Kargatzen...
Itxi

Gaztea

Gazteak MIN sarien banaketa ekitaldia eskainiko du zuzenean

EITB Media

Leer en Castellano

Musika independentearen MIN sarien banaketa ekitaldia Gaztearen webgunean eta Youtube kanalean izango da ikusgai, gaur, 20:00etatik aurrera.

MIN Musika independentearen sariak.

Musika independentearen MIN sarien banaketa ekitaldia zuzenean ikusteko aukera eskainiko du Gazteak webgunean eta Youtubeko kanalean. Hitzordua gaur arratsaldean, ekainaren 16an, izango da Burgosko Teatro Principal aretoan, 20:00etatik aurrera.

Zetak, Alizzz, Delaporte & Dora, Ginebras, María Peláe eta Triángulo de Amor Bizarro taldeek zuzeneko emanaldiak eskainiko dituzte, eta, besteak beste, Belako, El Columpio Asesino eta Sonakay euskal taldeak daude musikari izendatuen artean.

Hartara, aurtengo musika independentearen MIN sarietan euskal musikak pisu handia izango du eta Gazteak ez du ekitaldi garrantzitsu hau galdu nahi izan. Gure talde eta ekoizpenak sustatzeko helburuarekin sari banaketa ikusteko aukera eskainiko zaio euskal publikoari, euskal musikaren ekosistemari bultzada berria emanez.

Euskal taldeen izendapenak

Belako taldeak izendapen sorta pilatu du aurtengo edizioan. Honako sei atal hauetan dute saria etxera eramateko aukera: disko onena, artista onena, abesti onena, rock disko onena, bideoklip onena eta ekoizpen onena.

Era berean, El Columpio Asesino rock disko onenaren atalean izendatu dute, Ataque celeste lanari esker. Sonakaykoek, bere aldetik, flamenko disko onenaren kategorian irabazteko aukera izango dute. La Bien Querida bilbotarra urteko artista onenen hautagaien artean dago. Euskal artista izendatuen zerrenda Maitane Sebastianek osatu du, musika klasikoko disko onenaren saria irabazteko aukera izango baitu.

Euskarazko disko onena

MIN sariek euskaraz egindako disko onenari atal bat eskaini diote aurten ere, bost lan aukeratuta: Amorante (Bat eta hiru), Gatibu (Musikak salbatuko gaitu), Liher (Hemen herensugeak daude), Nøgen (Under alt) eta Zetak (Zeinen ederra izango den).

MIN sarien finala, Youtuben ere ikusgai

Esan bezala, MIN sarien sari banaketa zuzenean ikusteko aukera eskainiko du Gazteak bai webgunean zein Youtube kanalean ere. Kanalean izena eman ondoren, erabiltzaileek hitzorduaren hasieraz abisatuz jakinarazpena jasoko dute.

Musika eta entretenimendua kontatzeko modu berriak urratzeko bidean, Gaztearen Youtube kanala maiatza hasieran jarri zen martxan, nahiz eta aurretik Gaztearen ikus-entzunezko eduki eta bideoak EITBren Youtube kanalean ikusgai egon. 

Eduki eskaintza zabala dago ikusgai kanal berrian, horien artean, Euskal Herriko musika eszenako talde eta abeslarien zuzeneko akustikoak edota "B Aldea" saioko Behekaldea ataleko emanaldiak ere. Halaber, aipagarriak dira Challenge, Kantupedia, Gaztea Translate edota Zita Zitala atalak, gonbidatu bereziak protagonista hartuta sortzen diren eduki berezi eta dibertigarriak.

Gaur egun, Internet eta sare sozialak dira gazteak dauden tokia, eta haiengana hurbiltzeko eduki bereziak eskaini eta irrati bisuala garatzeko bidea hartu du Gazteak, entzuleen arteko lidergoari eutsi eta irratia kontsumitzeko beste bide batzuetara egokitzeko erronkari aurre eginez.

Informazio gehiago (1)