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria, Gaztea, EITB Irratia eta EITB Euskal Kantak irratietatik ateratako podcastak, artxibokoak eta beren beregi sortutakoak biltzen ditu.
Your browser doesn’t support HTML5 video
"Gizarteak komunikabideak baliatzeko dituen joera berriei erantzuteko sortu da EITBPodkast ataria, eta euskarazko podcastgintzaren erreferente izan nahi du", adierazi du Urko Aristi EITB Media Irratietako zuzendariak EITBPodkast plataformaren aurkezpenean. Bilboko Azkuna Zentroan egin da ostegun honetan EITBko podcast guztien bilgune izan asmo duen EITBPodkast atari berriaren aurkezpena. Bertan, Urko Aristi EITB Media Irratietako zuzendariarekin eta Ainhoa Etxebeste EITBPodkast proiektuaren arduradunarekin batera, Roge Blasco ("Levando Anclas") eta Ainhoa Vitoria ("Kopenhage") EITBko kazetariak eta EITBPodkast plataforman aurkituko ditugun podcast sortzaile batzuk ere izan dira: Lorea Agirre ("Lokatza"), Aitziber Garmendia ("Artxipelagoa"), Oier Aranzabal ("Barruan gaude"), Juan G. Andrés ("Estamos dentro") eta Irati Jimenez ("Vicealmirante Jimenez").
"EITBko irratien eskaintza nahieran, gizartearen eskura eta erraz jartzea da helburua. Webgunean ez ezik, telefono mugikorrean zuzenean entzun edo/eta audioak bertara jaitsi, eta edukietara harpidetzeko aukera ere eskainiko du", esan du Aristik. EITB Nahieran app-aren bidez ere topatu ahalko da lotura atari berrira sartzeko.
Euskarazko podcastangintzan erreferente izateko xedez jaio da EITBPodkast. Gero eta gehiago dira halako audioak ekoizten hasi diren eragileak, baina beti ere eduki zehatz eta zenbatuak direla adierazi dute aurkezpenean. "Aliantzak eraiki nahi ditu EITB Mediak proiektu honekin, euskarazko edukien biltoki izan eta eskaintza oparoa eta anitza osatzeko", gaineratu du Aristik. "Hizkuntza desberdinetan egindakoak izanagatik, podcast guztiak ere webgune bakarrean batu dira", azaldu du Ainhoa Etxebestek EITBPodkasten proiektuaren arduradunak.
Gaika banatu dira edukiak, bost arlotan antolatuta: jakintza, bizitza, musika, kirola eta aisia-fikzioa. Egungo ekoizpenekin batera, urte luzez talde honek orain arte egindako lana balioan jartzeko tresna izango da EITBPodkast. "Erabiltzaileak eskura izango ditu artxiboan gordeta ditugun altxorrak, izan programa historikoak, edo elkarrizketa esanguratsuak", adierazi du Etxebestek. Adibideetako batzuk dira Euskadi Irratiko "Doana jasoz", Roge Blascok abenturazaleen istorioekin osatutako "Levando Anclas", Radio Euskadiko "Pompas de Papel" literatura saioak eta Radio Vitorian Elena Lopez Aguirrek "Del txistu a la telecaster"en urtez urte osatu duen euskal rockaren historiaren 55 atalak.
Bigarren bizitza bat emango zaie ekoizpen horiei guztiei, baina izango da podcast gisan beren beregi sortutako lanik ere. "Lokatza" da horietako bat, egungo mundua feminismoaren begiradatik aztertu eta ulertzeko bidea jartzen duena. Ainara Lasa, Amagoia Gurrutxaga, Idurre Eskisabel eta Lorea Agirrek sortu dute. Euskarazko podcastgintzan erreferente den Oier Aranzabalen "Barruan gaude" izenekoa plataforma honetan izango da entzungai aurrerantzean, eta baita gaztelaniazko bere bikia ere, "Estamos dentro", Juan G. Andresek gidatzen duena. Irati Jimenezen "Vicealmirante Jimenez" da beste eskaintzetako bat.
Telebista programa gisa jaio eta podcast itxuran kontsumitu daitekeen edukirik ere egongo da, tartean ETB1eko "Bidegurutzean" musika saioaren podcastak. Izan ere, taldeko irratietako eduki aukeratuak ez ezik, telebistaren unibertsoarekin lotutako audioak ere izango dira bertan entzungai.
EITB Nahieranen saioak osorik entzun daitezkeen bezala, atari honetan edukiak xehatuta, aukeratuta eta aletuta entzun ahalko dira. Eduki solteak baino, nolabaiteko jarraikortasuna duten atalak izango dira. "Fidelizazioaz ari gara, gustuko duzun horretara harpidetzeaz, eta horrenbestez, interes zehatzeko komunitateak identifikatzeko lanean lagungarria izango da plataforma", kontatu du Etxebestek.
Eskaintza arrakastatsuenetakoa izan ohi denez, fikzioak ere izango du bere tartea. Batetik, EITBren artxiboko irrati nobelak entzunez gozatzeko aukera izango da. Horrenbeste arrakasta izan zuen Koldo Almandozen "Jon eta Jone", edo Radio Vitoriak antolatutako Carlos Perez Uralde irrati-nobelen lehiaketan urtez urte irabazleak suertatu diren lanak kasu.
Lan-urte berrirako goxokia ere prest izango dela aurreratu dute aurkezpenean: "Artxipelagoa". Klima larrialdiaren ondorioz, urak Euskal Herriaren zati gehiena estali eta penintsula bihurtu da. Inor gutxi geratu da bizirik, eta Europan barrena egin beharko dute bidaia pertsonaiek. Eneko Sagardoy, Aitziber Garmendia eta Iñaki Beraetxe aktoreak dira protagonista, eta "Bikoizleen Elkartearen laguntza izan dugu bigarren mailako pertsonaientzat", adierazi du Aristik. Ulu Mediak ekoitzi du EITBPodkasterako. "Azpimarratzekoa da 5.1 teknologiak hotzikara barru barrutik eragiten duela entzuteko garaian. Estatuan teknologia honekin ekoitzitako lehenengo audio-fikzioa izango da", erantsi du. 'La trinchera infinita' pelikularekin soinu onenaren Goya saria jaso zuen Xanti Salvador arduratu da muntaketaz.