Itxi

EITBPodkast

"Artxipelagoa"k harrera bikaina izan du, EITBPodkast-eko eduki entzunena bilakatuz

EITB Media

Leer en Castellano

Audio fikzio seriea arrakasta handia izaten ari da eta euskarazko podcast entzunena da gaur egun. Euskal antzerki eta zinemagintzako ahots handiak ditu protagonista, horien artean, Aitziber Garmendia, Eneko Sagardoy, Anartz Zuazua, Iñaki Beraetxe, Sara Cozar eta Klara Badiola.

"Artxipelagoa" sailaren hirugarren atalaren irudia, 'Itoginak'.

"Artxipelagoa" audio fikzioak harrera bikaina izan du entzuleen aldetik estreinatu zenetik eta ibilbide arrakastatsua osatzen ari da: euskarazko podcast entzunena da gaur egun, eta estatu mailan ere 100 nabarmenen artean kokatzea lortu du Spotifyn

"Artxipelagoa" EITBPodkast plataformako eduki entzunena bihurtu da, eta orain arteko entzunenaren datuak bikoiztu ditu lehenengo bi asteetan. 35 eta 45 urteko entzuleak dira gehienak ( % 35). Alabaina, gazteen artean ere datu nabarmenak eskuratu ditu: entzuleen % 15a, 23 eta 27 urte artekoa da, eta % 7a, 18 eta 22 urte artekoa.

"Artxipelagoa" soinu-fikzio distopikoa da eta euskal antzerki eta zinemagintzako ahots handiak ditu protagonista, horien artean, Aitziber Garmendia, Eneko Sagardoy, Anartz Zuazua, Iñaki Beraetxe, Sara Cozar eta Klara Badiola. Ulu Mediak ekoiztutako proiektu honetan teknologia binaurala erabili da; beraren bitartez entzulea ekintza gertatzen den espazioan kokatzen da, soinuz inguratuta, esperientzia murgiltzailea sortuz. 5.1 audioan nahastu den lehenengo audio fikzioa da.

Euskaltegi eta ikastetxeetako irakasle eta ikasle ugarik eskatuta, gainera, "Artxipelagoa" seriearen gidoiak edonorentzat daude eskuragarri webgunean.

Serieak etorkizun hurbil eta apokaliptiko batera eramango gaitu: kontinenteen zati handi bat urpean geratu da, tartean Europa gehiena. Tsunami moduko igoera honek ez du soilik herrialde osoak urpean geratzea eragin, baizik eta domino-efektu bizkor batean, telekomunikazioak, nekazaritza eta energia produkzioa ezereztatu ditu. Bizirik irautea lortu dutenek baliabide urriko eszenatoki berri eta zatitu batean mugitu behar dute, horien artean, Euskal Artxipelagoan bizi den Jare neska gazte protagonistak ere.

Astelehen honetan, urriak 18,  estreinatu du EITBPodkast plataformak audio fikzioaren hirugarren atala: Itoginak. Atal berri honetan, Euskal Artxipelagoko Batzarraren hasieran, Muñoz, Eibarko agintaria, entzungo dugu eta gogor hitz egingo du Ipar Afrikako Ligak suposatzen duen arriskuari buruz. Babes egiturak indartzeko beharra azpimarratuko du, eta gudarostea sortzea etor daitezkeen erasoei aurre egiteko. Jare eta Nizar, erdi haserre, badiatik urrunduko dira beste itsas ontzi batek jarraitzen dituela ohartu gabe. Laster, ustekabeko topaketa izango dute.

"Artxipelagoa" entzungai dago EITBPodkast plataforman, baita Spotify, Google podcast, Apple podcast eta Ivox-en ere.

Informazio gehiago (1)