Akordioa
BBK-k eta EITBk ituna egin dute klima aldaketaren aurka borrokatzeko
EITB Media
Urriaren 21etik 27ra bitartean, 17 dokumental entzutetsu proiektatuko dira BBK Salan, klima-aldaketaren aurrean gizateriak dituen erronkei buruzkoak. Kalitate handiko nazioarteko pieza horiek EITBk emango ditu
BBK-k eta EITBk lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute asteazken honetan Bilbon, beren kanalen bidez ingurumena kontserbatzeko eta klima aldaketaren aurkako borrokaren aldeko kontakizunak eta jarduerak zabaltzeko. Hitzarmenak hiru urteko indarraldia izango du eta BBK Salan sinatu dute Nora Sarasola BBKren Gizarte Ekintzaren zuzendariak eta Andoni Aldekoa EITBren zuzendari nagusiak.
Dokumentalen zikloa
Hitzarmen honen lehen ekintzetako bat dokumentalen ziklo berri bat izango da, natura-ingurunea babestearen eta klima-aldaketaren ondorioei buruz transmisioeragile izatearen garrantzian sakondu gura duena. Kalitate handiko nazioarteko pieza horiek EITBren eskutik iritsiko dira, gero BBK Salan edo beste kultura-gune batzuetan eman ahal izateko.
Zehazki, eta klima-aldaketaren aurkako nazioarteko eguna dela eta, BBK Salan 17 dokumental emango dira guztira urriaren 21etik 27ra bitartean. Gehienak ingurumenaren defentsan sakontzeko hainbat ekintzarekin (solasaldi, hitzaldi eta abarrekin) batera izango dira eta ondoren EITBren kanaletan ere emango dira. Kritikaren abalarekin, dokumental horietako askok sariak lortu dituzte nazioarteko jaialdi ospetsuetan. AEB, Frantzia, Erresuma Batua, Danimarka eta Euskal Herriko ekoizpenak daude lan horien artean. Davis Guggenheim zuzendariaren An Inconvenient Truth (Egia deseroso bat) klasikotik hasi (Al Gore Ameriketako Estatu Batuetako presidenteorde ohiaren kanpaina jorratzen du, herritarrak berotze globalari buruz hezteko), eta Euskadin oraindik proiektatu ez diren izenburu berriagoetaraino, hala nola Ruth Harris-en Planetaren defendatzaileak saga britainiarra.
Zikloan sartzen da, halaber, Guggenheimen dokumentalaren jarraipena ere: An Inconvenient Sequel: Truth to Power (Ondorio deseroso bat: egia boterera), oraingo honetan Bonni Cohen-ek eta Jon Shenk-ek zuzendu dute, eta arazo global honen aurka borrokatzeko eraikitako aurrerapena eta munduko liderrak energia berriztagarrian inberti dezaten konbentzitzeko Gorek egindako ahaleginak jorratzen ditu.
Pieza dokumentalen erdiak asteburuan emango dira. Horrela, hilaren 23an, larunbata, saioak goizean hasiko dira, Itsaso basatitik emanaldiarekin. Danimarkako dokumental poetiko hau gizakiaren eta naturaren arteko talka konplexura hurbiltzen da. Errehabilitazioan zehar animaliei jarraitzen dien ikusizko esperientzia intimo baten bidez, gizakiok sortu dugun mundua ikusi eta sentitzera iristen gara. From the wild sea honek, horrela baitu izena ingelesez, gure mundu modernoaren irudi sentsorial eta hunkigarria jasotzen du, denok zelan konektatuta gauden aztertzen duen bitartean.
Arratsaldean, itsas mailaren igoeraren mehatxu handiaren pean dauden bi hiriri, Venezia eta New Yorki, buruzko bi atalak emango dira. Barbar Necek-ek eta Juliette Desbois-ek egin dute Frantziako bi ekoizpen-lan hauen kontakizuna, Arriskuan dauden hiriak: Venezia eta Arriskuan dauden hiriak: New York, eta kontatzen dute bi hiriek zelan asmatu duten klimari aurre egiten, buru-argitasunez eta ingeniaritzaz, duela mende askotatik, arkitektura eta hirigintzako proiektu handiekin.
