Itxi

Programazio berezia

Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat egingo du EITBk

EITB Media

Leer en Castellano

EITBko hedabideek eduki bereziak prestatu dituzte abenduaren 3rako. Halaber, EITBk Eusko Jaurlaritzak antolatutako ekitaldi instituzionala hartuko du bere Bilboko egoitzan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

EITBk Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat egingo du gau, abenduak 3, telebistan, irratian eta Interneten eduki bereziak eskainiz. Halaber, EITBren Bilboko egoitzan egingo da Eusko Jaurlaritzaren ekitaldi instituzionala, 19:00etan, eta zuzenean izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en.

Gaizka Arangurenek aurkeztuta "Ezina ekinez egina" euskararen historiari buruzko saioa eskainiko du ETB1ek ordutegi nagusian. Horrez gain, "Ahoz Aho" saio berezia izango da ikusgai arratsaldean, Ilaski Serranoren eskutik. ETB2ko "En Jake" eta "Nos Echamos a la Calle" saioek ere eduki bereziak eskainiko dituzte.

Bestalde EITBko irratiek, Euskadi Irratiak, Radio Euskadik, Radio Vitoriak eta Gazteak, eduki eta elkarrizketak eskainiko dituzte euskararen eguna hizpide hartuta. Gainera, eitb.eus-ek EITBko hedabideetan jasotako eduki guztiak bilduko ditu Euskararen Eguneko webgune berezian.

Euskararen Eguneko ekitaldia, Bilboko EITBko egoitzan

Aurtengo Euskararen Nazioarteko Egunaren ekitaldi instituzionala EITBko Bilboko egoitzan egingo da 19:00etan eta zuzenean izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en. Ane Muruamendiaraz kazetariak eta Mirena Nafarrate aktoreak aurkeztuko dute, Getari Etxegarai umoregileak lagunduta. Ilaski Serranok egingo du zuzeneko emanaldiaren kontakizuna.

Ekitaldian, Iñigo Urkullu lehendakaria, Josu Erkoreka lehendakariordea eta Segurtasun sailburua, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Gobernuaren bozeramalea, Olatz Garamendi Gobernantza publiko eta Autogobernuko sailburua, Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol saileko Bizkaiko Foru diputatua, Xabier Arauzo Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari nagusia eta Juan Mari Aburto Bilboko alkatea izango dira, besteak beste.

"Ezina ekinez egina" euskararen historiari buruzko saioa

Gaizka Aranguren historiagile eta kazetariak "Ezina ekinez egina" saio berezia aurkeztuko du 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en. Euskararen historian sakontzeko aukera emango digu galdera batetik hasita: Zein da euskararen misteriorik handiena? Galdera horri eta beste hainbati erantzuna emateko, Arangurenek hainbat aditu elkarrizketatuko ditu; euskarazko lehen hitzetatik hasi, kontra erreforma, debekua eta suspertze fasetik pasa, eta gure hizkuntzak egun dituen egoera eta erronketara iritsi arte. 

Besteak beste, Joakin Gorrotxategi, Céline Mounole, Garikoitz Goikoetxea, Sagrario Aleman, Kike Amonarriz, Josune Ariztondo, Koldo Zuazo eta Andres Urrutia adituek lagunduko dute Gaizka Aranguren bidaia honetan.

Duela 50 urte baino gehiago, Arantzazun abiatu zen euskara batzeko prozesua eta inguruko herritarrak bertan, Aloñaren mendi magaleko santutegian, bilduko dira Gaizka Aranguren dibulgatzailearen eskutik euskararen historiaren berri izateko. Herritarren artean, besteak beste, Pello Zabala fraide frantziskotar eta euskaltzalea euskaraz idazten ikasi zueneko kontuez mintzatuko da.

Euskararentzat leku berezi eta esanguratsuan, hainbat euskaltzaleren eta adituren eskutik eta euskal abestiekin girotuta, Joan Mari Torrealdairen esaldi batek emango dio izenburua saioari: Ezina ekinez egina. Lortezinak ziruditen hainbat ekimen, ekinaren poderioz burutu dira eta horixe erakutsiko du saioak; oztopoz eta bidegurutzez beteriko bidea izan arren, euskarak bizirik dirauela.

"Ahoz Aho" berezia, 17:00etatik 19:00etara

Bi orduko "Ahoz Aho" saio berezia izango da ikusgai arratsaldean, Ilaski Serranok aurkeztuta eta hainbat gonbidatu berezirekin. Hasteko, Kike Amonarriz, Topaguneko lehendakariarekin euskararen berraktibazioaz arituko dira, eta Andres Urrutia Euskaltzain buruarekin etengabe eraldaketan dagoen Euskararen Akademiak XXI. mendean dituen erronkez arituko da.

Bestalde, Gaizka Izagirrek historiako euskarazko ikus-entzunezko onenen rankinga egingo du eta Afrika Bibang abeslariak zuzeneko emankizuna eskainiko du eta euskarara hurbiltzeak sortzaile moduan zabalduko dizkion aukerez arituko da. Gainera, Gaizka Arangurenek gauean ikusgai izango den "Ezina ekinez egina" saioren aurrerapena egingo du.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (2)