Kazetaritza eta Komunikazioa
"Faktoria", "Barruan gaude" podcasta eta Urtzi Urrutikoetxea kazetaria, Rikardo Arregi sarietan finalistak
EITB Media
ETBk eta eitb.eus-ek zuzenean emango dute sari banaketa azaroaren 19an Bastero Kulturgunetik.
Ostegun honetan, azaroaren 4an, jakitera eman dira 2021eko Rikardo Arregi Kazetaritza eta Komunikazio sarietarako zortzi hautagai finalistak. Kazetaritzaren atalean, Euskadi Irratian Zaballako espetxetik egindako "Faktoria" irratsaioa dago; eta Komunikazioaren sailean, Oier Aranzabalen "Barruan gaude" EITBPodkasten entzungai dagoen podcasta. Halaber, Urtzi Urrutikoetxea ETBko kazetaria ere hautagaien artean dago Berria-n idazten duen Leku-lekutan atalarengatik.
Kazetaritza sailean, halaber, Beñat Zaldua (Gara egunkariko Nola iritsi gara honaino lanarengatik), eta Berria egunkarian argitaratutako Ahomenetan elkarrizketa seriea dira beste finalistak.
Komunikazio sarirako hautagaiak, berriz, Oier Aranzabalez gainera, "Basilika" podcast-a, 3000twitz kolektiboa eta Pantailak Euskaraz egitasmoa dira.
Irabazleak azaroaren 19an jakinaraziko dituzte, 19:00etan, Andoaingo Bastero Kulturgunean egingo den ekitaldian. Atal bakoitzeko garaileak 9.000 euro eskuratuko ditu.
Aurtengo ekitaldian, gainera, Martin Ugalde gogoan izango dute, bere jaiotzaren mendeurrena dela eta. Bere lana aitortu eta eskertzeko baliatuko dute sari banaketa.
ETBk eta eitb.eus-ek zuzenean eskainiko dute sari banaketa.
Sariketarako finalistak izendatzeaz arduratu den epaimahaia ondorengoek osatzen dute: Itxaro Borda eta Aingeru Epaltza idazleak, Maite Goñi eta Jon Sarasua Mondragon Unibertsitateko HUEZIko irakasle eta komunikazioan adituak, Elixabete Larrinaga EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateko irakaslea eta Ion Muñoa Deustuko Unibertsitateko Komunikazio Graduko irakaslea. Mahaiburua Andoaingo Udaleko Euskarako zinegotzi arduraduna den Alexander Huitzi izan da, eta Arantza Aguado Udaleko euskara teknikaria, berriz, idazkaria.