Itxi

EITBPodkast

"Zaldi Urdina" audio-fikzio serie berria entzungai dugu jada EITBPodkast plataforman

EITB Media

Leer en Castellano

'Zaldi urdina' antzezlana podcast bihurtu du EITBk. Bederatzi atal izango dira, 12 bat minutukoa bakoitza, eta Aingeru 17 urteko gaztearen arrastoaren bila jarriko ditu entzuleak.

"Zaldi Urdina"ren aurkezpena. EITB Media

"Zaldi Urdina" audio-fikzio serie berriak Aingeru 17 urteko gaztearen arrastoaren bila jarriko ditu entzuleak. Zaldi Urdina izeneko droga berria hartuta gazte bat hil da  teknojaialdi batean; eta, aldi berean, Aingeru desagertu da. Horixe da, bi hitzetan, urtarrilaren 17an estreinatuko den euskarazko fikzioaren abiapuntua. 

"Artxipelagoa" fikzioaren arrakastaren ondoren, EITBPodkast euskarazko podcastgintzan erreferente bilakatzeko EITBk apirilean sortu zuen plataformak kalitatezko audio-fikzio erakargarri berria aurkeztu du. Talentuaren, sormenaren eta berritasunaren ildotik dakargu EITBPodkastek "Zaldi Urdina".

Artedrama, Axut! eta Dejaburen Zaldi Urdina antzezlana podcast bihurtu du EITBk. Unai Iturriagak eta Igor Elortzak idatzia, Ximun Fuchsen zuzendaritzapean, Ander Lipus, Maite Larburu, Manex Fuchs, Iraitz Lizarraga, Oier Zuñiga, Urko Redondo eta Olatz Beobide aritu dira aktore lanetan, besteak beste.

Artista lan-talde bikaina dakar audio-fikzioak ere, eta astearte honetan Urko Aristi EITB Mediako Irrati zuzendariarekin eta Ainhoa Etxebeste EITBPodkast plataformaren arduradunarekin batera, honakok izan dira Bilboko egoitzan lana aurkezten: Ximun Fuchs idazle eta zuzendaria; Ander Lipus, Olatz Beobide, Manex Fuchs, Maite Larburu eta Oier Zuñiga aktoreak eta Argi Perurena (ahotsak).

Binauralean muntatutako seriea da, "Zaldi Urdina" esperientzia murgiltzailea sortuz, bereziki aproposa audio-kaskoekin entzuteko. Hain zuzen, estreinaldiarekin batera, kasko batzuen zozketa egingo da sareetan lehen atalari buruzko galdera bat asmatzen duten parte hartzaile guztien artean.

Enzungai da jada lehen atala eta hortik aurrera astelehenero atal bat zabalduko da. Bederatzi dira guztira eta 12 bat minutukoa bakoitza.

Zaldi Urdina lanaren aurkezpena

Droga, gazteak, musika, intriga

Esan bezala, Zaldi Urdina izeneko droga berria hartuta gazte bat hil da teknojaialdi batean. Bitartean, Aingeru, 17 urteko gaztea, desagertu egin da. Droga berria trapitxeatzen dabilena bera delakoan, denak ditu atzetik: familia eta polizia. Amets Aingeruren 22 urteko arreba errebeldek, Karmen amonak eta Simon udaltzainak astebeteren barruan, 18 urte bete baino lehen, aurkitu behar dute Aingeru eta epaitegira abokatu on batekin eraman. Atzera kontaketa hasi da.

Ikerketa amateurraren bidean gurutzatuko dituzte gazteen ondoezak eta ametsak, trafikatzaileen eta interes ekonomikoen boterea, eta polizia-indarren eta politikaren konplizitatea.

Zaldi Urdina

"Artxipelagoa" fikzioaren arrakastaren arrastoan

"Artxipelagoa"ren arrakastari eutsi nahi dio "Zaldi Urdina" lanak. Izan ere, euskarazko podcast entzunena izatera iritsi da "Artxipelagoa" audio-fikzio seriea.  EITBPodkastek, 20.000 bisita izan ditu 2021eko apirilaren 29an sortu zenetik gaur arte, EITBko euskarrietan.

"Artxipelagoa" fikzio distopikoa izan da klikaldi gehien izan dituen edukia. Espresuki EITBPodkast atarirako ULU Mediak egindako fikzioa da, eta EITBPodkasten bakarrik  5.300 entzunalditik gora izan ditu. Agregatzaileetan  ere emaitza onak izan ditu. 14.500 bat klikaldi  orotara , IVOOX, Goolgle Podcast, Apple Podcast  eta  Spotifykoak batuz. Spotyfyko emaitzak dira nabarmentzekoak. 13.000 eta 700 klikalditik gora izan ditu "Artxipelagoa"k, urriaren 3an abiatu eta gaur arte.  Areago, 807 harpidetza lortu ditu bere aurreneko denboraldian. Urriaren 11n lortu zuen Estatuko edukien artean Top #69 postuan kokatzea. Estatuan euskarazko eduki batek inoiz izan duen emaitzarik onena da.

EITBPodkast, euskarazko podcastgintzan erreferente

Joan zen apirilean sortu zen EITBPodkast plataforma, gizarteak komunikabideak baliatzeko dituen joera berriei erantzuteko, eta euskarazko podcastgintzaren erreferente izateko. EITBko irratien eskaintza nahieran, gizartearen eskura eta erraz jartzea izan da helburu nagusietako bat. Halaber, aliantzak eraiki ditu EITBk proiektu honekin, euskarazko edukien biltoki izan eta eskaintza oparoa eta askotarikoa osatzeko.

Zentzu horretan, "Zaldi Urdina" audio-fikzio serie berria aproposa izango da oso euskalkiak modu jatorrean gozatzeko.                              

Albisteak (3)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (3)