Itxi

Igandero Youtuben

EITBk "EH!rasmus", sociality formatu berria estreinatu du

EITB

Erasmus bekarekin atzerrian dauden 6 euskal ikasle EITBko erreportari gazte bilakatuko dira. Gaztearen Youtube kanalean igandero erakutsiko digute euren ikastera joan diren herria. Gainera, Gazteako "dida!" irratsaioan eta ETB1eko "Biba Zuek! saioan parte hartuko dute kazetari modura.

"EH!rasmus" soziality formatu berria izango da ikusgai EITBn

"EH!rasmus" sociality formatu berria estreinatu du EITBk urriaren 3an. Erasmus bekarekin atzerrian dauden sei ikasle EITBko erreportari gazte bilakatuko dira, eta Gaztearen Youtube kanalean, igandero, ikastera joan diren herriko bizipenak zabalduko dituzte. Eta egunerokoan, beren topaleku espaziala sare sozialetan izango dute. Instagramen edo Twiterren bizirauteko trikimailuak, bideoak eta argazkiak konpartituko dituzte. Halaber, Gazteako "dida!" irratsaioan eta ETB1eko "Biba Zuek!" saioan parte hartuko dute kazetari modura. 

Aberdeenen dagoen Zuriñe Iglesias Sarasola, Lillehammerren dagoen Maider Arcelus Galarraga, Montevideon dagoen Ander Elordui Somarriba, Bolonian dagoen Eider Cortes Vitoria, Sevillan dagoen Nora Alonso Soliño eta Coimbran dagoen Irati Aginaga Imaz izango dira 2021eko lehen lauhilekoaren protagonistak. 

Zer da socialitya? Nola ikusi saioa? 

Bizipen erreal bat sare sozialen bitartez, hori da Sociality. Erasmus edo Sicue bekarekin atzerrian diren sei gazteren jarraipena egingo du EITBk Youtuben eta Instagramen. Euren abentura eta esperientziaren bizipena taldean ikusi eta jarraitzaileek komentatu-galdetu-parte hartu ahalko dutenez, sociality bat izango da. 

Nola ikusi saio hau? Ez da saio arrunta izango, horregatik ikusleak baino jarraitzaileak/parte hartzaileak izango ditu proiektu honek. Igandero "EH!rasmus"ek bizipen berri bat, erronka berri bat argitaratuko du Gaztearen Youtuben. Ostiraletan "dida!" saioan izango dira, eta noiznahi Instagramen. 

Euskal gazteen lorpenez harro mintzoko da saio hau. Gazteek gazteentzat egindako programa izango da "EHrasmus". EITBLabek, EITBKo formatu eta ideia laborategi eta proiektuaren sustatzaileak, erronkak botako dizkie ikasleei: 30 eurorekin egin ezazue asteko erosketa, erakutsi zuen hirietako eskaintza kultural bat, nola bizi bertan beganoa bazina, zure hirian nola lortzen dute lana gazteek...

Interakzioa sustatu eta talentua atzeman  

Interakzioa eragiteko helburua ere badu saioak: komentarioak sustatzea, elkarri galdetzea, Euskal Herrian daudenen galderak, argazkiak... Saioaren adar naturala izango dira, eta hor ere sor daitezke programetarako interes guneak eta lanketak. 

Aurpegi, esatari, aurkezle eta batez ere talentu berria fitxatzeko tranpolina izateko helburua badu "EH!ramus"ek. Haiek gidoia egin, elkarrizketatuen produkzioa, edizioa … guztiaz arduratuko baitira. 

Munduan barrena dabiltzan sei ikasleek bidalitako irudiekin 30 minutuko asteroko tartea osatuko dute. Horrez gain, "Biba Zuek!" saioan konexioak egingo dituzte beraiekin, korrespontsalak bailiran eta euren asteroko saioa ikustera gonbidatuz. Astean behin ikasleetako bat azalduko da Skypez bere hiriren berri ematen Jon Artano kolaboratzailearekin batera (platotik konektatuko dute haiekin). Gaztean astero EHrasmus batekin egingo dute gazte aktualitatearen jarraipena, euren ikasterriko musika, nobedade, tendentzia edo bitxikeriez. 

Ikasturtearen erritmo berarekin sortu da "EH!rasmus", urriaren 3an hasi eta Gabonetan amaitzeko, etxera itzuleran.