Urriak 16 eta 17
EITBk Bilboko egoitzako ateak zabalduko ditu asteburuan Open House Bilbao ekimenaren baitan
EITB Media
Jaialdiaren bosgarren edizioa 'Hiri osasungarria' izenburupean egingo da. Bizkaiko hiriburuko 49 gune bisitatu ahal izango dira, tartean, gure egoitza.
EITBren Bilboko egoitza. EITB Media
EITBk Open House Bilbao ekimenarekin bat egingo du beste behin, Bilboko egoitzako ateak herritarrei zabalduz. Asteburu honetan ospatuko da arkitektura eta hirigintza jaialdiaren bosgarren edizioa, 'Hiri osasungarria' izenburupean. Urteko gainerako egunetan itxita dituzten hainbat eraikin bisitatu ahalko dituzte herritarrek, baita hiriko hainbat espazio publiko esanguratsu ere, hainbat alderdi aztertzeko aukera emango dutenak, hala nola, azpiegitura berdea, hiri-erresilientzia, erabilera sozialak eta mugikortasun osasungarria. Aurten, guztira, 49 espaziok osatuko dute Open House Bilbaoren katalogoa.
EITBren Bilboko egoitzara bisitak bertan behera geratu ziren covid-19aren pandemiagatik. Osasun larrialdia indargabetu ostean, lehen aldiz zabalduko dira ateak asteburu honetan. Bertaratzen direnek aurrez aurre ikusi ahal izango dute telebistak plato bat, irratia zuzenean nola egiten den eta EITBko kazetariek lan egiten duten erredakzio zabala.
Hamar laguneko taldetan antolatuko dira bisitak eta EITBko egoitzan ezarritako neurriak bete beharko dira. 20 minutuko iraupena izango dute; goizez gaztelaniaz izango dira, 10:00etatik 14:00etara, eta arratsaldez euskaraz, 16:00etatik 18:00etara.
Bilbok bat egin du berriz ere Open House Worldwide Nazioarteko Sarea osatzen duten 45 hirien baterako ekintzarekin, arkitekturan eta hirigintzan bikaintasuna zabaltzeko eta defendatzeko. Aurtengo edizioak, publiko zabal eta askotarikoarengana iristeko diseinatutako eta pentsatutako jarduera programa baten bidez, hausnarketa bat planteatzen du hiriek osasuna eta ongizatea hobetzeko duten erronka handiari buruz.
Aurreko urteetan bezala, bisitak doakoak izango dira eta aurrez izena eman beharko da Open House webgunearen bitartez.