Igandean, hilak 24, Ruth Harris britainiarraren Planetaren defendatzaileak sagako 6 atalak ikusiko dira BBK Salan, eta ingurumenaren aldeko borrokalari handien (Ashwika, Erin Ranney, Jahawi, Megan, Malaika eta Jack) dozena erdi istorio eskaintzen dizkigu. Klimaren heroi horiek habitaten berreskurapenean izandako esperientzia arrakastatsuak kontatzen dituzte, eta gizakiaren ekintzak munduko hainbat lekutan mehatxatutako espezie askoren egoera salatzen dute.
Sari asko jaso dituen BBCren Drowning in Plastic (Plastikotan itotzen) dokumentala izango da BBK ziklo honetako beste lan bat, erakargarritasun handikoa. Tom Watt-Smithek dakarkigun zintak Liz Bonnin biologo eta biokimikariaren lana jartzen du argitan; izan ere, munduan zehar bidaiatzen ari da, eta plastikoak naturan dituen ondorioak iraultzeko borrokan, munduko biologo eta itsas aktibista nagusien azken ikerketak erakusten dizkigu. Begirada paregabea gure garaiko ingurumen-erronka handienetako bati eta gure planetaren etorkizunerako esan gura duenari buruz.
Demain (Bihar) frantsesak hemendik 2100 urtera gizadiaren zati baten balizko desagerpena iragartzen zuen azterlan baten argitalpena jarraitzen du. Zinta honetan, Cyril Dion-ek eta Mélanie Laurent-ek, lau pertsonako lantalde batekin, beren ikerketa propioa hasi zuten hamar herrialdetan, hondamendi hori zerk eragin ote zezakeen eta, batez ere, zelan ekidin ote zitekeen jakiteko. Beren bidaian nekazaritza, energia, ekonomia, demokrazia eta hezkuntza berrasmatzen ari ziren aitzindariak ezagutu zituzten. Baita ere Frantziatik, Alex Fighter-en Dream the Future (Etorkizuna amestu) trilogia dator, ozeanoei, garraioari eta energiari eskainitako hiru dokumental, hurrenez hurren, garapen zientifiko eta teknologikoen bidez etorkizunean konfiantza ematen dutenak, garapen horietako batzuk dagoeneko gure artean daudelarik.
Ukitu ekologiko bertokoena Garazi Sánchez surflari profesionalaren eskutik etorriko da, zeina bere Vergüenza (Lotsa) dokumentalean klima aldaketari eta giza jokabideari buruzko adituekin biltzen baita, gure bizimoduak ingurumenean eta, ondorioz, ozeanoen egungo egoeran duen eraginari buruz kontzientzia handiagoa hartzeko.
BBK
BBK-k ekimen hau BBK Kliman kokatzen du: prestakuntza, dibulgazio eta esperientzia jardueren programa oso baten bidez herritarrak sentsibilizatzea helburu duen zeharkako proiektu bat da, bizimodu jasangarri eta osasungarriak aktibatzeko, klimaren oneratzea errazte aldera. Proiektua dokumentalen zikloarekin hasiko da, eta datozen hilabeteetan aurkeztuko diren beste proposamen batzuk ere izango dira herritarrentzat.
EITB
EITBk, erreferentziazko komunikabide-talde gisa, Euskadiren eraldaketan lagundu gura du, eta euskal gizarteari dagozkion kausetan inplikatu, klima izanik horietako bat. Laster, Glasgown Klima Aldaketari buruz izango den biltzarraren esparruan, komunikazio-kanpaina handi bat eta hainbat ekintza jarriko ditu abian bere hedabide guztietan larrialdi klimatikoaren aurrean jarduteko.