30 urteurrena
Martxan da Gaztea Maketa Lehiaketako bozketa fasea
EITB Media
Pandemiaren ondorioz hilabete batzuk atzeratu den arren, inoiz baino indartsuago itzuli da lehiaketa. Musikari onenen erakusleiho izateko asmoarekin, 30 urteko ibilbide luzea egin du Maketa Lehiaketak Euskal Herriko musika ekosistemaren baitan zubiak eraikitzen.
Maketa Lehiaketak 30 urte.k
Pandemiaren ondorioz hainbat hilabetez atzeratu behar izan den arren, bueltan da Gaztearen Maketa Lehiaketa eta Euskal Herriko musikari onenen bila dabiltza berriz ere. Aurtengoa, gainera, edizio berezia izaten ari da, lehiaketak 30 urte bete dituelako.
Izena emateko epea bukatuta, Gazteak bozketa fasea jarri du martxan. Gaur bertan eman ditu jakitera fase berri honetara pasa diren 20 talde eta abeslarien izenak eta Gaztearen entzule eta jarraitzaileek urriaren 27tik azaroaren 4ra bitarteko epea izango dute haien abesti gustukoenaren alde botoa emateko Maketa Lehiaketaren webgunean. Azaroaren 25ean Bilboko Kafe Antzokian ospatuko den final handian jakingo dira irabazleen izenak.
Ohiko saririk ez da faltako aurten ere. Batetik, Epaimahaiaren Saria (5.000 euro eta Bilbao BBK Live jaialdian jotzeko aukera) izango da, eta, bestetik, Entzuleen Saria (2.500 euro dirutan). Gainera, aurten sari berezia emango da: Harrobia Saria. Irabazleak Oso Polita diskoetxearekin lau abestiko EP bat grabatzeko aukera izango du.
Gazteak Euskal Herriko musika ekosisteman duen parte-hartze aktibo eta garrantzitsuaren erakusle nabarmena da Maketa Lehiaketa. Euskal Herriko musikarientzat entsegu lokaletatik irten eta oholtzara salto egiteko zubiak eraiki ditu azken 30 urte hauetan. Hartara, Maketa Lehiaketa irabazi duten talde eta abeslari askok euskal musika eszenan nabarmendu eta ibilbide musikal arrakastatsuak izan dituzte. Horien artean daude Berri Txarrak, EH Sukarra, Sorotan Bele, Belako eta Kerobia talde ezagunak.
Hain zuzen ere, EH Sukarra eibartarrak izan ziren Maketa Lehiaketaren podiuma estreinakoz zapaldu zutenak duela 30 urte. Hartara, lehiaketaren urtemuga berezia ospatzeko, "EH Sukarra" abestiaren moldaketa egin dute Nøgen taldeko musikariek eta bideoklipa grabatu dute Gazteako hainbat aurpegi ezagunekin batera.
Azken irabazleak
Raitx donostiar musikariak eraman zuen Epaimahaiaren Saria 2020an. Entzuleen Saria, berriz, Kilimak taldeari egokitu zitzaion.