Itxi

UniTalent- EITB Sariak

Gazte talentuen aldeko apustu berria, UniTalent-EITB sarien hirugarren edizioan

EITB Media

Leer en Castellano

Sariek ikus-entzunezkoen arloan unibertsitate-talentua erakartzea dute helburu. Irabazleek profesional taldeetan lan egingo dute ordaindutako prestakuntza beken bidez.

UniTalent- EITB sariak. Irudia: EITB Media.

Aurten ere, UniTalent sarien edizio berri bat jarri du abian EITBk, euskal talentu gazteei ikus-entzunezko sorkuntzarako eta prestakuntzarako aukera berriak eskaintzeko. 2018. urtean sortu ziren UniTalent sariak eta EITBk zerbitzu publikoko erakunde gisa duen funtsari erantzuten diote. Alde batetik, unibertsitateekin, ikus-entzunezkoen euskal sektorearekin eta gazteekin duen konpromisoa sendotzen dute. Bestetik, EITBren jarduera-eremuarekin lotutako arloetan talentua identifikatzen, sustatzen eta garatzen laguntzen dute.

Aurreko ostiralean, maiatzaren 11n, proiektuak aurkeztuko epea amaitu zen. Euskal unibertsitateetako Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Komunikazioa graduetako 45 ikaslek parte hartu dute, eta guztira 71 proiektu aurkeztu dira, oinarrietan zehaztutako hiru kategoria edo generoei dagozkienak: entretenimendua, fikzioa eta factual edo dokumentalak.

Eskarmentu handiko EITBko profesionalek osatutako epaimahaiak erabakiko ditu proiektu irabazleak eta ekainaren 18an jakinaraziko dira. Proiektuak hautatzeko honako irizpideak kontuan hartuko dira: originaltasuna, egokitasuna, bideragarritasuna eta Euskal Telebistan arrakasta-aukerak. Azken helburua ez da, ordea, hautatutako proiektuak garatzea eta ekoiztea, proiektu horiek egin eta aurkeztu dituztenen talentua identifikatzea baizik.

EITB Komunikazio Taldeko profesionalek adierazi duten bezala, "aukeraketa prozesuak bi fase ditu. Lehen fasean aukeratutako ikasleek euren proiektua defendatuko dute epaimahaiaren aurrean. Honek prozesu osoa kontuan hartuko du Euskadiko ikus-entzunezko alorreko bederatzi unibertsitate ikasle onenak saritzeko eta haien garapena, talentua eta sorkuntza sustatzeko".

Gaur egun, Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU), Mondragon Unibertsitateak, Deustuko Unibertsitateak eta ikus-entzunezkoen euskal sektoreko hainbat enpresak parte hartzen dute egitasmo honetan.

EITBren ekimen honek unibertsitatearen alorreko prestakuntza eta formazio zehatza uztartzen ditu, saritutako ikasleak sektore profesionalean murgildu daitezen. Prozesu osoa elkarlanean egiten dute EITBk, unibertsitateak eta ekoiztetxeek.

UniTalent-EITB sarien helburua telebistako programen edo formatuen proiektuen diseinua eta garapena sustatzea da. Ordaindutako prestakuntza-beka gisa gauzatzen dira sariak, eta unibertsitateko talentua bereganatzen eta sustatzen saiatzen dira, hautatutako ikasleak talde profesionaletan integratuz. Horri esker, hainbat motatako telebista-saioak sortzeko eta ekoizteko prozesua bertatik bertara ezagutu dezakete, prozesu horietan zuzenean parte hartuz.

Bai inplikatutako erakundeak -unibertsitateak eta EITB-, baita saritutako ikasleak eta hauek praktiketan hartzen dituzten enpresak ere, oso pozik agertu dira UniTalent-EITB sarien orain arteko ibilbidearekin. Azken urtean pandemiak zailtasunak sortu dituen arren, ezarritako helburu guztiak bete ahal izan dira.

Aurreko bi edizioetan 18 ikaslek jaso dituzte beka ordainduak, horietatik bederatzi ikasle 2019an eta beste bederatzi 2020an. Sarien onuradunak Baleuko, Digytal, K2000, New Media, Orio eta Pausoka ekoiztetxeetako talde profesionaletan sartu dira, zenbait programa sortzeko eta ekoizteko prozesuan lan eginez. Besteak beste, "Barre Librea", "Ihesaldia", "Biba Zuek!", "Dantzatzen Den Herria", "El Club del Tuper", "Go!azen", "Gure Kasa", "Herri Txiki, Infernu Handi", "Historias a Bocados", "Itxi Liburuak", "Irabazi Arte", "Izan Ginelako", "Ur Handitan", "Vamos a Hacer Historia" eta "Yo Sé Más Que Tú".

Unitalent-EITB sariak aurreko bi edizioetan jaso dituzten ikasleen izenak honako hauek dira: Jon Amutxastegi, Naroa Arrate, Jone Arriola, Marina Barandika, Kerman Díez, Unai Franco, Rakel Muniain, Asier Sánchez eta Markel Zugazartazar 2019an, eta Ruben Arbide, Amaia Ajuria, Unai Carmona, Xabier Gómez, Uxue Magariño, Laiene Rodriguez, Nagore Ruedas, Elene Sanz eta Asier Zubia 2020ean.